2024 EKA. 07 Ratisbona, Danubio ertzeko diamantea Ratisbona Alemaniako hiri ederrenetako bat da. Gizateriaren Ondare izendatu zuten eta Europako Erdi Aroko alde zahar onenetakoa gordetzen du. Multzo gotiko ederra da, jarduera handiko kaleak dituena. Xabier BAÑUELOS Gehiegi esatea ote da Ratisbona Bavariako hiririk ederrena dela? Baietz erantzutea arriskutsua da, hori egin ahal izateko, guztiak ezagutu beharko genituzke eta. Gainera, edertasuna ez da batere objektiboa; pertsonala eta besterenezina da. Nolanahi ere, ziur egon gaitezke, huts egiteko beldurrik gabe, Alemaniako hegoaldeko lander horretara bidaiatzen duena hiri txiki horrekin liluratuta geratuko dela. Berau da Goi Palatinatuaren eskualdeko hiriburua eta Gizateriaren Ondare izendapena dauka. Regensburg-ek –alemanezko izena– 150.000 biztanle besterik ez ditu; Bavariako laugarren hiria da. Baina tamainaz apala den bezain bizia eta alaia da. Alde horretatik, hegoaldeko estatu katolikoaren alaba ona da, iparraldeko Germania protestanterik serioenaren ondoan. Gaztez betetzen duen unibertsitate-bizitza mugitua du eta kultura-bizitza aktibo eta erakargarria, eta horiek bere kutsu informal hori areagotzen dute. Ikasle mugimendu horrek, urtean zehar hainbat jarduera izateak eta bestelakoek, hots, azokek, oinezkoentzako kaleek eta iraganetik jasotako bitxiek, ez dute bertan aspertzeko aukerarik uzten. Xarma handikoa da, baina handipuzkeriarik gabea, xaloa. Gainera, ibai batek beti dotoretzen du hirigune bat, eta Danubio ibaiak zeharkatzen duenez, erromantizismo ukitu bat ere badu. Ratisbonak, ordea, ez du ibai bakarra, hiru baizik, Europako ibai luzera bi ibaiadar heltzen baitira ibaiertz banatatik: Naab mendebaldean eta Regen erdigunean bertan. Elementu horiekin guztiekin, artifizialtasunaren bekatuan eror liteke, baina ez. Arduraz zaindutako Alde zaharrak, adibidez, naturaltasun ukitua du. Museo edo parke tematiko bat izatetik oso urrun dago; ez da koadro bat diruditen beste herri batzuk bezalakoa. UHARTEETATIK ERDIALDERA Danubio ibaiaren ibilgua bi uharterengatik adarkatzen da, Regen ibaiaren bokalearen parean. Lehena Oberer eta Unterer Wöhrd auzoak hartzen dituen lur-zizare bat da. Bertako parketik, ekialdeko muturrean, ibaiertzetik Inselpark-eraino joan gaitezke, mendebaldeko muturrean. Bigarren uhartea, berriz, artifiziala da. Nolabait, Bilboko Zorrotzaurre gogorarazten digu. Hiriaren iparraldetik bereizi zen, Rhin, Main eta Danubio arteko Europakanala eraikitzeko. Ibai-ibilbide horrek kontinente zaharra zeharkatzen du, Ipar Itsasoa Itsaso Beltzarekin lotzeko. Mozketa hark uharte bihurtu zuen Stadtamhof auzoa; etxe koloretsuen multzoa da, non bizitza korrontearen erritmoan gertatzen baita, presarik gabe. Edertasun lasaia eta zuhurra du, tarteka bitxia tarteka neurritsua, non St. Andreas und Magnus monasterioko elizak bere barruko rokokoa eta dorrearen kanpai-formako teilatu berdea luzitzen dituen. Handik ez oso urrun daude Andreasstadl, apaindura gutxikoa, eta St. Katharina, gotiko kutsukoa, baita hiriko aire libreko garagardotegi animatuenetako batzuk ere. Antzinako zaporea duen alde zaharrera iristeko, Steinerne Brücke-ren hamasei arkuak gurutzatu beharko ditugu. XII. mendeko Harrizko Zubi horri esker zortzi mendetan Danubio ibaiaren bi ertzak salbatzea lortu zen. 1930etik aurrera berriak eraiki ziren, eta, hain zuzen, ikuspegi onena lortzeko toki ezin hobea da Eisemer Steg edo Burdinazko Zubia; handik postal ederra eskura dezakegu, hondoan katedrala, Brücturm-a –bere arku eta erlojuarekin–, Salzstade edo XIII. mendeko gatz-biltegia eta kai luzeko eraikin zaharrak dituela. Hala ere, Steinerne Brücketik bertatik atzemango dugu ikuspegi kutunagoa, bizia eta mugitua, bertako eta atzerriko ibiltari ugariei esker; zehazki, punturik altuenetik, non katedralera begira dagoen gizon baten estatuak, Bruckmanl delakoak, azaltzen baitu zergatik ez den zuzena. Kondairaren arabera, zubiaren eta tenpluaren arkitektoak lehian ibili ziren obra lehenago nork amaituko. Zubiarenak deabruari laguntza eskatu zion, eta hura zeharkatzen zuten lehen hiru arimak Infernurako izango zirela hitzartu zuten. Luziferrek hitza bete eta ordaina eskatu zuen, baina arkitektoak apaiz bati aholkua eskatu ondoren, oilar bat, asto bat eta txakur bat zubitik pasarazi zituen, zeintzuen arimak