bidaiari - bidaia aldizkaria
Hiriak laburrean

Arequipa, Andeetako «hiri zuria»

Mayta Capac inka hain txundituta geratu omen zen haren edertasunagatik, ezen gerlariek geratzeko eskatu ziotenean hau esan omen baitzuen: «Ari, quipay» («Bai, geratu»). Arequipaz ari zen.

Sumendiak Arequiparen paisaiaren parte dira. (AandyK RAKOVSKI | Getty Images)

Arequipara hurbiltzen denak hiru sumendi ikusi ahal izango ditu aldi berean –Chachani, Misti eta Pichu Pichu–, Colcako arroilan Andeetako kondorren hegaldiarekin ikaratu ahal izango da, Peruko sukaldaritza tradizionala dasta dezake emakumeek kudeatutako benetako pikanteria batean, zentzumenak nola astintzen diren sentituko du San Camiloko azokan, eta Santa Katalina komentuko kaleetan barrena ibili ahal izango du, hiriko «hiri txiki» batean balego bezala. «Hiri zuriak», beraz, hamaika aukera eskaintzen dizkio bisitariari, ahalik eta gehien goza dezan.

Erdigune historikoa eta, zehazki, Armen Plaza, abiapuntu egokia izan liteke Arequipa lehen aldiz bisitatzeko. Peruko hiriko puntu neuralgikotzat hartuta, ibilbide propioa diseina dezake bidaiariak plazaren inguruan; alegia, plan kultural zein gastronomikoa.

Katedrala bisitatuz has dezake ibilbidea eta, bukatu, berriz, pikanteria batean, lasai-lasai eserita. Izan ere, aukera izango du gogokoena aukeratzeko, plazan bertan laurogeitik gora daudelako sakabanatuta; jakina, gehienak, ohiturari eutsiz, emakumeen esku.

Katedralean sartu eta barruko arkitekturaz gozatzea benetan merezi badu ere –adreiluzko gangaz eraikita dago–, kanpoaldea ere deigarria da oso. Fatxadak 70 zutabe ditu, kapitel korintoarra, hiru atari eta, alboetan, bi dorre altu eusten dituzten bi arku handi. Dorre artean estrategikoki kokatzen denak 5.000 metroko Mistir sumendi aktiboaren aparteko panoramika lortuko du. Irudi kuriosoa, benetan.

Katedrala bisitatu eta plazako arkupeen azpian eta inguruetan barrena presarik gabe pasieran ibili ondoren -ganga eta arku zuriko ehunka etxetzarren artean-, seguruenik eskertuko du tarte bat hartzea indarberritzeko. Eta horretarako ez dago pikanteria bat baino leku aproposagorik. Ez da damutuko rocoto beteak, izkira chupea eta, batez ere, ocopa eskatzen baditu, Arequipako bost plater tipiko onenen artean agertzen direlako beti zerrenda gastronomikoetan. Dena dela, arrakastatsuena, zalantzarik gabe, ocopa da; hau da, huacatay, kakahuete eta «ají mirasol»-arekin egindako saltsa pikantea, patata egosien gainean zerbitzatzen dena.

Sukaldaritza tradizionala, etxekoa eta andetarra dastatu ondoren –joera modernoen aurrean zapore-banku baten antzera pikanterietan bizirauten duena–, ibilaldiaren hurrengo geldialdia Santa Katalina monasterioa izan daiteke. 20.000 metroko gotorlekua da, kalexkak, fruta-arbolaz betetako plaza txikiak, eskailera ezkutuak eta patioak dituena, den-dena bi koloretakoa: gorri okrea eta zeru-urdina. Aurrez informatu gabe hurbiltzen direnak harritu egiten dira kale batzuek Espainiako hirien izenak daramatzatela ikustean; besteak beste, Sevilla eta Toledo.

Azokak eta begiratokia

Behin puntu horretara iritsita, aukera egokia izan liteke San Kamilo azokara hurbiltzea, benetako kolore eta zapore eztanda sentitzeko, baina, aukeran, batzuek nahiago izaten dute Carmen Alto begiratokiraino igo, bertatik bista ikaragarriaz gozatzeko, bidean egindako ahaleginaren ondoren. Hiria babesten duten hiru sumendi ikus daitezke: Chachani, Misti eta Pichu Pichu. Antza denez, bertakoek diotenez, Pichu Pichu Chachanirekin maiteminduta zegoen, baina Chachanik Misti maite zuen eta Mistik, berriz, Chachani; eta bere malkoekin sortu omen zen gaur egun atzean duen aintzira.

Sumendien atzean Colca harana ikus daiteke; Arequipara egindako edozein bidaiaren beste puntu interesgarria, zalantzarik gabe. Bidaiari asko Colca arroilara hurbiltzen dira, munduko sakonenetakoa (4.160 metro). Andeetako landarediaz gainezka, leku aproposa da bai adrenalina askatzeko, bai atseden hartzeko; batetik, muturreko kirolak egin daitezkeelako eta, bestetik, oinez paisaiaren edertasunaz goza daitekeelako edo inguruetako ur termaletan erlaxatu.

Andeetako kondorra

Klima pribilegiatua duen Colca haranean, llamak, alpakak, pumak, bikuinak eta mendilerroko beste animalia tipiko batzuk ikus daitezke habitat naturalean, baina bada bat bereziki arreta erakartzen duena: Andeetako kondorra, zeru izugarri urdin horietako protagonista nagusia. Hain zuzen ere, goizean goizetik antolatzen dira begiztatze-irteerak. Batzuetan, oso iheskorra denez, pazientzia izan behar da, baina itxaronaldiak merezi duela diote; batez ere, lekurik estrategikoenetan kokatzen direnen buruetatik oso hurbil hegan egiten dutenean.

Hala ere, batzuek ez dute kondorretara hurbildu nahi izaten, eta Silarriaren Ibilbidea aukeratzen dute. Harri bolkaniko zuria da, Arequipako arkitekturaren ezaugarri nagusi bihurtu dena. Bisitariak harrobietara sar daitezke Colorado mendixkatik abiatzen den ibilbideari jarraituz gero. Harria erauzteko, lantzeko eta zizelkatzeko prozesua ezagutu ahal izango dute.

Yanahuara begiratokia ere gertu dago; zalantzarik gabe, Mistira begira Arequipari adio esateko leku aproposa.