2022 URR. 07 Beltza, berdea, zuria eta purpura Perigord, lau koloreko herrialdea Beltza, berdea, zuria, purpura; lau kolore ditu Perigordek, Frantzia historikoko eskualdeak, Cyrano de Bergerac literarioaren eta munduko onddo famatuenen sehaskak. Arrasto neolitikoz, Erdi Aroko gazteluez, zalduneria-nobeletako hiriez eta betierekotasuna ureztatzen duten ibaiez jositako lau kolore. Saint Dominique Monpazier elizako klaustroa. Xabier BAÑUELOS Testua eta argazkiak: Xabier BAÑUELOS Ridley Scott-en azalean izan banintz, nik ere Perigord hautatuko nukeen azken lana filmatzeko. Ikusi ez dutenentzat, “The Last Duel” (Azken duelua) pelikulak, XIV. mendeko Normandian girotuta, bortxaketa baten eta ondorengo ohoreagatiko borrokaren inguruan dihardu. Emakume baten benetako istorioa da, Marguerite de Thibouville-rena. Bere garaiko gizartea eskandalizatu zuen, bere erasotzailea salatu eta justizia eskatzera ausartu zela-eta. Salaketa horrek senarraren eta bortxatzailearen arteko borroka eragin zuen, horretara behartzen baitzuen garaiko kultura zeharo patriarkalak. Filmak Irlandara eta Frantziako beste eskualde batzuetara ere eramaten gaitu, baina une garrantzitsuenak Dordoina ibaiaren ibilbide-erdiko parajeetan filmatuta daude. Bere ertzen iparraldera eta hegoaldera, Erdi Aroa konjuru batetik aterata bezala dakusagu lur hauetan, denboraren joanak eragiten ez dion argazki batean erretratatuta bezala. Kalezuloa Monpazier-en. Filmean agertzen dira Monpazier-eko Place des Cornières ederreko arkupe gotikoak, iraganean ainguratutako bastida bat, zeinaren argi eta ilunak Erdi Aroko Parisen transformatu ziren. Sainte-Mondaneko Château de Fénelon-eko dorre zilindrikoak ere agertzen dira. Bertako lorategietan, elur artifizialez estalita ageri dira zutoihal luzeak, kanpaina-karpak inguratuz, ustezko Bellême-ko gotorlekuan. Beynac-et-Cazenac herriko kalexka. Eta, azkenik, berriro Château de Beynac miragarriak egin digu harrera, muino harkaiztsu batean txertatuta, azpian Beynac-et-Cazenac ezohiko baserria dagoela. Bere almenek bista paregabea dute, ibaiaren ispilu ilunaren eta berde koloreko baso-kaleidoskopioaren gainean. Ez gara Ben Affleck-ekin gurutzatu, ezta Matt Damon, Jodie Comer eta Adam Driverrekin, baina horien presentziak ez du garrantzirik elezaharretako paisaia honen edertasun soil eta antzinakoaren ondoan. Perigord Okzitaniako Guienako antzinako lurralde historikoa da, Akitania Berriko erdigunean egungo Dordoinako departamenduan dagoena. Bada herrialdeko eskualde ederrena dela dioenik. Hori sinesteko arrazoiak baditudan arren, Frantzia osoa ezagutu gabe ezin dut halakorik baieztatu. Baina hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezakegu Perigordeko zeruaren azpian konjuratu direla iragana eta ingurunea ikuskizun eder hau eskaintzeko, hots, arima, artea eta natura hain era harmoniatsuan batzen diren konposizio gaindiezin hau eskaintzeko. Perigordera iristea Erdi Aroan sartzea da, bai, baina baita herri arkitektura eder batean murgiltzea ere; kontakizunetan bilduriko herri oso zainduak ditu, eta arroila, baso, muino, mahasti eta erreka sigi-sagatsuak. Hain da handia bere xarma, ezen ez baitakigu errealitatea bizitzen ari garen edo elezahar batean murgildurik gauden. Berdetik zurira Tradizionalki bi zatitan bereizi izan da Perigord: batetik, Goi Perigord iparraldean, Périgueux hiriburu duela, eta Perigord Cada hegoaldean, Sarlat-la Caneda izanik hiri garrantzitsuena. Aitzitik, egungo banaketa lau koloreren araberakoa da: berdea, zuria, purpura eta beltza. Egia esan, banaketa moderno eta ofizioso hori paisaia motekin lotua eta arrazoi historiko