2023 MAI. 05 GR-11, Nafar Pirinioko zaina GR-11 zeharkaldiak Pirinioetako bi muturrak lotzen ditu: Cap de Creus Gironan, eta Higer lurmuturra Gipuzkoan, Hondarribian. 900 kilometro luze eta gogor. Zeharkaldiak sei etapa ditu Euskal Herrian, bost Nafarroan, eta horietatik lau Pirinioetako bihotzean, ariman barrena: Izaban hasi eta Elizondon bukatu. Zeharkaldia da, ez du mendi handirik igotzen, baina 100 kilometro pasako ahalegina da, eta 5.000 metroko goranzko desnibel metatua. Bidea garbia da, ezinezkoa da galtzea, eta mapak oso aberatsak. Pazientzia apur eta kemena, ez da gauza gehiago behar. Testua eta argazkiak Andoni Urbistondo Normalean ekialdetik mendebaldera egiten da Pirinioetako zeharkaldia. Alegia, Euskal Herrian hasi eta Katalunian bukatu. Mapak eta ibilbideak ere zentzu horretan egiteko osatuta daude, baina kontrako zentzuan ere egin daitezke etapak. 43 dira denera, eta 900 kilometro pasa. Ez dira asko izango zeharkaldi osoa ekinaldi bakarrean bukatu dutenak. Batez ere etapak oso gogorrak direlako. Erreportaje honetan Izaba eta Elizondo arteko bidea azaltzen da, lau etapatan egindakoa. Atariko zenbakiek halako duda, zalantza sortzen dute, gordinak baitira. 21, 23, 27 eta 29 kilometroko etapak, bata bestearen atzetik. Desnibel metatua ere serioa da: 5.000 metro pasa gorantz, eta 5.600 maldan behera. Beherantz baino gorantz hobeto moldatzen bazarete, egin kontu datu horri. Nafar Pirinioko zaina, autobidea zeharkatzeko garai egokia uda da. Zeharkaldiak zati handi bat 1.000 metrotik gora egiten du, eta paraje horietan zaila da beroak sobera erretzea. Gauetan, gainera, freskatu egiten du, atsedena errazteko. Martxo-apiril aldera ere egin daiteke, lasai asko. Elur malutaren batzuk izan ditzakezu, edo elur belazeren bat zapaldu, baina urduritzeko arrazoirik ez. Nafarroan, eta Izabatik mendebaldera, 1.450 metrora igotzen da gehienez GR-11 bidea. Garai horretan izan dezakezun arazo handiena ostatua aurkitzea da. Erronkarin neguko eski kanpaina betean murgilduta daude, eta bailarako ostatu eta aterpe gehienak lepo beteta daude ikasleekin. Zaraitzu bailaran ere atsedena hartzen dute urteko lehen hiruhilekoan, martxotik abendura bitarte Iratiko oihanak erakartzen duen bisitari kopuru handiaren ondorioz. Izaba Nafar Pirinioko herri bisitatuena da. Mendi garaienak handik daude gertuen, eta jendea trumilka bertaratzen da Erronkari bailarako herrixka xarmanta horretara. Zerbitzuz aberats da, harrizko kalez dotore, eta mendiz ikusgarri. Urzainkitik joanez gero, herri sarreran hasten da GR-11, suhiltzaileen aparkalekutik gertu. Izaba eta Otsagabia lotzen ditu lehen etapak. 21 kilometro hasteko. Mapak begiratuta ez dirudi gogorregia: igoera luze bat, eta jaitsiera luze bat. Igoera Idoia ermitan barrena egiten da, Izabako zaindaria. Eraikin ederra da benetan. Handik gora, eta bi orduko martxan Saitsederra lepora iristen zara, pago zuhaitz erraldoi artean. A.U. 10-12 kiloko motxila bizkarrean, lehen estutua ematen zaio gorputzari, eta aldapa bukatuta elurra eta 0 graduko tenperatura topatzen baduzu, ibilera zaildu egiten da franko. Eguna lainotua da, eta Pirinioko tontor garaienak ezkutuan. Peñablanca da ikusten den bakarretakoa, zuri-zuri (Kakueta ere esaten diote). Millingrate leporaino egiten da bidea zoru belartsuan, eta gero pista zatar samarra hartu behar da. Zatarra, bertatik egin behar delako bide osoa Otsagabiraino. GR-11 edo zeharkaldi luzeek hori dute gabezia bakar: pista zabaletatik egiten dela bidea, ibiltarien nekea