2022 OTS. 04 Norvegiako fiordoetan, orka artean Urria eta otsaila bitartean, orken eta balea konkordunen babesleku bihurtzen da Ipar Norvegia, fiordoetara hurbiltzen baitira sardinzar bila. Alabaina, azkenaldiotan, klima aldaketaren eraginez, zetazeoek iparralderago emigratu behar izan dute gustukoen duten jakia lortu ahal izateko. Orkak, Norvegiako fiordoetan. (Olivier MORIN | AFP) Olivier MORIN Zero azpitik hiru gradura, Ipar Norvegiako urak tenperatura ezin hobea du sardinzarrentzat. Alabaina, orkak eta balea konkordunak atzetik izaten dituzte, zetazeo hauek gogokoen duten jaki bila hurbiltzen baitira fiordoetara. Ahalik eta gehien harrapatzeko, gainera, teknika garatua erabiltzen dute: orkek sardinzar multzo bat inguratzen dute, ur azalerantz arrastatuz, eta ondoren zorabiatu egiten dituzte beren ur-hegal indartsuen laguntzaz. Harrapaketak irudi benetan ikusgarriak sortzen ditu fiordoen labarretako silueta elurtuen azpian. Undersea Soft Encounter Alliance elkartearen sortzaile Pierre Robert de Latour-ekin goaz orka behaketetarako egokitutako ontzi berezi batean, eta berak ematen ditu azalpenak eta xehetasun kuriosoak ontziak ur hotzetan aurrera egin ahala: «Harrapaketaren ondoren, otordua banatzen dute. Baina –azpimarratu du– arrautzak, haragia eta ernal-hazia bakarrik aprobetxatzen dituzte. «Hala ere, nahikoa dute, oso erraz ehiza daitekeen elikagaia delako, kantitate handian eskuragarri dagoelako eta, horrez gain, oso energetikoa delako». Orain arte erabilitako harrapaketa metodoa aldatu ez den arren, ohitura batzuk egoera berrietara egokitu behar izan dituzte; izan ere, uraren tenperatura berotzen ari da nabarmen, urtetik urtera, eta, horren ondorioz, duela urte batzuk, Lofoten uharteak utzi eta iparralderago migratu behar izan zuten, egoki ugaltzeko sei gradutik beherako urak behar dituztelako. Eta, noski, orkak segika joan zitzaizkien. Migrazio-zirkuituaren aldaketa «Sardinzarraren migrazio-zirkuituaren aldaketa atzeman genuen. Eta pentsa daiteke uraren tenperaturaren igoera eragin duen klima aldaketak bultzatu dituela sardinzarrak iparralderantz», azaldu du Pierre Robert de Latourrek. Eta serio ohartarazi du jarraian: «Gero eta iparralderago joaten saiatuko dira eta, azkenean, joera aldaketak hondamendi ekologikoa eragingo luke balea, orka, itsas txori eta bakailaoarentzat». Paradoxikoki, Norvegiako kostaldean bizi diren orken populazioa hazten ari dela dirudi. Pierre Robert de Latourren kalkuluen arabera, 1.500 ale daude, duela bi hamarkada baino bi aldiz gehiago. Ingurua, bere ustez, «benetako haurtzaindegia da, baliabideen ugaritasunari esker». Zientzialari batzuen ustez, Eskandinaviako iparraldetik Svalbard artxipelagora eta Groenlandiako itsasertzera arteko eremuan 3.000 orka daude; eta, gainera, inguru hori irisgarriago bihurtzen ari da itsas izotza gutxitu ahala. Dena den, klima aldaketa ez da orken etsai bakarra. Bada besterik; adibidez, arrantza eta zetazeoak behatzeko haien ondoan urpean igeri egiteko elkarte pribatuek ontziratutako turistak. «Azken hamarkadetan lehian dira orkak eta arrantza-ontziak sardinzarren harrapaketan», gogorarazi du Tromseko Itsas Ikerketarako Institutuko ugaztunei buruzko ikerketa-zuzendari Tore Haug-ek. Ekoturismoarten moda Ekoturismoa, jakina, modan dago eskualdean. Ez da arraroa hamarka urpekariz betetako ontziak fiordo berean ikustea, zetazeoetatik oso metro gutxira. Hurbilegi, bere ustetan. Dena dela, akaso masifikazio hori desagertuz joango da, Tore Haugek aurreratu duenez, «Norvegiako buruzagiek gai horri buruzko araudia ezartzeko asmoa» dutelako. Egia esan, «zetazeoak behatzea metodo egokia izan daiteke herritarrak sentsibilizatzeko; hau da, ezagut dezaten animalia horiek nolakoak diren eta ozeanoetan nola bizi eta moldatzen diren. Alabaina, gehiegikeriek, epe ertainean, kalteak ekar ditzakete», aitortu du de Latour gidari naturalistak.