2022 IRA. 02 Gallartan Meatzaritzaren Museoa: burdinaz errotutako Euskal Herriaren historia Gallartan kokatuta dagoen Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa euskal, eta, batez ere, bizkaitar, meatzari-industria ondarearen parte handi baten zaindari behinena da. Duela urte batzuk galtze eta ahanzte bidean zegoen ondare hura horma batzuek gordetzen dute orain, burdinaz moldatutako Euskal Herriko historiaren lekukotasuna emateko. Museoaren kanpoaldean aurkitzen ahal den tren lokomotorra. Eli TXAPARTEGI Testua eta argazkiak: Eli TXAPARTEGI Bagonetak, lokomotorrak, poleak, forjak, kaskoak, uniformeak, bide-hondarrak, idazkunak, orgak, garraio-perikatxoak, mineralak, barrenak, mazoak, genefonoak, mailuak, pikotxak, osasun-materialak, maketak, karga-jasogailuak, sutegiak, soldata-liburuak, erremintak, argazkiak eta dokumentu historikoak. Gallartan kokatuta dagoen Euskal Herriko Meatzaritzaren Museora hurbiltzen den edonor denboran atzera egingo du eta era atsegin eta entretenigarri batean XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Bizkaia meatzariaren gizartera hurbiltzeko aukera paregabea izango du. Museoak 2001ean ireki zituen ateak, Bizkaiko udalerriko hiltegi zaharrean, nahiz eta proiektuaren ideia duela urte batzuk hasi zen lantzen, 1986an hain zuzen ere, meatzari ohiek eta burdingintzako langileek -Carmelo Uriarte, horien artean- Meatzaritza Museoa Kultur Elkartea sortu zutenean. Bizkaiko meatze-tradizioaren aztarnak desagertu zitezkeela-eta kezkatuta, elkarrekin lan egitea erabaki zuten, abandonuarekin mehatxatuta zegoen meatzaritza-ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko asmoz. Euskal historiaren zati bat, bereziki Bizkaikoa zena, ahanzturatik ateratzea zen helbururik nagusiena. Eta horrela sortu zen Meatzaritzaren Museoa, hainbat urtez piezak, erremintak, makinak eta dokumentazioa zenbait mendi, hobi eta lantegitan bildu ondoren. Museoa dagoen eraikinera sartu aurretik ere, bisitaria harritu egingo da kanpoan erakusgai dauden bitxi batzuekin; nabarmentzekoa, bereziki, bikain mantentzen den antzinako tren-makina bat. Behin hiltegi zaharraren barruan, gaiak, dokumentuak, argazkiak eta meatzaritzako eguneroko bizitzako elementuak txandakatzen dira. Kaskoak, antzinako altzariak -batez ere, ondo kontserbatutako mahaigainak-, garai hartako liburuak, etxeko tresnak, osasun-materiala... daude. Eta areto berezi bat, kolore gorriz tindaturik, Dolores Ibarruri, Pasionaria, 1895ean Gallartan bertan jaio zenari eskaintzen zaiona. Jendaurrean ikusgai jarritako funtsen artean, antzinako argazkien bilduma eta meatzariek lan egiteko zituzten baldintza negargarriei eta bizi zuten egoera ankerrak eragindako lan-gatazkei buruzko datu argigarriak ematen dituzten dokumentu eta txosten batzuk daude. Hain zuzen ere, erakutsitako soldata-liburuak ikaragarrizko esplotazio haren lekuko eztabaidaezin bihurtu dira. Kontserbatutako kontabilitate-liburu haietako baten arabera, euria egiten zuenean, ez zen lanik egiten eta, beraz, ez zen kobratzen; deskontu bat aplikatzen zen ospitaleen mantentze-lanetarako, eta meatzariek enpresen kantinetan bakarrik eros zitzaketen hornidurak, oso garestiak baitziren. Meatzaritzako jornalaren batezbestekoa 2,75 eta 3 pezeta artekoa zen 1880 inguruan. Badira xehetasun garrantzitsuak ematen dituzten argazkiak ere, hala nola meatzariek goizean goizetik gau-gauera lan egiten zutela. XIX. mendearen amaieran, lanaldia goizeko bostetan hasi eta iluntzera arte ez zen amaitzen. Bi modutara lan egiten