2022 AZA. 04 Far North, Antipoden mugaldea Ozeanoaren erdian dagoen leku galdua, Tasmaniako itsasoa eta Pazifikoa bereizten dituen kai-mutur naturala da Far North, gizakiak denbora ahazten duen gunea, haizearen adiskide bihurtzeraino. Hark bultzaturik, duna izugarrietara igo eta tonboloak zeharkatuko ditugu hondartza amaigabeetan. Hokiangako dunen ikuspegi xarmagarria. Xabier BAÑUELOS Xabier BAÑUELOS Ozeanoko brisa dabil, haizeen noranzkoa aldatu aurretik. Te Rerenga Waitua-tik gora egiten du, aparrezko eta harkaitzezko muinoak saihestuz, eta gure azala laztantzen du, izara azpian elurrezko esku bat balitz bezala. Haren igarotzeak hotzikarak eragiten ditu ariman, dardara atsegin eta zirraragarri bat, zeinak lainoak estalitako zerumugarantz begiratzera bultzatzen gaituen. Eguzkia sartzeko ordu batzuk falta dira oraindik. Bidean aurrera egiteko ahaleginean dabil argia. Eta, arratsaldea estaltzen duen errezela zeharkatzea lortzen duenean, tul eta parpailen nahas-mahasa sortzen du. Une horretan badirudi Cape Reinga-ko itsasargia espirituekin dantzan ari dela, horiek manawatawhia beren azken arnasa balitz bezala bota eta beste mundura joan baino lehen. Maorien sinesmenaren arabera, pertsona bat hiltzen denean, haren espirituak, wairua-k, bere azken bizilekura iristeko bideari ekiten dio. Ibilbide sakratu hori Te Ara Wairua da, eta bide horretan ibiliko da, harik eta abiapuntuan, Te Reingan, itsasoarekin topo egin arte. Han whakaau bat, bere seinalea, utziko du; maskor bat (kostakoa bada) edo hosto bat (basoetatik badator). Ondoren, bere uharteari azkenengoz begiratuko dio eta mundu materiala utziko du, Hawaikira itzultzeko, polinesiar herriaren alfa eta omegara. Cape Reinga lurmuturra. Izena maori "Reinga" hitzetik dator, "azpimundua" esan nahi duena. Maoriz ere, "Te Rerenga Wairua" esan ohi diote: "espirituen aireratze-lekua", hemendik abiatzen baitira beste mundura. Xabier BAÑUELOS Itsasargiaren ondoan, Zeelanda Berriko kostaldearen zati iparraldekoenaren gainean, azken mugara iritsi gara. Bere muturrean, Kapa Wairoa-ko badia txikia ixten duen azken arroka puskan, Te Aroha, arimen zuhaitza, maitasunaren arbola, zutitzen da. Ozeanotik harago, dena eta ezer ez. Honaino iristeko, guk ere geure bidea egin behar izan dugu, ustekabeko paisaiez gozatuz. Auckland-en hasten da ibilbidea eta 600 kilometro ditu Northland penintsulako kostaldean zehar, Far North zeharkatuz eta Aupouri penintsulan jarraituz, Ozeano Barearen eta Tasmaniako itsasoaren artean dagoen tonboloan aurrera eginez. Iparraldearen hegoaldean Northlandeko barnealdea tontor handirik gabeko landazabal ondulatuz beteriko paisaia da. Bere klima bezain leuna da, muturreko ezaugarrik ez duena, eta hain da neurritsua, ezen bere biztanleek “Negurik gabeko iparraldea” esaten baitiote. Bere kostaldeak elkarren artean oso desberdinak dira. Ekialdekoa modu basati eta irregularrean apurtzen eta banantzen da, lurmuturren eta lurraren tolesturen artean ezkutatzen diren zoko eta badiak sortuz. Mendebaldekoak, berriz, marrazketa-lumarekin trazatua dirudi, Tauroako kai-muturrak eta haren duna-eremu ederrak banatutako bi zatitan. Iparralde Urruneko muga zeharkatu baino lehen, Paikiri hondartzan geldituko gara, bertako txenadek, itsas mikek eta zinemaskopean ageri diren uharte ugariek erakarrita. Mendebaldera igarota, Matahoke-ra joango gara Kauri museoa bisitatzera. Hala, ezin hobeto prestatuko dugu hurrengo geldialdia; Far North-en egingo dugu hori, Waipoua