2021 URR. 01 Zangebar, swahili kulturaren bihotza Zanzibarreko sultanerriak, Lamu uharteek eta Kenyako eta Tanzaniako kostaldeak XX. mendearen lehen zatira arte Zangebar bezala ezagututako lurraldea osatzen dute. Swahili kulturaren bihotza da. Arrantzaleak, eguneroko jardunean. Alfons Rodríguez Lamu, Shela, Kipungani... Afrikako eskualde honetako izenek soinu goxoa dute swahili hizkuntzan. Lamu hiri zaharra, izen bereko uhartean kokatua, xume eta herabe ageri zaigu ortzi mugan. Iraganean, baina, Afrika ekialdeko kostalde hau guztia Zangebar edo “Zanj Herria” bezala ezagutzen zenean, ez zen inolaz ere horrela. Etimologikoki, Zangebar hitzak jatorri arabiarra du eta “beltzen lurraldea” esan nahi du. Lurrok, hamar mende baino gehiagoz, swahili kultura jaiotzen eta garatzen ikusi zuten. Portu honetara, baina baita Mombasa, Zanzibar, Dar es Salam, Muqdisho edo Komoreetara ere, salgaiz betetako itsasontziak heltzen ziren, eta, ondoren, merkantziaz beteta abiatzen ziren berriz ere. Mundu guztira heltzen zen merkataritza jarduna oparoa zen, eta nabigatzaile arabiarrak eta persiarrak kostaldeotan bizi ziren jatorrizko herriekin nahastea ekarri zuen, lurrotako kultura berezia sortuz. Swahili hitzak sawahil hitz arabiarrean du jatorria, hau da, “kosta”. Merkataritza jardunak ekarritako mestizajeak zizelkatu zuen lurrotako izaera alai, abegikor eta harroa, mendez mende kosta aberats eta basatiotara heltzen ziren herrien berezitasunak hartzen joan zen izaera. Lamu uhartean ia ez dago autorik. Hori horrela, lehorrean astoak dira nagusi, eta, itsasoan, bela latindarreko jahazi edo faluka ontziak, lurrotan gogoz jotzen duen ipar-ekialdeko haizea baliatzen dutenak. Luma artxipelagoko herritarrak musulmanak dira nagusiki. Aldiz, kristautasunak ere badu lekua, askoz ohikoagoak badira ere emakumeak goitik behera estaltzen dituzten bui-bui tunika beltzak eta gizonek janzten dituzten kofiak galtza bakeroak eta kanga koloretsuak baino. Gertuko Manda uhartea ahanzturan erori dela pentsa liteke, eta egun turistak artxipelagora hurbilarazten dituen aerodromoa bertan ez balego, ahaztura hori are handiagoa litzateke. Antzinako Takwa hiriaren aurriak mangladi artean uhartearen mendebaldeko kostalderantz doan kanal luze eta sigi-sagatsu baten amaieran daude; koralezko, kareharrizko eta adobezko aurriek etsita begiratzen diote Indiako Ozeanoari. Lamu swahili kulturaren esentzia gordetzen duen ontzi baten parekoa da: ondo gordetako arkitektura, egur landuko ateak, tokiko herritar mestizoen hazpegi markatuak eta bizi-bizirik mantentzen den swahili hizkuntzaren ki-amu dialektoaren doinuak. Hain zuzen ere, dialekto horretan daude idatzita swahili herriaren historiaren kapitulu ederrenetakoak. Lamuko lehen biztanle atzerritarrak Mahoma profetaren heriotza eta gero sortutako kaosetik ihesi heldutako persiarrak izan zirela uste da. Bertan bizi ziren etnietara egokitu ziren, eta herrialde arabiarrekin interakzioa mantendu zuten; horren guztiaren fruitu gisa jaio zen swahili kontzeptua. Hain zuzen ere, horrela sortu ziren legendazko hiri-estatu swahiliak. Lamu bera da hiri-estatu horien adibide apartenetakoa. Pate, uharte ahaztua Pate uhartearen iragan loriatsutik hondakin gutxi batzuk besterik ez dira geratzen, Nabahani hirikoak. Egun sastrakek guztiz hartu dituzte denborak gogor kolpatutako