zuten: jornal bidez, lanaldi osoa lan egitean zetzana, edo ataza bidez, aldez aurretik finkatutako lana eginez. Bigarren molde horrek beste lan osagarri batzuk egiteko aukera ematen zuen, ordainsari osagarri batekin. Irudiek erakusten duten moduan, ohikoa zen haurrek lan egitea. Halakoa zen Gallarta zaharra Museoaren beste erakargarritasunetako bat burdin mearen mantu aberats baten gainean kokatua dagoen Gallarta zaharraren maketa da. 1956. urtean, bertako biztanleak etxetik atera eta etxebizitzak eraitsi ostean, nahitaezko desjabetzeari ekin zitzaion. Horien artean, preseski, Dolores Ibarruri bizi zen etxea zegoen, Peñucas kalean. Mineralaren ustiapen intentsiboa bi eratara egin zela ere erakusten du maketak: lurpeko eta aire zabaleko galerien bidez. Maketa duela gutxi zaharberritu dute, baina Franco Belga konpainiak ustiapen-proiektua aurkezteko erabili zuen huraxe da. Urte batzuk geroago, meategia Gallarta Historikoa estaliz osatu da, estalki mugikor gisara. Irudien artean nabarmentzekoa da, halaber, Gallartako udal eskolako neskato talde baten argazkia. Bertan, berriz ere, La Pasionaria, kasu honetan lankideekin eta Gernikako bonbardaketan hil zen eta bere irakaslea izan zen Antonia Izarrekin batera. Museoaren barruan, era berean, meatzaritza-lanetan egunero erabiltzen ziren tamaina txikiagoko piezak daude: azetilenozko argiak -karburak edo karburoak ere esaten zaie, eta XX. mendearen hasieran ohiko belak eta olio-lanparak ordezkatu zituzten-, txokoak -meatzarien ohiko oinetako, iraunkor eta gogorrak, zurezko zoladunak, larruz, burdinazko xaflez eta tatxetez osoturik-, teodolitoak -angeluak, distantziak eta altuera ezberdinak neurtzeko tresna-, barrenak, koilaratxoak, abakoak, bagoiak, maskarak... Balio handikoak guztiak, Bizkaiko meatzaritzaren urrezko garaiko pieza bakarrak direlako. Museoaren kanpoaldean, berriz, tamaina eta pisu handiagoko makina askoren artean ibiltzeko aukera dago, gehienak burdin mea erauzteko eta ondoren garraiatzeko eta tratatzeko erabiltzen ziren tresnak izanik. Horiez gain, sutegiko piezak eta bertako burdinaz egindako nekazaritza-tresnak daude ikusgai. Barrualdea baino handiagoa den kanpoko eremu horretan bagoneta ugari dago -zaldiek, idiek eta mandoek tiratuta, harrobietako eta galerietako minerala trenbideetaraino garraiatzen zutenak- eta karga-jasogailuak -bagoneta hutsak meategi barrura sartzeko eta burdin karbonatoarekin kargatutako bagonetak igotzeko erabiltzen zirenak-. Eta, han ere, jardinera izenez ezaguna, hasieran meategietako hondakinak husteko diseinatutako karga-jasogailua, ondoren meatzariak garraiatzeko erabili zena. Kontxa II meatzea Kanpoaldean ere, baina urrunxeago, Kontxa II aire zabaleko meategia dago; 50 kilometroko galeriak ditu, inguruko zorupea zeharkatzen du eta bere garaian Europako burdina-meategirik handiena izan zen. Meategiaren zati txiki bat bakarrik dago ikusgai, baina, halere, irudiak zirrara eragiten du. Zulo handi bat irekitzen da bisitariaren oinetan, 12 milioi metro kubikoko hutsunea, eta haren azpian galeria-sare bat, itsas mailatik 200 metro baino gehiagora. Euskal Herriko burdin mineralaren aire zabaleko azken ustiapena izan zena 1984an itxi zen, nahiz eta galeriak 1993ra arte funtzionatzen jarraitu. Hori bai, kasu, meategia museoko gida batekin bisitatzea merezi du. Bertan, hainbat ikastaro ere burutzen dira, besteak beste, harri-zulatzailearena, eta meatzaritzarekin lotutako jarduerak. Cantina deritzona ibilbidearen amaierarako uztea ez da, inondik inora, ideia txarra.