basoan; izan ere, duela urte gutxi arte, kauri zuhaitza (Agathis australis) zen lur horietako benetako erregea. Latitude horietako espezie endemikoa zen, eta baso mistoak osatzen zituen. Bere itxura zuzen eta ikusgarriak, sekuoiekin lehiatzeko gai zenak, txiki egiten zituen podokarpus espezie desberdinak zein taraireak eta tawak. Waipoua basoa, bizirik dauden kauri zuhaitz handienak izateagatik nabarmentzen dena. Xabier BAÑUELOS Baina ia desagertzeraino moztu zituzten, eta gaur egun baso txikietan gutxi batzuk geratzen dira. Waiopuako behatokitik ez oso urrun, bidezidor batek oihanartean barneratzen gaitu, Tane Mahuta-ri, “Basoko Jauna”-ri ohore egiteko; gaur egungo handiena da, 51 metroko altuera eta 4,4 metroko diametroa duena. Ez dago oso urrun Te Mataua Ngaere, “Basoaren Aita”, zertxobait txikiagoa baina zaharragoa, eta, aditu batzuen arabera, lau milurteko dituena. Kostaldeko lerroa, Kaipara Harbour badia itxitik abiatzen den hondartzaz beteriko lerro zuzena, bat-batean, basotik kilometro batzuk iparraldera egindakoan, Hokiangako estuario sakonak hausten du. Pakia Hill-en gainaldetik, Omaperera iritsi aurretik, itsasoaren sarrera hareazko mokoa duen dortoka handi baten ahoa bezala irekitzen da; Te Pouahi-ko dunak dira. Ferrya apur bat ekialderagotik ateratzen da. Beste ertzera eramango gaitu Rawenetik, biraka jarraitzeko, silizeak eta gatzak irensten gaituzten arte. Iparraldearen iparraldean Harea eta itsaso betekada hori Ahipara badiara iristean hasten da. Tauroako duna horien azpian, Shipwreck Bay-ko (Te Kohanga) olatuak paraleloki lerrokatzen dira surflarien gozamenerako. Lehorrean, herrialdeko hondartza ospetsuena jaiotzen da, Te Oneroa-A-Tohe edo Ninety Mile Beach, Aupouri penintsularen mendebaldeko hegal osoa hartzen duen “90 miliako” hondartza. Berez 55 dira, baina horrek ez dio ikusgarritasunik kentzen. "90 miliako" hondartza edo Ninety Mile Beach, Aupouri penintsulan. Xabier BAÑUELOS Hondartza luze eta bakarti horren konpainia bakarra itsaso irekia da, infinituan galtzen dena, urre-koloreko kosta-lerroaren ondoan. Etengabe hara-hona dabilela, urak zeruak eta hodeiak islatzen ditu ispilu-xafletan, urre-ogizko hondoaren gainean. Hari begiratzea gozamena da, eta 4x4 batean zeharkatzea, sekulako abentura, Te Paki Stream-eko hareazko mendietako paroxismoa helmuga izanik. Hamar kilometroko luzera bider kilometro bateko zabalera, 150 metroko altuera gainditzen duten duna erraldoiek estalita. Mendebaldeko haizeek ekarritako harea da, itsasoaren eta landarediaren artean metatua, eta ustekabeko erg (hondar-eremu) neurrigabea osatzen du. Te Paki-ko dunak (Aupouri penintsulan). Xabier BAÑUELOS Hondartzaren atzean, Maria van Diemen lurmuturraren tonbolo ederrean itsasertza tolesten duen urautsi bat zabaltzen da. Manawatawhiak, haize bihurtuta, gidatuko gaitu hemendik Reingako itsasargira. Sandy, Tapotupotu, Piwane eta Takapaukura badia bakartien gainetik hegan goaz, Hikura edo Survilleko labarretara iritsi arte. Han aurkituko dugu, azkenik, behin betiko iparra, iparraren iparra. James Cook-en North Cape-n edo maorien Otou-n amildutako iparraldea da. Paisaia bereziz, kostalde eta duna malkartsuz eta mitologia aberatsez betetako herrialdea da Zeelanda Berria; izen ezin egokiagoa jarri zioten hango biztanleek, maoriek: Aotearoa, “hodei zuri luzearen lurraldea”. Gure itzuleran, kostaldea zuloetan eta zatietan apurtzen da, profil torturatuak marraztuz, baina nabigatzaileentzako atsedenlekuak, badia