2024 IRA. 06 Euskal basafauna, argiaren mugetan Egunsentiak eta ilunabarrak argiaren mugak zehazten dituzte. Iraupen motzeko denbora tarte horietan sinbiosi bereziak gerta daitezke. Aurreneko mendizalea baino lehen egunsentian goiz ibiliz gero, edo etxeratzeko bidean denbora luzatzen baduzu, une magikoak sor daitezke. Joseba Alberdi Zortearen konplizitatearekin animaliak eta argazkilariak bidelagun bihur daitezke, argiaren mugetan magia sortuz. Mozoloa eraikin zaharrean Zelaiez inguratutako eraikin zaharrak dituzte gogoko mozoloek. Babesa eskainiko die eta beren zirrikitu edo teilapeetan egingo dute habia. Nahiz eta egunez ere ikusi daitezkeen, aukera gehiago sortzen dira egunsentian edo ilunabarrean. Itxaronaldi baten ondoren agertu zen eta segundo batzuk egin genituen elkarri begira. Gutxi, baina, hala ere, nahikoak argazkia lortzeko. Oreina Gorbeian Ar handi hau orroaldian bere eme taldea gauez eta egunez zaintzen zebilen. Beste arrei mehatxu eginez, urruti mantenduz eta orro ozenak lau haizeetara zabalduz, mendiko erregea bailitzan. Urtero jausi eta sortuko zaizkion adarrak sekula baino beharrezkoagoak izaten ditu eztei garaietan. Borrokarako armak. Urubia Eguna amaitzen ari zen, baina lanetik irten eta etxera joan aurretik basoan nituen kamera tranpak gainbegiratu nahi nituen. Argazki kamera eskuetan, pagadia alde batetik bestera zeharkatu nuen eta adar batean, elegante, urubia aurkitu nuen. Nire presentzia ez zitzaion axola. Zerbaitek erakartzen zuen eta gainontzekoak ez zion axolarik. Baliteke saguren bati begira egotea, hurrengo bazka izan zitekeena. Orkatza pagadian Zaunka lehor batek adierazi zidan basoan ezohiko zerbait igarri zuela orkatzak. Nahiz eta nire kamuflajeak ez zion garbi adierazten zer zen. Iturrigorriko pagadietan agertu zen elementu arraro hura; zaunka eginez markatu nahi zuen berak agintzen zuela. Eguna bukatzear zen eta argia oso behetik zetorren. Kuriositateak eta bere eremua defendatzeko senak bultzatuta, oso metro gutxitara hurbildu zitzaidan, momentu ahaztezinak eskainiz. Saia eta ilargia Gaueko loaldia Atxarte inguruneko balkoi eta arroka zuloetan egiten dute sai arreek. Lekurik onenak hartuta badaude, beste bat topatu behar. Betiere, ihes egiteko aukera azkarra eskaintzen duen lekua. Ilargia igotzen zen bitartean, sai honek arroka punta hau hartuta zeukan, eta ikuspuntua lerrokatzea besterik ez nuen egin behar izan. Azeritxoa pulpituan Udalatxetik jaisten ari nintzen. Ilundu baino lehen ez nintzen iritsiko kotxera. Mendiaren magalean nindoan behor eta moxalen artetik, eta behetik gora azeri bat zetorrela ikusi nuen. Hobeto begiratu eta bi zirela ohartu nintzen. Ama bat gazte batekin. Gaztea oraindik etxetik bota gabe zegoen eta, amari igurtzi batzuk egin ondoren, harkaitz baten gainera igo zen, behera begira. Lurrean etzanda nengoen behorren artean eta azeriek ez ninduten ikusi. Modelo bat bailitzan, niretzat propio posatu zuela iruditu zitzaidan. Katajineta gauerdian Argi mugetatik haratago joan nahi denean, teknologiaren laguntza behar izaten da. Mugimendu sentsoreetan oinarritutako sistema eta argiztapen artifiziala erabiliz, mugak gaindi daitezke. Saiakera askoren ondoren, katajineta espero nuen lekutik pasa zen eta kameran izoztuta gorde nuen. Okil beltza Lotara etorri zen okil beltz arra. Okilen artean ohitura den moduan, umeen ardura gauean arrak hartzen du, baina, habira sartu ondoren, azken gainbegirada egitea gogoko izaten du askotan. Horrela, dena kontrolpean dagoela ziurtatuta, lasaiago erretiratzen da. Begirada motz bat eta barrura, ezkutura. Epelean gau gozoa habiko guztientzat. Okilaren aurreneko irteera Egun asko pasatu nituen okil berdearen habia zaintzen. Oso hegazti izua da eta ondo kamuflatu beharra dago berarengana hurbiltzeko. Hiru txita atera zituen; azkenengoa gelditzen zen oraindik habitik irten gabe. Ia gorputz osoa agerian zuela, nabaria zen habia uzteko gogoa zuela, baina, ilunabarra ez zenez momenturik egokiena, egun hartako gaua etxean egitea erabaki zuen. Habitik kanpoko abentura hasteko, hurrengo egunera arte itxaron zuen. Basurdearen sorpresa Berriz ere pagadian nenbilen ilunabarrean. Nahiz eta isilik eta geldirik egoteak zortea erakartzen duen, ezin izaten da inoiz jakin zein aldetatik agertuko den fantasmaren bat. Haizeak nondik jotzen duen jakitea ere inportantea da; ez gaitezen nabarmendu ugaztunek hain garatuta duten usaimen zentzuaren aurrean. Zaratatxo batek sasi artetik zerbait zetorrela adierazi zidan. Kamera hara begira jarri eta zain gelditu nintzen. Sorpresa biontzat. Azeria elur izaretan Gau osoan elurra mara-mara egin zuen eta Ubidetik Gorbeia aldera abiatu nintzen. Jausi berri zen elurraren ondorioz, zelaiek izara zurien itxura zuten. Argazki kamera eskuetan nuela nindoan oinez, eta azeriak berak ikusi ninduen lehenik. Urruntzen hasi zen, ihesi, zelaia hanka aztarnez markatuz. Argazkiak ateraz jarraitu nuen eta azkenak postal hauxe oparitu zidan, zelaiarekin eta zeru grisarekin muga lerrokatu ostean. Katagorria argiz kontra Zainketa orduetan kamuflatuta ordu asko pasatu nituen, eta ez nituen nire gauzak jaso nahi ilundu arte. Atzealdetik zaratatxo batzuek neure arreta erakarri zuten eta, poliki-poliki buelta emanez, katagorri bat zebilela ohartu nintzen. Mendebaldeko azken eguzki izpiek urreztatutako distirak sortzen zituzten, argiz kontrako irudia eskainiz.