aurriak; meskita eta presondegia dira nolabait ere oraindik iraganean zer ziren argiki erakusten duten hondakin bakarrak. Lamuko lehen ate herri lasaia da egun. Irratiak bakarrik lotzen du munduarekin. Kalexka labirintikoen albo banatan, koralezko hormak eta palmondo orriz egindako teilatuak dituzten makuti etxeak aurkituko ditugu. Bertan bizi direnak musulmanak dira, eta euren arbasoak itsasoak aberastasun bila zeharkatu zituzten marinelak izan ziren. Indiara, Omanera, Somaliara eta Zanzibarrera joaten ziren. Uhartearen iparraldean iraganeko beste kokaleku swahili garrantzitsu bat dago: Faza. Pate eta Faza arteko ibilbidea egiten duen faluka ontziak bi ordu inguru behar ditu bien arteko kanal zati lasaia egiteko, eta ez da Faza herriraino bertaraino heltzen; mangladi artean kokatutako senadi txiki batean gelditzen da. Hori dela eta, herritik zenbait piragua gerturatzen dira bidaiariak jasotzeko. Fazako kalexketan pasioan, Omar ezagutu dut, heziera oneko gizon indartsu eta kultua, kontinentetik uhartera herriko eskolan irakasle izateko heldua. Ongi aireztatutako eta material modernoekin eraikitako etxe handi batean bizi da, emaztearekin eta Sahila alabarekin. Kunjanjako meskita zaharraren aurrietara paseoan joan gara elkarrekin, eta, bertan, inskripzio arabiar ederrak erakutsi dizkit. Jarraian Amir Hamad Zanzibarreko sultanaren komandantearen hilobira gerturatu gara; lurrotan hil zen Pate eta Siyuko armaden aurka borrokan ari zela. Itzulerako bidean, kexu agertu da Omar swahili belaunaldi berriek ia ezer ez dakitelako beraien historia oparo eta epikoaren inguruan. Kontatu didanez, gaur egun ere urre-koloreko azala duten ilehoriak ikus daitezke oraindik Fazako kaleetan, portugaldar aroaren ondorengo argi. Mombasa Handia eta Malindi Gaua iristearekin bat, itsasoko brisak Malindiko kaleetaraino ekarritako usaiak indartu egiten dira. Kenyako kostaldean dago Malindi, eta itsasoari eta atzerriko turismoari guztiz irekitako hiria da; swahili izaeratik geratzen dena ezagutzeko, alde zaharreko kalexketatik galtzea da aukerarik onena. Badiaren hegoaldean, urre-koloreko hareadun hondartza batek Vasco de Gamaren koralezko pilare zaharrera eraman gaitu, Caswarina hondartzaren ondoan. Bertara heltzen dira arratsero arrantzaleak, eguneko jardun gogorrak akituta baina harrapaketa eskasarekin. Sareak bete-beteta izaten ziren iragan loriatsu baten oihartzun ahuldua dirudite. Malindiko iraganetik geratzen dena ikusteko, Gede hiriaren aurrietara joan beharra dago. Iraganeko testu bakar batek ere aipatzen ez duen hiri misteriotsua, antza, XIII. mendean sortu zen. Gedeko hondakinen artean, Ming dinastiaren garaiko Txinako portzelana eta Pertsiako kristala aurkitu da, bertan bizi ziren swahili familien estatus altuaren erakusgarri. Hiria XVII. eta XVIII. mendeen artean abandonatu zuten bertako biztanleek. Malinditik 100 kilometro eskasera, Mombasa dago, iraganera garamatzan legendazko hiria. Hiriak Afrikako kostako beste inon aurkitzea oso zaila den arrandia izan zuen iraganean. Bertako kaleetan paseoan, Hamza Mullah agurea ezagutu dut; betiko XX. mendeko 50eko hamarkadan geratutako pertsonaia dirudi. Hiriko komunitate islamiar indiarreko partaidea da eta bere familia Indiako Gujarat estatutik heldu zen lurrotara -hobe esanda, ekarri zuten-, Mombasa eta Nairobi arteko trenbidea