2022 EKA. 03 Soratxipi: ur isurian jauzika Kantauriar isurialdea eta mediterraneokoa bi mundu dira. Ezberdinak oso. Udaberrian agerian geratzen da hori GR-12 bidean, Euskal Herriko xendan. Iparrera, Kantauri itsasoak agintzen du, eta lainoz jantzi mendiak. Hegora eguzkia bazterrak berotzen hasia da, eta soroak loratzen. Soratxipi gailurra Malerrekan dago, kantauriar isurialdean, eta Gorostieta lepoa, irteeraren hasiera, erdi bidean. Hegora, Basaburua eta Ultzama ibar dotoreak. Andoni URBISTONDO Euskal Herria askotarikoa, aberatsa, da bere naturan, bere paisaietan. Itsasoa du. 2.000 metrotik gorako hainbat mendi, elurtuak ekaina bitarte. Beste hainbat mendi dotore ere bai, garaieraz apalagoak izanda ere. Basamortu bat dauka hegoan, Bardea, eta gari, garagar, patata eta bestelako soro emankorrak, Arabaz eta Nafarroan. Ur mugatik iparrera, Kantauri itsasoak bere agintea inposatzen du, laino jendea sortuz. Negu hotzean uraren tenperatura 11-12 graduraino jaisten da, eta apiril-maiatzean hasten da gorantz, pixkanaka, goia abuztu-irailean jotzeko: 22-23 gradu. Sahara aldeko lehen bero boladak gure latitudera iristen direnean Kantauri itsasoak behe lainoak sortuz erantzuten dio bi aire masen kontrasteari, eta tenperaturak jaitsarazi lainoaren bitartez.eta tenperaturak jaitsarazi lainoaren bitartez. Hortik kantauriar isurialdean hain ohikoa den bruma eta laino baxu festa. Egun eguzkitsuak, lainorik gabekoak, garestiak izaten dira ur mugatik iparrera, eta Soratxipi gailurrerako igoera egunean ere bai. Lainoari altxatzeko ahaleginean sumatzen zaio maiatzeko eguzkiaren eraginez Lekunberritik hegora, Nafarroan. Irurtzunen, Sakanako ekialdeko atean aldatzen da panorama normalean, baina Soratxipi Irurtzun baino iparrerago dago, Malerreka eta Basaburua bailaren artean. Lainoak besarkatzen du 1.000 metroko langa gutxigatik gainditzen duen mendilerroa, eta mendizalea tontor hauek eskaintzen duten bista onarekin gozatzeko aukera izanen duen jakin gabe abiatzen da Gorostieta lepotik. Gorostieta Malerreka eta Basaburua banatzen dituen lepoa da, Saldias eta Orokieta herrien artean. 829 metrora dago, eta zikloturista andana erakartzen du asteburuetan, oso errepide lasaia delako. Errepide ertzean halako atseden gunea dago, baita mapa osatu bat ere, bertan egin daitezkeen txangoak azalduz. Gorostieta GR-12 mendi-bide ezaguneko geltokia da, eta badira hainbat mendi talde, Euskal Herrian, xenda hori etapaka osatzen dutenak. Gipuzkoan hasten da, Etzegaraten, eta Belaguako aterpean bukatu. Ur mugan barrena egiten du bidea nagusiki. Gorostietatik abiatuta, erraza da Soratxipi bitarteko ibilaldia. Ordu eta erdian iristeko modukoa. Desnibela ere oso apala da, 300 metro eskas. Hezea dago zorua, zuhaiztia, leku euritsua baita hau. Pagoak sendo, indartsu daude eguzkiaren lehen izpi goxoak jasota, hostoz aberats. Larremar parajean gaude, eta bideak altuera galtzen du ondoren, ehiztari etxola bat eta urmael txiki bat dauden leporaino. Handik GR-12 xenda eskuinera utzi eta Eragorri mendira igo gaitezke, aise, 1.000 metroko langa gainditzeko. Urrunean azalduko zaigu Soratxipi bera, gero eta garbiago, baina lainoen besarkadatik libratu ezinik. Belaze dotorea Basoa bera 1.000 metroko langa baino beherago errenditzen da. Belaze aberatsek hartzen diote lekukoa, eta plazer da batere harririk ez duten mendi soil bezain goxo hauek igotzea. Aziendako lehen abereak libre dabiltza bazkan, gure inguruan. Eta mendizaleak ere bai. Batzuk Beintza-Labaien eta Urrotz aldetik igo dira, Malerreka aldetik. Besteak, Leurtzako urtegitik. Ikusten saiatu gara, baina ezin, lainoa gurekin jolasean baitabil. Gailurretik Mendaur, Auza, Saioa eta beste ikusten dira, egun argietan, baina guk horiek guztiak ikusi gabe ekin behar izan diogu itzulerako bideari, autoraino. Eta oharkabean, atzera begiratu dugun une batean, Soratxipi bere osotasunean azaldu zaigu, baita Mendaur bera ere, bere ermita ezagunarekin. Eguzkia laino sare itxia zulatzen hasi da, eta lainoek amore eman behar izan dute maiatzeko eguzki indartsuaren aurrean. Orduan hartu dute paraje hauetako basoek benetako dimentsioa gure begientzat, eta ikaragarria da ze baso puska dauden eskualde hartan. Gorostietara bueltan dozenaka zikloturista pasatu dira gure aurretik, eta jakin dugu Irurtzunen hasi eta bukatzen den La Peluso proba zikloturistan parte hartzen ari direla. Miguel Indurain omen da parte hartzaileen artean, probako irteeran antolatzaileen omenaldia jaso ondoren. 1.400 lagunek parte hartu dute proba zikloturista horretan. Ez da azken ezustekoa izan, ur mugatik hegora, Ultzama bailarara bidean, Orokietako batailaren ospakizun betean baitira izen bereko herrixkan. Karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua bizi izan zen bertan 1872ko maiatzaren 3an, orain dela 150 urte zehatz, eta liberalek karlistak menderatu zituzten. “Orokietako hondamendia” ere esaten diote bataila ezagun horri, eta Gurutze Gorriak bere historian lehen aldiz parte hartu zuen, zaurituak laguntzen, sortu eta urte gutxira. 150 figurantek parte hartu zuten bataila hartako gertakizunak gogoratzen. Basaburua bailarako errepide nagusira bueltan, eta Ultzama aldera, eguzkia jaun eta jabe da, eta Auza herri inguruan harro agertu dira iparrera Gartzaga, Saioa eta Xuriain mendiak, lainoetatik aske. Ordu pare bat goizegi igo gara mendira, eta bista oparorik gabe geratu, baina Ultzama bailara hain eder ikustea ere txarra ez, txangoari bukaera emateko.