2023 MAR. 03 Batxinabo, edertasunak ez du izenik Artzena mendilerroa Euskal Herriko mendebaldeko mugaldean dago. Herri txikiz inguratuta dago, eta mendikate dotorea da, hurbil dauden beste tontor batzuen sona ez badu ere. Ebro ibaitik gertu, Cueto, La Mota eta Batxikabo mendiek Burgos eta Gaztela besarkatzen dituzte, eta Gorbeia, Aizkorri edo Anbotoren sona izan gabe ere, ederrak dira. Elurra gordetzen dute neguan, ezpel zuhaiztiak txoko haiei mediterraneo kutsu handia eman arren. Andoni URBISTONDO Kantauri Isurialdean bizi garenoi kosta egiten zaigu Mediterraneo isuriko mendietara joatea. Urrun samar daudelako, eta ipar isurialdean non aukeratu badagoelako. Tarteka, ordea, eta neguan egoera antiziklonikoa denean, komeni da Gorbea, Anboto edo Aizkorritik hegora joatea, gailur horiek hegoaldetik begiratzea. Artzena mendikatea Euskal Herrian mendebaldeen dagoen mendikatea da, Valderexo, Gorobel eta Ordunteko mendiekin batera (azken horiek Bizkaian). 1.300 metroak ondo gainditzen dituzten mendiak dira, eta ipar isurian kutsu alpino nabarmena dutenak. Gaubea eskualdea behe lainotik libre izaten da normalean, Gasteiz eta Arabako Lautada ez bezala, eta eguerdirako egunsentiko hotzak azkar bide ematen dio eguzkiaren epelari. Barrio herria da txangoaren abiapuntua, Gaubean. Bailara malkartsu baten beheko aldean dago Barrio, baina goizeko lehen orduetatik eguzki printzek egunsentiko izotza urtu dute. Tenperatura zeropetik lauzpabost gradura jaitsi da gauean; baina, hankak eta hauspoa martxan jarrita, hotzik ez. Altuera irabazten den heinean, agerikoa da inbertsio termikoa, egoera antiziklonikoetan eman ohi den meteorologia efektua: hotz gehiago bailararen sakonean, aire hotza bertan geratzen delako, eta giro epelagoa mendietan, aire beroa ez delako bailararaino jaisten, hain zuzen ere. A.U. Eliza atzean utzi eta burdin hesi bat zeharkatu behar da pista batean gora, hego ekialderantz. Ordu laurden eskasean pista mendiko xenda bilakatuko da, eta elurra gure ibilerako protagonista bilakatuko da. Itzalpean goaz, Batxikabo haitzaren babesean, eta elurrak luze irauten du han, eguzkiaren berorik gabe. Mediterraneoko pinuak dira nagusi, pagoren bat ere bai. Basoa argitu egiten da une batean; Portillo de la Hoz lepoan gaude, 990 metrora. Ekialdera Bergonda, Gesaltza eta Arabako Lautada ikusiko dugu, azken hori behe lainoak irentsita. Iparrera Los Castros haitza dugu (1.056 metro), baina hego mendebaldera egingo dugu, amildegia hankapean utziz. Ezpeldiak hartzen dio lekukoa pinuari azkar, eta tarteka oso itxi. Mendizaleak begiak ondo irekita egin behar du gorantz, ezpel adarrak bidea bera estaltzen dutelako. Burua makurtu eta gerria jaitsi behar da tarteka, baina bidea zinez ederra da. Ez baita oso ohikoa ezpeldi tunel batean ibiltzea. Ezpel hostoak, gainera, elur geruza handiak pilatzen dituzte, eta bisitariari eskaintzen dion erretratua oso bitxia da. Tarteka, ezpel festak atsedena hartzen du, eta panorama ederra erakusten dio mendizaleari. A.U. Lepotik berehala iristen da gailurra, ordu erdi pasatxoan. Gailurrean gurutze zuri handi bat dago, eta txapan 1.173 metro jartzen badu ere, Batxikabok 1.200 metro ditu ofizialki. Batxikabo izenaren toponimia bitxia da. Pirinioetako Bachimala, Bachimaña eta antzekoen jatorri bera omen du. “Bachi” hitzak bailara esan nahi du. “Cavo” hitzak, aldiz, sakon esan nahiko luke. Batxikabok, beraz, bailara sakon. Gailurretik bistak oso aberatsak dira. La Mota eta Cueto agertzen dira mendebaldera, Artzena mendikateko bi mendi garaienak (1.319 eta 1.362 metro, hurrenez hurren), eta Batxikabo baino zailxeagoak. Hegora Sobron eta Ebro ibaia ikusten dira, baita Umion gailur dotorea ere, Burgosko lurretan, zuri-zuri. Obarenes mendikateko gailur nagusia da Umion (1.437 metro). Hegorago dago Santo Domingo piramidea, Errioxako tontor garaiena (2.262 metro) eta gertuago Toloño, Kantabriako mendiak, Aratz eta Aizkorri, Anboto eta Gorbea, Gorobel eta Castro Valnera, Burgos eta Kantabriako mugan. Amildegi azpian Barrio txangoko abiapuntua txiki ikusten da. A.U. Ibilbide zirkularra Itzulerako bidea egiteko bi aukera ditugu: egindako bidea desegitea, edo ekialderantz jo eta Canto Pero lepora iritsi (1.075 metro). Ordu erditxo batean iritsiko gara. Bost minutu lehentxeago bada lepo itxura daukan txokoa, xendarik gabe. Ez hartu bide hori, eta aurrera segitu, Canto Pero lepora. Elurra egonda ere, oso agerikoak dira arrastoa eta bidea. Bertatik igotzen da La Mota mendira, baina igoera hori beste egun baterako utziko dugu. Pista eroso bat hartu, eta oharkabean altuera galtzen joango gara, elurra lurzorutik desagertzen doan heinean. Barrioko lehen etxeak agertzearekin batera iturri bat ikusiko dugu. Iparrera egin behar da hor, eta hamar minutu eskasean Barrio herrira iritsiko gara. Neguan, elurrarekin hiru ordu eskasean egiteko txango apropos eta erosoa da Batxikabo mendia.