2022 OTS. 04 Charleston, esklabotzak aberastutako harribitxia Atlantikoko hiririk ederrenetakoa da Ameriketako Estatu Batuetan, bertako kaleek beste garai batera garamatzate urrats bakoitzean, herrialde honetan historia bizi-bizirik dagoela gogoraraziz. Gerra Zibila galdu zuen Hegoaldearen memoriak, film ugaritan ikusitako paisaiek eta klima epeleko kostalde zirraragarriak ezaugarritzen dute Charleston. Baita iragan izugarri gogorraren orbainek ere, esklabotza gaur amaitu balitz bezala. Spanish moss edo goroldioa zuhaitz-adarretatik zintzilik. Urtzi URRUTIKOETXEA (Argazkiak: U.U eta Getty Images) Ameriketako Estatu Batuetako esklabo-portu nagusia izan zen luzaroan Charleston, Afrikan bahitutako gizon-emakume eta umeekin zetozen ontziak bertaraino iristen ziren, eta haien lanak bihurtu zuen herrialdeko hiririk aberatsenetakoa. Giza-azoka kriminal haien memoria gogorarazteko lekua da Old Slave Market edo “esklabo merkatu zaharra”, hiriko barruti historikoan kokatua. Hiriaren fama eta aberastasuna esklabotzari esker lortu zela gogorarazten duen museo txiki, interesgarri eta, ezin uka, aztoragarria da egun. Ryan’s Mart izena izan zuen iraganean. Charlestonen aire zabalean egiten zituzten pertsonen enkanteak XIX. mendearen erdialdera arte eta hirian antzeko 40 leku izatera iritsi ziren. Iragan lotsagarri hori ezagutarazteko, hainbat argazki, testimonio lazgarri eta garaiko tresnak daude ikusgai museoan, zangoak lotzeko bilurrak edo bizkarra haragi-bizi jartzeko zartailuak, esaterako. Merkataritza izugarri haren protagonistak ere badute lekua txoko batean, eta tartean da Julian Zulueta euskal herritarra ere; Araban jaio eta Kubako merkataririk aberatsenetakoa bihurtu zen esklabo-trafikoarekin lortutako ondasunei esker. Charlestonen edertasuna oinez gozatzen da ondoen, barruti historikoa ezagutzeko modurik onena paseo gozagarri bat ematea baita. Etengabe ageri dira behinolako etxe dotoreak, atarietako galeria luzeekin; oharkabean ageri den harrizko kalexka luze batek ustekabeko altxorrak gorde ditzake. South of Broad gunea da, galtzadarrizko Auzo Frantsesarekin batera, hiriaren dotorezia ondoen biltzen duena, eta plazer hutsa da bertako kaleetatik ibiltzea. Barruti historikoko denda turistikoetatik urrats batera, King Streeten, antigoaleko piezak eta modako boutiqueak daude, eta batera eta bestera AEBetako Hegoaldeko zaporeak dastatzeko leku ugari. FIG jatetxe ezaguna da ziur aski dotore eta garestiena, baina AEBetako eskualde honetako gastronomia gozatzeko txokoak asko dira. Arte galeriak, taberna bitxiak zein saltoki bereziak ere ez dira falta. Broad Streeten zegoen tren geltokia hiriko azoka bihurtuta dago gaur egun, eta, giro berezia urte osoan egon ohi bada ere, udako egunetan eta asteburuetan musikariak ere izaten dira ilunabarretan. Azoketako askok teilatuan bertan dauzkate taberna eta jantokiak, hiriaren eta kostalde guztiaren sekulako ikuspegiak eskainiz. Udako egunetan bero egiten badu ere, ilunabarretan jende askok nahi izaten du gune pribilegiatu horietaz gozatu. Itsasora begira Itsasertzera iritsita, Waterfronk Park eta White Point lorategi eta bateria militarrak lotzen dituen E Bay kaletik abiatuta, hondartza txiki bat, galtzadarrizko kale ederrak eta hiriaren sinbolo den anana itxurako eskultura bat aurkitu ditugu. Aurrez aurre, uharte txikiak ageri dira ozeano zabalean. Irla horietako batek berebiziko garrantzia du estatubatuarrentzat. Izan ere, hiria eta eskualde guztia historiaz blai eginda badaude ere, Fort Sumter gotorleku-uharteak esangura berezia du: esklabotzaren amaiera ekarri zuen Gerra Zibilaren lehen tiroak bertan entzun ziren 1861eko apirilean, duela 150 urte. Charlestongo alde honetako lekurik ezagunenetakoa Rainbow Row edo “ostadar zerrenda” da; georgiar estiloko hamahiru etxez osatutako ilara koloretsuak 1730ean du jatorria, hiriko