edo administratiboek baino interes turistikoek bultzaturikoa da. Baina hori gailendu da eta gida gehienetan lau koloreko paleta hori agertzen da. Iparraldean hasiko gara, Dronne ibaiaren lurretan, zeinak Perigord Berdea osorik zeharkatzen duen. Zelai eta harizti zabaleko lurralde heze honek eskuzabaltasunez luzitzen ditu Atenearen begi glaukoen, Zirtzeren begi aztien edo Beatriz, Melibea edo Dulcinearen beatifikoen ñabardurak. Nontron-en, bertako hiriburu txikian, eskala egingo dugu Saint-Jean-de-Côle-ra hurbiltzeko. Berau da, bere zubi erromanikoarekin, bere bi gazteluekin eta donejakue bidearekin, “Les plus beaux villages de France” -Frantziako herririk politenak- zigilupeko Perigordeko udalerri multzoko lehena. Gazteluak hizpide, badira beste hiru galdu ezin ditugunak, Laxion-ekoa, Richemont-ekoa eta, batez ere, Puyguilhem-ekoa, Villars-en, zeinaren silueta erromantikoak kontrastea egiten duen Boschaud-eko abade-etxeko hondar hurbilen dramatismoarekin. Ibaian behera, urek Brantôme-ko irla-udalerrira eta Bourdeilles-en antzinako estanpa dotorera garamatzate. Boschaud abade-etxeko eskailerak. Erdigunera iritsita, formazio karstikoko kare-harkaiztiek tindatzen dute Perigord Zuriko egunsentia. Savignac-les-Églises-etik harago batzen da L’Isle ibaia Auvézère-rekin. Hor handitzen da bere emaria eta bere ur-laster, urmael, uhartetxo eta bihurguneek janzten dute intxaustiz, errotaz, presaz eta gabarra zaharrei buruzko istorioz beteriko paisaia. Bere bidean, Périgueux galoerromatarra zeharkatzen du, Saint-Front katedralaren kupula orientalizanteen azpitik. Hain zuzen, tenplu horretan inspiratu zen Paul Abadie Montmartreko Sacré-Coeur sortzeko. Purpuratik beltzera Purpura da udazkeneko mahastien eta hegoaldean ahosabaiak bustitzen dituen ardoaren kolorea; hots, Bergerac-en, Hercule-Savinien Cyrano literato sudurluze entzutetsuenaren kontakizunak gogoratzean, letren zaporearekin nahasten diren ahosabaiak. Parisekoa izan arren, Rostand-en lumarekin eman zion ospe unibertsala hiriari. Hiriburuaren inguruko ibilaldia egingo dugu: Tiregand-eko gaztelua, Monbazillac-ekoa (urre-koloreko ardo botrifikatu bikaina dago bertan, Bridoire-koa (bizkar okertuko dragoi gisara etzana) eta bi herri, Eymet, ojiba-arkupedun plazarekin, eta Issigeac, fatxada gurutzatukoa. Issigeac-eko plaza. Ekialderantz jarraituko dugu, eta Beaumonteko St-Laurent eliza-gotorlekua ikusiko dugu, Montferrand-etik eta San Kristobal eliza erromanikoko pintura zoragarrietatik ez oso urrun dagoena. Baina oraindik zain ditugu aipatu dugun Monpazier eta Birongo gaztelu dotore eta ikusgarria; eta Cadouin-eko abadia, mendeei eta destinoei desobedituz bizirik iraun duena; eta Limeuil, Dordoina eta Vézère ibaiak elkartzen diren puntuan, muino baten gainean hasten den herri ederra, Kristalezko Katedrala esaten dioten Gouffre de Proumeyssac leizetik kilometro gutxira dagoena. Biron gazteluko almenetatik. Cadouingo txokoa. Eta azkenean Perigordetan ezagunenera iritsiko gara, Noir-era, beltzera, bere fruitu preziatuenaren koloreak, boilurrak, eta ekialdeko baso trinkoen itzalek tindatua. Hiriburua, Sarlat-la-Canéda eder eta gastronomikoa, xarma zaharkitu bat duten paisaiez eta herriz betetako lurralde batean biratzeko aukera ematen digun espiral baten erdian dago. Hain zuzen ere, Paleolitora bidaia egin dugu Vzère bailaran, non gure europar arbasorik zaharrenek Lascaux eta beste hainbat leize apaindu zituzten eta, besteak beste, La Roque Saint-Christoph aterpean, La Madeleine babeslekuan eta Rouffignac haitzuloan bizi izan ziren. Presarik gabe bidaiatuz gero, ikaragarria da bertako magia eta