Ekoetxea Añana-Sobron, ura ardatz nagusi
Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatzen duen Ekoetxea ingurumen zentroen sareak Arabako lehenengo espazioa irekiko du Lantaronen, Ekoetxea Añana-Sobron izenarekin. Zentroaren ardatz tematiko nagusia ura izango da, antzinako Uraren Museoan kokatuta dagoelako.

Ekoetxea sarea integratzen duten beste lau zentroei gehituko zaie Arabakoa: Urdaibai eta Meatzaldea Bizkaian, eta Azpeitia eta Txingudi Gipuzkoan. Martxoaren 22an inauguratuko da, Uraren Nazioarteko Egunarekin batera.
Gainera, sareari espazio berria gehituko zaio aurki Gatz Haranean: Ekoetxea Añana-Gatz Harana. Ekoetxea Añana-Sobron zentro berria osatuko du, eta, hortaz, Ekoetxea bakarra izango da Añanako espazioan, bi egoitzarekin: bata Sobronen eta bestea Gatz Haranean.
Ekoetxea Añana-Sobron asteko egun guztietan egongo da zabalik publikoarentzat eta ingurumen hezkuntzan espezializatutako langileek emango du arreta. Zentroan garatuko den jardun osoa Ekoetxea sarearen webgunean kontsulta daiteke, bai eta sare sozialen profiletan ere.
Arabako ingurumen zentro berriak programazio berezia antolatu du martxoaren 22rako eta 23rako. Lehen egunean adin guztietarako diseinatutako jarduera bereziak antolatu dira. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, ‘Ura ez da ura bakarrik’ uren dastaketarekin, Israel Gomez sommelierrak gidatua. Bertaratzen direnek zenbait lekutako urak dastatu ahal izango dituzte eta haien mineralizazio graduez, zaporeez eta sendatze erabilerez ikasi. Adin nagusiei zuzendutako jarduera dohainik izango da.
‘Uraren memoriak’
Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era, familiak gonbidatuko dituzte ‘Uraren memoriak’ ginkanan parte hartzera. Parte hartzaileak «uraren zaindari» bihurtuko dira, eta ginkanaz gozatuko dute urak modelatutako lurraldetik eta Sobrongo Bainuetxearen historiatik. Jarduera doakoa da eta 3 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.
Era berean, martxoaren 23an, 12:00etan, haurrek ‘Kantu Kantari, Ura Dantzari’ ipuin kontalari saioaz gozatu ahal izango dute. Jarduera doakoa da eta 12 urte arte haur eta gazteei zuzendutako dago.
Azkenik, 16:00etatik 17:30era, «bidaia sentsorial bat» eskainiko da Sobrongo haitzartetik, Neonymusen ‘La Dama del Lago’ ikuskizunarekin. Bertaratzen direnek artistaren polifoniez gozatu ahal izango dute ingurune natural paregabean. Jarduera hau ere doakoa da.