2022 API. 01 Munduari begirada Migrazio handia: Planetako ikuskizun basati ikusgarrienetako bat Serengetin Basabizitzaren santutegi aberatsenetako bat da, planetako ikuskizun natural ikusgarrienetako bat hartzen duena: Migrazio handia. Serengetiko parkea da, “Lautada amaigabea”, non belarjale talde-ilara luzeek 3.000 kilometroko bidaia egiten duten, bizirik irauteko. Milioi bat ungulatu baino gehiago -batez ere, ñuak, zebrak eta gazelak- Serengeti iparralderantz abiatzen dira lehorte garaian, larre fresko eta ur bila, paisaia ikaragarria eta burrunba izugarria eraginez. Urtero errepikatzen da irudi bera, erritu baten antzera: 3.000 kilometro egiten dituzte Kenyako Masai Mara Erreserba Nazionalaren eta Tanzaniako Serengeti parkearen artean, krokodilo gosetiz jositako ibaiak zeharkatuz eta gertu-gertutik zelatan izaten dituzten hiena, lehoi eta bestelako harrapakari trebeen artetik igaroz. Iparralderako bidaia luzea maiatz aldera hasten da, euriteen amaierarekin eta Serengetiko urtaro lehorraren hasierarekin batera. Udaberri amaiera arte, talde handiak Parke Nazionalaren hego-ekialdean eta Ngorongoro ibaiaren kontserbazio-eremuaren inguruan egoten dira, baina, larrea eta ura agortzen direnean eta beroak atsedenik emateko asmorik ez duela sumatzen dutenean, urteroko zeharkaldi luze bezain zaila abiatzen dute leku emankorragoetara, elikagai bila. Alabaina, ez dute bidaia edozein modutan egiten, oso ondo antolatuta baizik: dozenaka kilometro luzeko ilaretan lerrokatuta, bidean dituzten arriskuen jakitun. Abentura hasi ondoren, Maswa erreserban barrena Grumeti ibai arriskutsura iritsi eta, denak batera, elkar babestuz, beste aldeko ertzera abiatzen dira. Bizirik iristea da erronka. Asko ahaleginean hiltzen dira, itota, gaixotuta edo akituta. Bizirik irauten dutenak -milaka eta milaka- Masai Maran biltzen dira, sekulako natura eztanda eraginez, irudi basatia eta ikusgarria benetan. Gudkov ANDREY (GETTY IMAGES)