2022 UZT. 01 Munduari begirada Harribitxi arkeologiko gehiago Saqqarako nekropolian, Kairoko hegoaldean, momiak dituzten 250 sarkofago eta brontzezko 150 estatua aurkitu dituela jakinarazi berri du Egiptok. Azkenaldian eskualdean egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa omen da. Saqqarako gune arkeologikoa Djeser faraoiaren piramide mailakatu famatuagatik ezagunak diren Gizako piramide ezagunetatik 15 kilometrora dago. K. a. 2700 urtean eraiki zuen Imhotep-ek, munduko arkitekto zaharrenetakotzat jotzen denak. Hain zuzen ere, bertan aurkitutako 150 estatuen artean, Imhotep arkitekto, bisir eta medikuaren estatua bat dago. Harri landuzko eraikuntzaren asmatzailea izan omen zen Imhotep, antzinako munduan «arkitektura irauli» omen zuena, Egiptoko Antzinako Gauzen Kontseilu Goreneko zuzendari Mostafa Waziri-ren hitzetan. Wazirik berak ziurtatu du Imhotepen hilobia aurkitzea dela misio arkeologikoaren helburu nagusietako bat. Imhotepen estatuaz gain, brontzezko beste batzuk aurkitu dituzte, Egiptoko panteoiko jainkoak irudikatzen dituztenak: Osiris, Isis, Hathor, Amon Min, Nefertum eta Anubis. Eta, horrez gain, barruan momiak dituzten zurezko 250 sarkofago ere agertu dira. Horietako batean, papiro ukigabe eta zigilatu bat aurkitu zuten arkeologoek eta Kairoko egiptoar museoko laborategira bidali zuten berehala, zaharberritu eta azter zezaten. Bederatzi metro inguruko luzera du eta baliteke Hildakoen Liburuko kapituluak biltzea. 2021eko urtarrilean altxor arkeologiko berriak aurkitu zituzten Saqqaran; horien artean, 3.000 urtetik gorako Inperio Berriko 50 sarkofago. Agintarien esanetan, aurkikuntza horiek guztiek garai horretako «historia berridazten» lagunduko dute. Baita turismoa berpiztu ere. Khaled DESOUKI | STF