arintzeko. Muskildako Ama Birjinak esaten dio mendizaleari Otsagabia gertu dagoela. Egunen joan-etorrian jabetzen da pertsona Muskilda leku askotatik ikusten dela, eta dotore benetan. Muskilda Otsagabiko zaindaria da, eta Zaraitzu bailarako emakume askok izen hori dute, zaindariaren ohorez. Muskilda bigarren etapa hasieran bisitatzen da, Otsagabitik ordu erdi pasatxora oinez. Eraikuntza dotorea da oso, eta antzina babes gune estrategikoa paraje hauetan barrena ibiltzen zen ororentzat. Bideak Abodi mendikaterantz egiten du, iparrera garbi. Abodi Pirinioetako behatoki onenetakoa izango da, onena ez bada. Mendikate belartsua da, aziendaren bazka toki ikusgarria, iparrera Iratiko oihana eta Orhi mendia dituena. Mendebaldetik etorrita 2.000 metroko langa gainditzen duen lehen mendia da Orhi (2.017 metro). Hura zuri-zuri ikusteak halako inpresio berezia sorten du, eta haren ekialdera dauden beste tontorrei begira, denboraren nozioa galtzen du bisitariak: Anie edo Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Ezkaurre… Bata bestearen atzetik agertzen dira harro-harro. Irati filmeko gaztelua Abodin kokatu zuen Paul Urkixo zuzendariak, filma ikusi baduzue argazki dotore hori gogoan izango duzue. Zer esan Iratiko oihanari buruz. Euskal Herriko altxor, Europako bigarren oihan handiena, Alemaniako Oihan Beltzaren ondoren. 17.000 hektareako paradisu berdea. Tira, edo marroia, hori-gorri kolorekoa udazkenean. Tapla gainean hartzen da Abodi mendebaldeko mendikateko bidea, Berrendi harkaitz elegantearen bila. Ollokiate lepoa bilatu behar da, Aezkoako Hiriberri herrixkara jaisteko, eta nekea agerikoa da eguneko azken orduetan. Hainbesterako, gauak eguna jan digula ia-ia Hiriberrira iristeko. Zortzi ordu eta erdi egin ditugu ibiltzen, geltokiekin hamar pasa. Txikituta gaude, baina herriko Berrendi tabernan eman diguten afari oparoak neke guztiak apaldu ditu. A.U. Azken bi etapak, zailenak Hanka zuztarrak oihuka daude goizean, oinetakoak jantzi eta berehala. Hirugarren etapak 27 kilometro ditu, eta burua makurtuta ekin diogu Orbara herrixkarantz, Berrendi agurtzea ahaztuta. Ortzanzurieta, Urkulu eta beste menditzarretatik hegora gabiltza. 17 kilometro egin ditugu Auritzera iristeko, baina beste 10 geratzen zaizkigu eguna bukatzeko, Sorogain aterpean, Erroibarren dagoeneko. Ez nolanahikoak, gainera, Mendiaundi tontorretik pasatzen baita GR-11 bidea, 1.215 metroko mendia. Handik Sorogaineraino dena da beherantz, baina oin zolak justu dauzkazunean beherantz ere sufritu egiten da. Hamar orduko beste jardunaldi bat, eta hanka zuztarrak ezinean… Laugarren eguna ere eguzkitsu jaiki da, aurreko biak bezala. Sorogainen ere ederki zaindu gaituzte. 29 kilometroko etapa amaigabea dugu aurretik, azken zortziak behera eta behera. Gorputza, eta burua muga-mugan daude, baina abiatu egin behar da, bai edo bai. Odiako basoan gozoa da bidea, Aratun lepoan eta Urkiaga mendateraino bezala. Han bunker mordoa dago, Pirinioak atzerriko soldaduen erasoetatik babesteko eraiki zen defentsa lerroa, Francoren aginduz, eta askok bere horretan diraute. Urkiagatik Baztango mendietara igotzen da, eta gero postrea: 1.000 metroko jaitsiera bukaezina Elizondoraino, kilometro asko pistan barrena. Elizondon atsedena. Bakea. Arnasa. Esperientzia aberasgarria bezain gogorra, eta gorputza oso zukututa. GR-11a ederra da, bakartia, eta gero eta hornituago ostatu kontuei dagokienez. Sasoi puntu ona behar da, sobera ez sufritzeko, eta egiteko asmoa baduzu, ondo prestatu. A.U.