2022 URT. 07 Sigiriya, «Lehoiaren haitz» enigmatikoa Sigiriya du izen ofiziala, baina “Lion's rock” (Lehoiaren haitza) izenarekin ezagutzen da. 200 metroko altuera duen harrizko harkaitza da, harkaitz erraldoia. Sri Lanka erdialdean –zehazki, Matale barrutian– kokatua, bakarti dirudi harkaitzak, oso bakarti, desafiatzaile eta probokatzaile, landaretza joriaren erdian, lorategiz inguratuta. LIONROCK arrokaren panoramika. (ISHARA S. KODIKARA | AFP) Ishara S. KODIKARA Antzinako hiri-plangintzaren lehen adibidetzat hartu izan dute historialariek sarri. Izan ere, Kashyapa erregeak (477-495) Sigiriya aukeratu zuen bizitzeko zein gobernatzeko. Gotorleku bat eraiki zuen haitzaren goialdean, eta mazelak kolorez apaindu zituen. Gainera, pasabide bat eraikitzeko eta harrian lehoi bat zizelkatzeko agindu zuen. “Lion’s rock” multzo arkeologikoa herrialdeko kulturaren eta historiaren ikur berezi bihurtu da, eta, aldi berean, erakarpen turistiko interesgarri bertigoari aurre eginez jakin-mina asetzeko prest dauden milaka turistentzat. Jakina, Kashyapa erregeak Sigiriya harkaitzaren posizio estrategikoagatik aukeratu zuen, erasoetatik defendatu eta etsaiak urrutitik kontrolatu ahal izateko; urrutitik eta talaia natural pribilegiatu batetik. Gailurrak eskaintzen duen 360 graduko panoramikak, zaintza eta defentsarako gotorleku bikain bilakatzen du Sigiriya. Baina Lion’s rock ez zen gotorleku hutsa. Miniaturazko hiri bat zela esan daiteke, hiru kilometroko zabalera eta bosteko luzera zituen hiri txikia. Bost sarbide zituen, bost ate, eta gotorlekua, jauregia eta zisterna-sistema antolatua. Inguruan, lorategiak eta harresiz babestutako lubanarro bat ere gehitu zuten, gotorlekua are seguruagoa bilakatzeko. Hain zuzen ere, Sigiriyaren ikur berezienetakoak lorategiak ziren, batik bat urez inguratutako lursail handia, konplexu nagusira lau kanalen bidez komunikatutakoa. Horrez gain, inguruko erreketako urez hornitutako igerileku estuak ere bazituzten. Sigiriyako lorategiak Asiako zaharrenak dira egun. Gaur egun “Lion’s rock” haitzera hurbiltzen direnek lorategiak hainbat terrazatan banatzen dituen kareharrizko eskailerarekin egiten dute topo. Eskailerok, harrian zizelkatutako lehoi-atzapar erraldoien artean gorantz abiatzeko gonbita egiten duten sarbide deigarria osatzen dute. Bertatik haitz hegalean iltzatutako metalezko eskaileretara iristen dira bisitariak. Bidean, duela 1.500 urte inguru egindako pinturak ikusi ahal izango dituzte goiko jauregira sartzeko pasabidearen paretan. Margolanon esanahi zehatza ez da ezagutzen, baina hainbat teoria daude. Batzuek diote margoetan agertzen diren dontzeilak erlijio-errituetako protagonistak direla, baina, beste batzuek, aldiz, uste dute irudietakoak erregearen emazteak direla. Hurrengo eskailera metalikoak igo ondoren -horma bertikalera ainguratutakoak-, azkenean, gailurrera iritsiko da bisitaria; hau da, jauregi zaharraren hondakinak dauden tokira. Bertara iristen denak bidean egindako esfortzuaren ordainsaria jasoko du: 360 graduko panoramika zoragarria. Puntu horretatik argi eta garbi hautematen dira Sigiriya harriaren tamaina, beheko lorategi ikusgarrien hedadura eta harkaitzaren bakardadea inguruko lautadaren erdi-erdian.