moilan ziren merkatarien saltokietan. Duela ehun urte berritu eta egungo itxura hartu zuen. Azokatik etorrita, pixka bat lehenago, Old Exchange & Provost Dungeon dago. XVIII. mendeko eraikin georgiar dotorea aduana-etxea izan zen; egun, garaiko arropez jantzitako antzezleekin tourrak egiten dira, eta ziegak ere bisitatu daitezke (mamu istorioen oso zale dira bazterrotan!). Etxaldeak Heyward-Washington House (AEBetako lehen presidenteak ostatu hartu zuen bertan), Nathaniel Russell House, Calhoun Mansion edo Edmondston-Alston House hiriko bihotzean paseoan aurkituko ditugun etxe dotoreak dira, Gerra Zibilaren aurreko garaikoak. Hiriko kalexketatik paseoan, Old Slave Market museoaren inguruetan gabiltzala, St Michael eliza agertuko da ezinbestean harro Broad Streeten. XVIII. mendekoa da hiriko tenplurik zaharrena. Bi mundu bereizi ziren, zalantzarik gabe, esklabo jabeen etxaldeetakoa eta esklaboena, baina batetik besterako eraginik ere izaten zen, lurrotako sinkretismo berezia erakusle. Eraikin dotore eta finen artean ibilian, detaile bati erreparatu diogu: etxe askotan atariko sabaia urdin argiz margotuta ageri da. Afrikatik esklaboek ekarritako sinesmenetako bat da urdin koloreak izpiritu gaiztoak uxatu eta etxetik urrun mantentzen dituela. Aiken-Rhett House Charleston hirian geratzen den plantazio bakarra da, eta, bertako etxaldea Gerra Zibilaren aurreko eraikinik esanguratsuenetakoa. Merkatari zuri aberatsen eta haien esklaboen bizimodua ezagutzeko toki egokia da. Edozelan ere, hiriaren kanpoaldeko etxaldeak askoz ikusgarriagoak dira, etxeengatik eurengatik bezainbat inguratzen dituzten lorategi eta pasealekuengatik. Magnolia Plantation da ziur aski Charleston inguruko etxalde bisitatuena. Spanish moss sahatsen gerizpean, film eta postal ugariren kokaleku izan da; aintzira eta uharkak zeharkatzen dituzten zubien gainetik, berriz, adi ibilita, kaimanak ikus daitezke. Beste berezitasun bat esklaboen etxeak dira. Lur jabe eta merkatarien etxe aberatsez gain, aberastasun horiek sortu zituzten esklaboen etxeak ere badaude ikusgai, eta zinez merezi du “Esklabotzatik askatasunera” txangoa egitea (sarrerako prezioaren parte da). Aro bakoitzean egurrezko etxeak zelan aldatu ziren ulertzeko modua ematen dute ikusgai diren lauzpabost etxeak: xumeenak, hasierakoak, esklabotzaren abolizioaren ostean langile gisa geratu zirenenak dira. McLeod kotoi etxaldea eta Boone Hall ere leku interesgarriak dira. «Gullah» kultura Egia esan, Charleston izugarri ederra da eta milioika estatubatuarrek bisitatzen dute urtero, baina inguratzen duen eskualdea ere zinez berezia da. Ibai, kanal, itsasadar eta uhartetxoz jositako paisaiak dira nagusi (lowland edo “herbehereak”); eta haritz edo altzifreetatik zintzilikatutako spanish moss edo Espainiako goroldio ikusgarriek are ederrago egiten dituzte inguruok. Gaur egungo AEBak ulertzeko 1861eta 1865 arteko Gerra Zibila eta esklabotzaren memoria ezagutzea ezinbestekoa bada, kontuan izan Hego Carolinako txoko honek historia horretako funtsezko leku ugari gordetzen dituela. Eta ezin ahaztu lurrotan oso kultura berezia garatu zela; AEBetan Afrikatik hurbilen dagoen kultura, hain zuzen. Gullah herria Hego Carolinako kostaldean eta parez pare dauden uharteetan bizi da; berez, Ipar Carolinan hasi eta Florida iparralderaino daude gullah komunitateak (geeche izena hartzen dute Georgian). Esklabo beltzen ondorengoak dira eta ingeles hiztunek ere sarritan ulertzen ez duten kreolera berezia hitz egiten dute. Merezi du gullah herriaren sukaldaritzaz gozatzea ere. Eskualdean gullah kulturaren berri ematen duten hainbat museo daude. En el recorrido por el elegante edificio hemos observado un detalle: en muchas casas el techo del portal aparece pintado de un azul claro. El color azul es una de las creencias de los escualos desde África, que disipa los malignos.