bidaiari - bidaia aldizkaria
Txotx!

Lagunak, txuleta eta sagardoa

Sagardotegiak erritmoa berreskuratzen ari dira, eta aurten, uzta txikia izan duten arren, denboraldi amaierara arte jendez lepo egongo dira guztiak. Hain gurea den ohiturari berriro heldu nahian, jendea gogoz dago sagardotegira joan eta mahaiaren inguruan sortzen den giroaz gozatzeko, sagardotegiak edaria baino askoz gehiago baitira.


Mundua gelditu zenean, gure ohiturek ere frenoa zapaldu behar izan zuten. Denborarekin, moldatu egin behar izan ziren, baina orain pixkanaka beren onera itzultzen ari dira. Horietako bat sagardotegien txotx garaia da, Euskal Herriko ohituretan kuttunetako bat, lagunarte edo familiartean otordu xume baina gozo batez gozatzeko aukera ematen duena. Nolanahi ere, festaren erdigunea janaria eta edaria izanda ere, esan genezake txotxaren amua ez dela hori, mahaiaren inguruan sortzen den giroa baizik. Jendea gogotsu dago eta upategietan taldeentzako erreserbak egitea zaila da jada, asteburuetan behinik behin, dena okupatuta baitute.

Aurtengo uzta txikia dela iragarri zuten denboraldia zabaldu zutenean, baina zapore handiagoarekin konpentsatuko du gabezia. Izan ere, sagardo berria freskoa eta gozoa da. Kolore ilunagoa du, tanino gehiago eta gorputz handiagoa. Bederatzi milioi litro sagardo ekoiztea lortu dute guztira Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagardogileek; 2020. urteann, berriz, 12,2 milioi litroko errekorra lortu zuten. Bertako sagarrarekin egindako produkzioa 1,2 milioi litrokoa da, 2020ko 4 milioietatik urrun. 2022. urteko uzta urria izateko arrazoiak desberdinak badira ere, bi faktore erabakigarri azpimarratzen dituzte nekazari gehienek: udaberri eta udako lehorteak, eta bi urterik behin tokatzen den uzta txikia. Nahiz eta kantitatez sagardo gutxiago lortu, onurak ere badaude, noski. Sagardoa zaporetsuagoa da eta denboran egonkorragoa. Adituek badakite klimaren faktorea kontuan izan beharko dutela aurrerantzean, urtez urte egoera zailtzen ari delako, hain zuzen ere. Hori dela eta, sagar barietate desberdinak erabili beharko dituzte eta sagardoa ere desberdina izango da, baina horrek ere ez du zertan txarra izan. Kupel bakoitzak zuku desberdinak gordeko ditu, eta txotxaren esperientzia benetan berezia izango da, horiek dastatzeko aukera egongo delako.