2021 ABEN. 03 Burdinaren ibilbidea Aizkorri mendilerroaren magalean, Urola ibaia jaiotzen den tokian, hogei bat burdinola zeuden XV. mendean. Gaur apenas gelditzen da garai hartako aztarnarik, baina biziraun duten arrastoek agerian uzten dute Euskal Herriaren historian burdinak izan duen garrantzia. Mirandaolako burdinola egun berezietan martxan jartzen dute oraindik ere, eta bertaratzen diren bisitariek aukera paregabea izaten dute antzinako olagizonek nola lan egiten zuten zuzenean ikusteko. Eli TXAPARTEGI FOKU Burdinaren Haraneko ibilbideak, Legazpiko Mirandaola burdinola erdigune duenak, denboran atzera bidaiatzeko aukera aparta eskaintzen du, antzinako olagizonen jarduna nolakoa zen gertutik irudikatzeko parada interesgarria. Mirandaolako parkea izan daiteke ibilbideko abiapuntu aproposa. Bertan, Informazio Zentroak burdinaren historia azaltzen du diaporama bidez eta, gainera, informazio zehatza eskaintzen du bisita gidatuei buruz; zalantzarik gabe, aukera ezin hobea azken mendeetan burdinak izan duen bilakaera ezagutzeko zein bailara bisitatzeko. Izen bereko parkean dago Mirandaola, Legazpin. XV. mendean Gipuzkoan zazpi burdinola zeuden, eta Mirandaola da, hain zuzen ere, egun kontserbatzen den bakarra. 1952an zaharberritu zuten, eta oraindik ere egun berezietan martxan jartzen dute, bisitariek zuzenean ikus dezaten nola egiten zuten lan antzinako olagizonek. Noski, egun horietan XXI. mendeko errementariak dira protagonistak. Garaiko arropak jantzita eta ingude baten laguntzaz, burdina goria kolpeka manipulatzen dute nahi duten forma lortu arte, ikusleak aho zabalik utziz. Antzinako elezaharra gurutzeari buruz Burdinolara hurbiltzen direnek 1580an -zehazki, maiatzaren 3an- gertatutako mirari bati buruzko istorioa entzungo dute. Igandea zen arren, zenbait olagizon, jaieguna errespetatu gabe, lanera joan ziren metatutako mineral eta ikatzari irteera emateko. Egun horretan, meza ondoren, burdinolara joan ziren eta zerbait arraroa gertatu zen: suak ikatz asko kontsumitu zuen, ohi baino gehiago. Dirudienez, biharamunean, gurutze greko forma zuen metalezko hondakin bat baino ez zuten aurkitu. Eta, ordutik, urtero, maiatzaren 3aren ondorengo igandean, Gurutze Santuaren egunean, pieza hori -Mirandaolako mirarizko gurutze gisa ezagutzen dena- herriko parrokiatik Mirandaolako kaperara eramaten dute, prozesioan, handikiro. Burdinaren Museoa eta Langileen Ibilbidea Burdinaren Haraneko edozein ibilbidek, halaber, Euskal Burdinaren Museoaren bisita hartu behar du barne. San Miguel fundizio zaharrean kokatuta, burdinolen historiaren errepasoa egiten du era interaktibo eta erakargarrian, burdina egiteko prozesua eta haranaren bilakaeran izan duen garrantzia azalduz. Langileen Ibilbidea izan liteke hurrengo geldialdia, zeinaren bidez bisitariak ezagutuko duen nola bizi ziren Patricio Echeverria SA fundizio-fabrikako langileak 50eko hamarkadan. Gainera, nahi izanez gero, euren etxeetan sartzeko aukera izango dute, seme-alabentzat propio eraikitako eskolako egurrezko mahaietan esertzeko eta belaunikatzeko... Dena berdin-berdin dago, denborak aurrera egin izan ez balu bezala! Garai hartako etxebizitza bat Langileen etxebizitzari dagokionez, segur aski, sarrerako atea zeharkatu bezain pronto irudikatuko ditu bisitariak Patricio Echeverria enpresaburuaren hastapenak, jarduera, testuingurua eta negozioaren abiadura: 1908an sortu zuen lehen enpresa dozena bat langilerekin; 30eko hamarkadaren hasieran, bostehun baino gehiago ziren, eta, 70eko hamarkadan, 3.400. Urola ibaiaren ondoan kokatuta, bi kilometro baino gehiagoko luzera zuen fabrikak. Eta, hainbesteko eskulana behar zuen, ezen Burgos, Zamora eta Extremadurako etorkinengana jo behar izan baitzuten, batez ere. Asko etorri ziren lanera Legazpira. Asko. Eta, ondorioz, bere langileentzat auzoak eraikitzeko erabakia hartu zuen Echeverriak. Hain zuzen ere, etxebizitza horietako bat da publikoari irekita dagoena. San Inazion eraiki zuten 1945ean. Etorkinen etorreraren ondorioz, udalerriko biztanleria nabarmen hazi zen. Noski, haurren kopuruak ere gora egin zuen eta, fundizioko langileen seme-alaba guztiak hartzeko nahiko eskolarik ez zegoela ikusita, Artzain Onaren Ikastetxea eraiki zuen enpresaburuak. Alabaina, 12 urtetik beherakoak baino ez ziren joaten eskolara, adin horretan hasten baitziren lanean fundizioan. Urte batzuk geroago, 1969an, Santa Teresa Ikastetxea eraiki zen, baina langileen alabentzat bakarrik. Chillida Lantoki Bada Burdinaren Haraneko ibilbidea beste hiru bisitarekin osatzen duenik: Chillida Lantoki, Erraizabal Artzaintzaren Ekomuseoa eta Igaralde Ogiaren Txokoa. Udalerriko paper-fabrika zaharrean dago kokatuta Chillida Lantoki museoa. Argazkiak, forja zaharrak, eskulturen zirriborroak, erremintak, material interaktiboa eta ikus-entzunezkoak biltzen ditu, bere garaian eskultoreari lagundu zioten langileen testigantzekin osatuta. Izan ere, burdinazko pieza gehienak Gipuzkoan egin zituen eskultoreak. Erraizabal eta Igaralde baserriak Chillida Lantokitik XVI. mendeko Erraizabal baserrira hurbiltzen dena artzaintzaren munduan murgilduko da eta Idiazabal gazta egiteko prozesua ezagutuko du aurrez aurre. Eta, azkenik, Igaralde baserria bisitatzera animatzen denak ogia egiten ikasiko du. Hori bai, bisitarien artean adingabeak baldin badaude, agian azaroa eta abendua dira garairik onenak Mirandaolara hurbiltzeko; izan ere, urte amaierako asteburu guztietan Olentzero haraino hurbiltzen baita ikatza aurrez aurre saltzeko eta, bide batez, gutunak jasotzeko.