eraikitzeko. Elkarren artean zeharo ezberdindutako bi Mombasa daude gaur egun: XXI. mendeko afrikar estiloko hiria eta alde zaharra, luxuzko etxe kolonialez betea eta jatorri portugaldarreko Jesus gotorleku menderaezinaren babespean eraikia. Mombasak iragana gogora ekartzen du nonahi, garai bateko esklabo eta marfil trafikoa, gizon zuriaren afrikar amets madarikatua, ozeano guztietako nabigatzaile aberrigabeak. Hiriaren esentzia Noor bezalako pertsonetan dago; Market Street hiriko kalerik zaharrenera bitartean lagundu nau jatorri omandarreko agureak, eta, bertan, askotariko produktuak saltzen dituzten salmahaien artean, jendetza aurkitu dugu. Noorren arbasoak portugaldarren aurka borrokatu ziren lurrok kontrolpean izateko, baina odol, izerdi, ohore xahutzeok iraganaren parte dira jada. Are, ahanzturan erori direla ere esan daiteke. Zanzibar Eguerdiko eguzkiak Ungaja uhartera bidean doan ontziko brankan bildutako bidaiariak kiskaltzen ditu. Zanzibar sultanerri autonomoan dago Ungaja, Tanzanian. Dar es Salaam hiriko portutik irten zen itsasontzia, San Jose katedralaren soslaia atzean utzita. Bidean, Zanzibarko kanala igaro dugu, 1871ko urtarrilaren 6an Stanleyk egin bezala. Hori bai, Livingstone doktorea bilatzeko bidaia mitikoa abiatzen ari zen Stanleyren ontzia gurea baino motelagoa zen. Ungaja uhartera heltzean, Stone Town hiriburuak hartu gaitu, hau da, “Harrizko Hiria”. Stone Townen ere, historiaren aztarnak begien bistakoak dira nonahi. Alde zaharrean hainbat eraikin aipagarri aurkitu ditugu. Alde batetik, sultanaren egoitza izandako Mirarien Etxea. Ondo-ondoan, Gotorleku Zaharra, omandarrek portugaldarretatik defendatzeko eraikitakoa. Bertako gotorlekuak harro, nagusi, altxatzen dira oraindik ere. Hirian barneratu eta Katedral Anglikano zaharrera heldu gara; katedralaren oinean bertan, esklaboen merkatua dago, edo, zorionez, bertatik geratzen dena: gure irudimena dantzan jarriko duten zelda bakan batzuk. Lurrotan, gizakien merkataritza izan zen XVIII. mendearen bigarren zatiko negozio oparoa. Arratsa iristearekin bat, Forodhani lorategietan eta ondoko kaian pilatzen da aktibitate guztia. Ungaja ez da uharte handia, Mediterraneoko Mallorcaren pareko tamaina du gutxi gorabehera. Baina bertako kostaldea bisitatzean, hondartza bakoitzak, herrixka bakoitzak egiten dizu geratu eta bertan zenbait orduz edo egunez gozatzeko gonbidapena. Unguja Ukuu hondartza erraldoira iristean, euren dhow ontziak konpontzen aurkitu ditugu zenbait arrantzale; beste batzuk Kizimkazi hondartzan ari dira arrantzan, erritmo arranguratsuko abestien artean. Bitartean, uharteko hegoaldeko muturrean, haurrak Mkunguni ondoko kokondoen gerizpean jolasean edo hondartzako uretan bainatzen ari dira. Bidean, Shungi bezalako herrixkak igaro ditugu, non emakumeak algak eguzkipean lehortzen aurkitu ditugun. Edo Jambiani, hondar fineko hondartzez eta urdin turkesa koloreko ur epelez gozatzeko aukera eskaintzen duen paradisua. Uharteko iparraldeko muturrean ere, Nugwin, kokondoz beteriko hondartza ederrak aurkitu ditugu, arrantzale eta itsasgizonek dhow tradizionalak artisau-eran egiteko ontziola natural gisa erabiltzen dituztenak. Uhartearen barrualdea, Kinyasini eta Dunga kasu, kokondo plantazioz, arroz soroz, eta iltzea, bainila, jengibrea eta beste espezie asko hartzen dituzten lursailez beteta