2022 URT. 07 Larhungo trenean, Mari, Herensuge eta pottokak lagun Orain geldirik dago. Turistentzat, bai. Apirilean hasiko da martxan berriro. Bitartean, burdinbideak aldatzeko materiala garraiatuko du. Izan ere, 2024an ehun urte beteko ditu eta urteurren borobila behar bezala ospatzeko dena prest izan nahi dute. Beraz, Larhuneko kremailera-trenak errail zaharretan egindako azken bidaia izan daiteke honako hau. Larhungo trena. (Bob Edme) Ane IPARRAGIRRE (Argazkiak: FOKU eta Getty Images) Garai batean kontrabandisten babesleku izandako basoak, itxuraz kuriosoen begiradez ohartzen ez diren pottoka basatiak, metro gutxira hegan dabiltzan hegazti harrapariak... Paisaia horretaz gozatuko dute Sarara hurbildu eta kremailera-tren xelebrean Larhun mendiaren gailurrera pazientzia handiz eta presarik gabe igotzen direnek. Ia mende bat darama San Inazio mendatea -Azkaine eta Sara artean- eta Larhuneko tontorra komunikatzen. 35 minutuan gailurrera iristen da eta bertatik euskal kostaldearen eta Pirinioen 360 graduko panoramika ikusgarriaz goza daiteke. Egurrezko kremailera-trenean egindako bidaia abentura bilakatzen da; batez ere, haurrentzat. Hamaika arrazoik bihurtzen dute ibilbide hau berezi; besteak beste, munduan apenas gelditzen direla Larhunekoak bezalako tren bitxiak. 1924an inauguratu zenetik, martxoa eta azaroa bitartean tren turistikoak egunero eraman ditu dozenaka bisitari mendi tontorreraino, ibilbidea bihurka eginez, Nafarroako eta Lapurdiko mendi-hegalen arteko 736 metroko desnibela gainditu ondoren; alegia, itsas mailatik 905 metroraino. Kremailera motako gainerako mekanismoen antzera, kasu honetan ere errei komunei hirugarren horzdun bat gehitzen zaie erdian; hain zuzen ere, katea martxan jartzen duena. Hasierako estetika Bitxia bada ere, bagoiek jatorrizko estetikari eusten diote. Inguruko materialez eginak -Pirinioetako izeia, Landetako pinua, Ariegeko gaztainondoa eta iroko-egurra-, bagoiak behin baino gehiagotan zaharberritu dira, baina XX. mende hasierako itxura dute oraindik, eta horrek, jakina, are erakargarriago eta bitxiago egiten du bidaia. Proiektua 1908an hasi zen, inauguratu baino ia bi hamarkada lehenago, baina, dirudienez, ustekabean eragozpen ugari sortu ziren -tartean, Lehen Mundu Gerrak eragindakoak-, eta, ondorioz, 20ko hamarkadaren hasierara arte atzeratu behar izan zuten. Eta gaur egun, ia mende bat geroago, gora eta behera jarraitzen du, abiadura berean eta mendi-hegal berberetan; hau da, elezaharren, sorgin-kobazuloen eta kontrabandisten ibilbideen eszenatoki izandakoetan. Hain zuzen ere, tontorraren inguruko elezaharretako batek -zehazkiago, mendi-mazeletan sakabanatutako cromlech eta trikuharrien ingurukoak- Herensuge du protagonistatzat; bertakoen esanetan, mendiaren barruan bizi zena. Dirudienez, Marik hala eskatuta, zazpi buruko suge erraldoi baten itxura zuen herensugeak zaintzen zituen mendiko metal nobleak. Eta halaxe egin zuen, harik eta egun batean, ordura arte mimoz babestutako urrea eta zilarra mendi-hegalean behera botatzea erabaki zuen arte, suzko bola baten antzera. Harrezkero, inguruko biztanleek zazpi argi bizi ikusten zituzten mendi puntan, ezinbestean herensugearen zazpi buruekin erlazionatzen zituztenak eta, horregatik, erabat izuturik, Anbotoko damari erregutu zioten mesedez herensugerengandik behingoz libratzeko. Hala, Marik kraterraren gainean putz egin omen zuen eta dragoia lurraren erraietan egotera kondenatu betiko. Gero, bizilagunek, esker onez, cromlechak eta trikuharriak altxatu zituzten Mariren omenez. Jakina, Herensuge ez da inoiz gerturatzen tren txikiaren ibilbidera, baina erraz ikus daitezke Larhungo bertako paisaiako beste protagonista batzuk: pottokak, manex arrazako ardiak, sai arreak...