bidaiari - bidaia aldizkaria
Egin planak

Joan Miro, Parisen eragina ahots propioa lortzeko bidean


“Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945” erakusketa ikus daiteke Guggenheim museoan. Dadaismoaren eta surrealismoaren inguruan garatu zituen berrikuntza formalengatik miretsia da Miro, eta arte kontzeptualaren aitzindaritzat ere hartzen da.

XX. mendeko artista nabarmenetakoa izan zenak 1920 eta 1945. urteen artean egindako ibilbideari jarri zaio fokua. Haren ekoizpen artistikoan funtsezkoa izan zen aldia Parisera egindako lehenengo bidaiarekin hasi zuen. “Konstelazioak” egin ondoren, eta urte batzuk kasik margotu gabe eman eta gero, artistak hondo zuri gainean margotutako obra sail handi bat sortu zuenean amaitu zuen. Hain zuzen ere, lan horiek finkatu zuten sortzaile katalanaren lengoaia, hondo anbiguoen gainean flotatzen ageri diren zeinuz osatua. Hasierako errealismo magikotik, pausoz pauso, bere ahotsa nola osatu zuen ikusiko du bisitariak. Nabaria da Mirok historiaurreko artearekiko zuen erakarpena. Bere ohar-koadernoetan hala aitortu zuen, artearen hastapenetara itzuli eta haren jatorrizko zentzu espirituala berreskuratzea zuela helburu.