bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduari begirada

Nanjing-eko aranondo zaharrak, zuriz eta arrosaz dotore jantzita


Udaberrian naturak Nanjing-eko kaleak eta lorategiak lore ederrekin janzten ditu. Txinako ekialdeko Jiangsu probintzian, loreak erori ondoren, kolore arrosak eta zuriak estaltzen dute lurra, berdearekin kontrastatuz. Aranondoa bost eta sei metro artean haz daiteke, jatorriz Txinako hegoaldekoak dira eta duela 3.000 urte baino gehiagotik landatzen dituzte bertan. Egia esan, kultura eta natura batzea txinatarren tradizioaren parte izan da beti. Antzinako txinatarrentzat aranondoaren lorea lau landare nobleetako bat zen, orkidea, banbu eta krisantemoarekin batera. Txinako kultura tradizionalaren arabera, aranondoak, bere izaera noble, sendo eta apalarekin, arrakasta lortzeko inspirazioa ematen du, hotzak hezurrak izozten dituen sasoian loratzen den lehena delako.

Nanjingen, Aranondo Lorearen Nazioarteko 28. Jaialdia otsailaren 13an abiatu zen. 600 urteko aranondoak loratu ziren Xuanwu lakuko parkean. Han itsasontziak ibiltzen dira jendeak kapulu arrosa eta zurien loraldia ikus ahal izateko. Familia, bikote eta lagunak zuhaitzez beteriko bide idiliko eta parkeetan pasieran ibiltzen dira, aintziraren bihotzean dauden irletan. Gaur egun, jaialdia estatu mailako turismo-ekitaldi ezaguna bihurtu da herrialdean, baina atzerritar ugari ere bertaratzen da naturaren ikuskizun honetaz gozatzera eta lasaitasuna bila. Otsailean eta martxoan loratzeari buruzko jarduera tematiko ugari egiten dituzte, gainera, eta milioika bisitari erakartzen dituzte zuhaitzek. Pekinen, bestalde, Ming Dynasty City Wall Relics Park-en Plum Blossom jaialdia ospatzen dute urtero. Ming dinastiaren garaian eraiki zen parkea, eta lore hauez gozatzeko lekurik onena dela esaten dute. Naturaren eszena koloretsu hauek sari handia dira argazkilarientzat. STR/AFP