Beltzeburen erresumara joan ziren. Honek burlatzat hartu, eta mendekua hartzeko zubia okertu zuen. Esaten denez, estatuak zubiaren arkitektoa irudikatzen du, katedraleko obrak zaintzen. ALDE ZAHARRA Ratisbona II. Mundu Gerrak suntsitu ez zuen Alemaniako hiri garrantzitsu bakanetakoa da. Bere ondare arkitektonikoari osorik eutsi dio Alpeen iparraldeko Erdi Aroko hiririk handiena den honek. Pinoiz zipriztindutako eta kolorez beteriko hiri gotikoa da, baina barrokoko bitxi batzuen baimenarekin. Baina bere historia askoz lehenago hasten da, zeltek Radasbona sortu zutenean. Ondoren, erromatarrek hartu zuten, eta Marko Aurelioren garaian Castra Regina altxatu zuten. Garai hartatik Pretoria Atea eta harresi zaharraren hondakinak gordetzen dira, geroagoko eraikinetan txertatuta. Hala, Joan Austriakoa eta Kepler hiltzen ikusi zituzten kaleetan barrena gabiltza. Ibili eta ibili, zeren ikus daitekeenaz gain, horiek guztiak oinez gabiltzala ikusteak du benetako xarma. Hiria oinezkoentzat da, eta, garai karolingioetan, hiri aske inperiala zenean, gertatzen zen bezala, gaur egun ere gune komertziala da, non luxuzko dendetan eros dezakegun, bai eta saltxitxak jan Europako jatetxerik zaharrentzat jotzen denean, Historische Wurstküche izenekoan, 1446tik etengabe irekia. Eraikin erlijioso nabarmenena katedrala da, Bavariako gotikoaren adierazgarri onenetako bat. Baina umezurtz geratuko ginateke, beste hiru tenplu bisitatu ezean. San Jakobo eliza basilikala XII. mendeko erromanikoaren adibide bikaina da, bereziki Schottenportal beltza, hots, Ate Eskoziarra, eta haren portada sinestezina. Alte Keppelle, hots, Andre Mariaren Jaiotzaren Basilika, da Bavariako elizarik zaharrena. Karlomagnoren garaikoa da, baina XVIII. mendean barrualdea rokoko kontinentaleko maisulana bihurtu zen. Azkenik, San Emeranoko abadia beneditarra, hasiera batean VIII. mendean eraikia eta gaur egun Thurn eta Taxis leinuaren jauregiaren eta izen bereko basilikaren artean banatua. Bereziki atsegina da jendearen eta harrien aniztasuna zein natural konbinatzen diren esperimentatzea. Bertako eta kanpoko ikasleek, Erasmus ikasle askok barne, ibaiaren ondoko kaleak hartzen dituzte asteburuetako ilunabarretan; azokak goizetan aktibatzen dira, eta plazetan eta dendetan bisitari eta bizilagunak inurriak bezala ibiltzen dira taberna eta erakusleihoetan. Bere urratsen gainean, dorre patrizioak antzinako handitasunaren itsasargi gisa altxatzen dira; bizirik diraute etxe nobleak beren boterea erakusteko altueran lehiatzen ziren garaitik. Horien artean, 1260ko Goldener Turm (Urrezko Dorrea) nabarmentzen da. RATHAUSPLATZ TXIKIA Handitasun horien lekuko da, halaber, Gasthof zum Goldenen Kreuz (Urrezko Gurutzearen Ostatua), non Karlos V.a enperadoreak Barbara Blomberg ezagutu baitzuen eta haien maite-jolasek Joan Austriakoaren sorrera ekarri zuten. Bereziki interesgarria da Rathausplatz txiki eta triangeluarra. Bertan Altes Rathaus dago, Udal Zaharra, XIV. mendeko eraikin gotiko eta errenazentisten multzoa, gaur egun Dieta Inperialaren Museoaren edo Reichstagsmuseum-en egoitza dena. Gune animatua da, eta seguru asko kalerik kale ibiliz iritsiko gara, Ratisbonak eskaintzen digun jarduera atseginenetako bat baita. Merezi duen Erdi Aroko hiri orok bezala, bere hiri-trazadurak badu zerbait labirintikoa, galtzera gonbidatzen duena, baina ez hegoalderago dauden hiriek bezainbeste. Diotenez, Alemaniako hiririk “italiarrena” da, eta, gainera, Bavarian dago, Alemania ez hain alemanean, baina ezin du ezkutatu izaera teutoniko ordenatua. Kalez kale jarraitzen dugu, eta hiriari dotorezia eman zioten aristokrazia eta burgesia haren aztarnak aurkitzen ditugu bidean. XIII. mendeko Goliat etxea eta XVI. mendean margotutako “Goliat eta David” fresko erraldoia ikusi ditugu. Adler Aphoteke-n ikusiko dugu nolakoa zen XVII. mendeko farmazia bat; eta, Errege Etxearen eta haren lorategien freskotasunaren ondoren, Ostentor arkuaren azpitik pasatuko gara, erdialderako bidean. Hor Neufarplatz dugun zain, zeinak goizeko merkatuaren zalapartaren ondoren, terrazak irekiko dituen, ondo merezitako garagardo bat har dezagun. Ratisbona II. Mundu Gerrak suntsitu ez zuen Alemaniako hiri garrantzitsu bakanetakoa da. Bere ondare arkitektonikoari osorik eutsi dio Alpeen iparraldeko Erdi Aroko hiririk handiena den honek