eta senadiak sortuz; Parengarenga, Houhora, Rangaunu eta Whangaroa, esaterako. Horrela, Bay of Islands-era iritsi arte. Badia ero eta urratua, malkarrez eta txokoz betea. Xarma eta emozioa da, edertasun labirintiko eta kaotikoa, eta, onerako edo txarrerako, gizakiak otzandu egin du eta belaz, gilaz eta lemaz betetako paradisu bihurtu du. Bay of Islands-en ikuspegi dotorea. Xabier BAÑUELOS Baina uharteetako badiak historiaren pisua ere badu, XIX. mende hasieran Zeelanda Berri modernoa sortu zenekoa, alajaina! Kororareka Bay-ko olatu ezin lotsatiagoek bustitzen dute Russell. Tauiwien lehen kokaleku iraunkorra izan zen artxipelagoan. Hala deitzen zieten maoriek lehen baleazaleei, foka-ehiztariei eta, ondoren, kolonoei eta misiolariei; alegia, uhartera, gure antipodara, baimenik eskatu gabe iristen ziren azal argiko eta aurpegian tatuajerik ez zuten izaki arrotzei. Kolonia berriko lehen hiriburu bihurtu zen, geroago haien ondorengoek (pakeha) estatu bihurtuko zutena. Oraindik ere kutsu kolonial horri eusten dio giro lasaiko eta aisiarako herri txikiak. Waitangi eremuan, maorien bilera etxe tradizionalaren barrualdea. Xabier BAÑUELOS Benetako turismo-zentroa Paihia da eta ferryz irits daiteke Russeletik. Jatetxeak, ontziralekuak eta merkataritza-guneak aurkituko ditugu hor. Baina historia ere badu; Waitangi-n sinatu zuten britainiarrek eta maoriek 1840ko ituna, zeinak batzuk eta besteak Victoria erreginaren mendekotzat berresten zituen. Treaty Grounds museo-gunean ikus ditzakegu Treaty House (Itunaren Etxea), Te Rau Arohan eta Te Kongahu museoak, Te Whare Runanga maorien bilera-etxea, eta Ngatokimatawhaorua, munduko waka (kanoa) zeremonial luzeena. Memoriala Treaty House-ren aurrean dago: herrialdeko bandera astintzen duen itsasontzi-masta bat da, eta belazurrunaren alde banatan, berriz, Erresuma Batuko eta Zeelanda Berriko Tribu Batuen banderak daude. Zubia Waitangi basoan. Xabier BAÑUELOS Waitangi basoan barrena pasalekua. Xabier BAÑUELOS Itzulerari ekin aurretik, Waitangiko basoan naturaz gozatzeko beste aukera bat izango dugu. Bere zubi, pasabide eta bidexketatik mangle bihurrien eta espezie exotikoen hostotza nahasian barneratuko gara, eta Haruruko ur-jauzi txiki baina ederretara iritsiko gara. Han kiwi marroi zaputz (Apterys mantelli) ugari dago oraindik. Orain, bai, prest gaude atzera buelta egiteko. Gure Te Ara Wairua partikularra joan-etorrikoa da, eta gure espiritu hilgarri eta mundutarra abiatu ginen tokian bertan utziko du: Auckland modernoan eta zibilizatuan. Baina paisaia bereziz eta mitologia aberatsez betetako etapa zoriontsua baino ez da izan, Aotearoa (Zeelanda Berria maorieraz), “Hodei zuri luzearen lurraldea”, ezagutzen jarraitzera bultzatzen gaituena. Haruru ur-jauziak Waitangi ibai eder eta baketsuan kokatzen dira, haran ezkutu batean. Xabier BAÑUELOS GIDA PRAKTIKOA Noiz joan Iraila eta abendua bitartean eta martxoa eta ekaina bitartean. Zenbat denbora. Lau egunetik sei egunera, artxipelagoan barna bidaia zabalagoa egiteko. Badaezpadako neurriak. Hareatzak autoan gurutzatzeko tentazioa izaten da beti, baina kontuz ibili behar da mareekin eta harea ez-trinkoko eremuekin. Izan ere, alokairuko enpresa gehienek berariaz debekatzen dute, 4x4 ibilgailua izan ezean. Ibilaldi antolatuan ere egin daiteke. Jarduerak Ninety Miles Beach-eko puntu batzuk surfean aritzeko herrialdeko onentzat hartzen dira. Duna-eremuetan, bereziki Te Paki Stream-en, jende askok sandboarding-a egiten du.