dago. Pemba, uharte berdea Pemba uhartea turismotik kanpo geratu ohi da. Bertako paisaiak ezin ederragoak dira: oihanak, koralezko arrezifeak, hondartza bakartiak... Jende ireki eta abegikorra ere aurkituko dugu artxipelagoko iltze produkzioaren hiru laurdenak ekoizten dituen uhartean. Horrela izan da ehunka urtez, Pemba Zanzibarko ekonomiaren motor bihurtzeraino. Egunsentiarekin bat, uhartea inguratzen duen itsasoak leun-leun eraman du ferrya Mkoani hiriko porturaino. Bertatik, errepidez egin dugu Chake-Chake hiribururainoko bidaia. Uhartea kontinentearekin lotzen duen Wete hiriko porturaino ere jarrai dezakegu bidaia; bertatik irteten diren ferryak Tanzaniako Tanga hirian lehorreratzen dira. Pemba uharteak Afrikako hurbileko historiarekin lotutako une garrantzitsu bat ere gordetzen du. Izan ere, 1964an uharteak Zanzibar eta Tanganikarekin bat egiteak estatu berri batean jaiotza ekarri zuen: egun ezagutzen dugun Tanzania. Goizetan, jendez toperaino betetako 24. zenbakidun dalla dalla autobusa Weteko merkatutik irteten da, eta, Kinyasini eta Mgogoni herrietatik igaro ondoren, Konde herrian amaitzen du bidaia. Bertatik irtenda, Ngezi baso erreserba bisitatzeko aukera dago. Plantazioak nonahi hedatu aurretik, uharte guztia baso euritsuz beteta zegoen. Oihanean murgildu eta zortea izanez gero, uharteko ugaztun endemikoa den azeri hegalariren bat ikusteko aukera izan dezakegu. Erreserba oinez zeharkatu daiteke hareazko bide batetik Makangale herrira bitarteraino; kokondoz estalitako arrantzale herrixka da, ekialdera zenbait kilometrotako hondartza ederra duena. Altxorrak, esklaboak eta dortokak Mkoani herrira gerturatuz gero, tokiko arrantzaleekin negoziatzeko aukera dago, dhow bat alokatu eta Misali uharteraino nabigatzeko haizearen laguntzaz. Luzera kilometro bat eta zabalera 500 metro eskas dituen uharte ñimiñoa da Misali, koralezko arrezifeek inguratzen dutena. Legendaren arabera, Kidd kapitainak bertan lurperatu zuen bere altxorra XVII. mendearen amaiera aldera. Gaur egun ez dugu piratarik aurkituko uhartean, baina bai hegazti eta itsas dortoka mordoa, baita sasoika bertako hondartzetan olagarroak eta txibiak eguzkipean lehortzeko kanpatzen duten arrantzaleak ere. 1998tik uhartea eta bertako arrezifeak babesteko proiektu bat martxan dago, turismoa kontrolpean izatea eta arrantzaleen eta ekosistemaren arteko harmonia mantentzea helburu duena. Bizilagun adeitsuz betetako Changu uharteak ere merezi du bertaratzea. “Presondegiaren uhartea” bezala ezagutzen da eta lekukotza izugarri baten gordeleku da. Uhartean egun bizi diren lurreko dortoka erraldoien arbasoak orain dela mende bat pasa ekarri zituzten Seychelleetako Aldraba uhartetik. Kostaldea inguratzen duen bidezidor bat hartuta, iraganean esklaboen presondegi izandako instalazioen aurrietara helduko gara; gaixotasunen bat zutenek berrogeialdia egiteko zentro bat ere bazegoen tartean. Gaur egun, basoak erabat hartu eta berdetu du gunea. Zangebar dagoeneko oroitzapen bat besterik ez da, baina swahili kultura bizi-bizirik da oraindik ere; are, erasoaren erdian, orain dela asko sustraitutakoaren indarrarekin mantentzen da zutik. Irmo eta harro. Mombasa evoca por todas partes el pasado, el tráfico de esclavas y marfil de antaño, el maldecido sueño africano del hombre blanco, los navegantes apátridas de todos los océanos.