edertasuna. Zeru gainera altxatutako defentsa-eraikin ugari daude, hala nola Domme eta Belvès, eta horiekin batera Eyrignac eta Marqueyssac-en lorategi irudimentsuen arte topiarioa ikusiko dugu, non landare-eskulturak angelu eta kurbak konbinatzen dituzten forma apetatsuekin jolasten diren. Hainbat gaztelu ezezagunek, esaterako Commarque-k, destainaz begiratzen diete jauregi-châteaux ederrei, hala nola Milandes delakoari, zeina Joséphine Baker izeneko “ebanozko Venus” haren bizilekua izan zen. Errezelo gutxiagorekin begiratzen diete beren garai bertsukoak diren gotorlekuei, hala nola ondoko Laussel gazteluari, aipaturiko Fenelon eta Beynac-i, Puymartin-eko gaztelu tenteari, Fayrac-eko gaztelu irmoari eta Dordoina ibaiaren gaineko begiraleku pribilegiatua den Montfort-eko gazteluari. Eta, jakina, herriak, hondarrezko erlojurik ere asmatu ez balitz bezala kontserbatuta daudenak. Baserria edo gaztelua? Ez dakigu zer den Castelnaud-la-Chapelle, ezta axola ere, harriaren, arrokaren eta arrano habiaren sinbiosi perfektua da, trobadorearen bertsoa du eta botere feudalaren ezpata. Talaia horren harresietatik ikus dezakegu zeruan ebakia Beynac-et-Cazenac-en irudi lerdena. Castelnaud-la-Chapelle gaztelua. Eta ibaian gora eginda, istant batera, meandro batean uzkurtuta eta harrizko horma batek babestuta, La Roque Gageac Dordoinaren iparraldeko ertzean zehar luzatzen da, goranzko kalexken labirinto sinesgaitz batean, La Malartrie-ko châteauaren eta Jardin Exotique-en artean. Leku berezia da Saint-Amand-de-Coly herrixka. Haran baten barrenean ezkutatuta, Erdi Aroko pintzelkadaz zipriztindutako baserri soila XII. mendeko abade-eliza harrigarriak edertzen du. Bere kanpandorre handi eta ikusgarriaren 30 metroak eta nabearen pisua nagusi agertzen dira espero gabeko bolumenetako teilatu eta basoen gainean. Eta are harrigarriagoa da Saint-Léon-sur-Vezère, bere Eiffel estiloko zubiarekin, couredoux edo kalexkekin, La Salle gaztelu eta bere donjon-arekin, eta Belcayreko châteauarekin. Beltza, purpura, zuria eta berdea, lau kolore bost ibairentzat, eta bost ibai hiru izeneko lurralde honentzat: Dordoina, Perigord eta Guiena. Okzitaniera edo oc-eko hizkuntzaren bihotzean taupadaka, dudarik gabe, Galia zaharreko inguru ederrenetako bat da. Sanit-Léon-sur-Vézère gaztelua. GIDA PRAKTIKOA Nola joan Onena autoz joatea da. Bertara iritsitakoan, autoa eta bizikleta erabil ditzakegu. Noiz joan Urteko edozein sasoitan. Paisaia ederrenak udaberri eta udazkenean ikus daitezke. Neguan, berriz, oso jende gutxi ibiltzen da, lasai ibili nahi duenarentzat. Zenbat egun Lau koloreetan barneratzea erabakitzen badugu, gutxienez hamar egun. Non jan Gastronomia bikaina da eta hiru produktu izarrak dastatu beharra dago: antzara, trufa eta intxaurrak. Toki bat hautatzekotan, Sarlat da aukera gehien duen hiria. Jarduerak Xendazaletasuna, bizikleta, zaldia, kayaka, globoa eta parapentea dira ohikoenak. Le plus beux villages de France Eskualdeak hamar udalerri ditu zigilu horren pean, horietatik zazpi Perigord Beltzean. Honakoak: Saint-Jean-de-Côle, Limeuil, Monpazier, Belvès, Castelnaud-la-Chapelle, Domme, La Roque-Gageac, Beynac-et-Cazenac, Saint-Léon-sur-Vézère eta Saint-Amand-de-Coly. Zinema eta literatura Hiru film gomendatzen dizkizuegu: The Last Duel (2021, Ridley Scott, Eric Jager-en liburuan oinarritua), Le pacte des loups (2001, Christophe Gans) eta Jacquou le Croquant (2007, Laurent Boutonnat), Eugène Le Roy dordoinarraren izen bereko eleberrian oinarritua. Eta Perigord-eko beste egile batzuen lanak irakurri nahi izanez gero, horra Jean Galmot eta Pierre de Brantômerenak.