2023 EKA. 02 Corrientes, tangoak liluratutako etorbidea Argi-itzalek gurutzatzen dute Corrientes etorbidea. Buenos Aires zeharkatzen duen ohiko ibilaldi honek beti europarra izan nahi duen, baina, aldi berean, ozeano batek bereizitako bi mundu besarkatzen dituen hiri baten kontraste guztia irudikatzen du. Testua: Marcelo IZQUIERDO Argazkiak: Iñaki SARATXAGA Zazpi kilometroko hedadura du Corrientes etorbideak, Villa Crespo, Almagro eta Once auzo kaotiko eta komertziala trebesatzen dituela. Hain zuzen ere, bazar handi bat dela esan daiteke. Eta, besteak beste, oihal zaharrak, opariak, zapatak, kirol jantziak, osagarri elektronikoak eta apaingarriak saltzen dituzten denda zaharrak izkina bakoitzean aurki daitezke Buenos Aires hiriko leku enblematiko honetan. Munduko etorbide gutxik biltzen dituzte hainbeste liburu-denda. Hogei kilometro pasatxotan daude; lau, 100 metrotan. Denetarik dago han. Best sellerrak, liburu zaharrak, erabiliak, agortuak, apal ilunen batean galdutako bitxiak. Egileak berak sinatutako aleak ere badaude, liburu garestiak eta merkeak. Ia oparitu egiten dituzte horietako batzuk, eta, noski, eskaintza bereziak ere badira. Liburu horiek guztiek etorbideko korridore estuetara erakartzen dituzte argentinarrak, eguneko ordu guztietan, gaueko ordu txikiak arte. Inguruan ibiltzeko egun ikonikoak ere badaude. Martxoko asteburu batean "La Noche de las Librerías" ospatzen da etorbidean. Gauza bera gertatzen da irailean "Buenos Aires Tango" jaialdiarekin. Rio de la Platako dantza sentsualaren pista handi bat bihurtzen da Corrientes. Corrientes etorbidea, pertsonaiak eta istorioak Latinoamerikako hiririk erakargarrienetako baten funtsezko zati hori ezergatik aldatuko ez luketen pertsonaiek moldatutako mundua da etorbide hau. Mirta Contrera, 70 urteko irakurle amorratua, pentsioduna, betiko Corrientes etorbideari lotuta dago. Liburu-dendak dira bere pasioa: «Denak multzokatuta daude, liburu erabiliez, liburu berriez. Buenos Airesko jendeak asko irakurtzen du. Gazteek tabletak eta bestelako gailuak nahiago dituzte, baina niretzat ez dago papera bezalakorik. Badu beste erakargarritasun bat». Liburuak dira porteñoen plazer handienetako bat. Are gehiago, Corrientes munduko ezergatik aldatuko ez lukeen emakume honek deskontu txartel bat du, liburu-denda tradizionalenetako batekoa. Zenbat eta gehiago erosi, orduan eta merkeago hurrengo alea. Seme-alabarik gabe eta bizimodu lasaiarekin, konfiantza du herrialdean, baina ez hainbeste politikariengan, are gutxiago argentinarrek presidente berria aukeratuko duten aurtengo hauteskundeetan. Auzitegien eremua, Corrientes etorbidetik HURBIL Delfina de la Torre abokatua da eta 26 urte ditu. Tigre hirian bizi da, Buenos Aires kanpoaldean. Herrialdearen erdialdean kokatu dagoen Kordobako probintzian jaio bazen ere, Corrientes bere bizitzaren parte bezala sentitzen du. Delfinak 2017tik lan egiten du Ganbera Zibilean. Apelazio auzitegi bat da. Bere bulegora ondare arloko eta familia arloko gaiak iristen dira, aldeetako batek lehen auzialdian errekurritu dituen kasuak, hain zuzen. «Epaitegiaren esku jartzen diren kasu horiek ebazten ditugu guk». Jendearen mugimendua oso goiz hasten da. Delfinak epaitegietan egon betar du 7.30ean, eta sei orduz jarduten du. Ez da kexatzen: «Nire soldata arrazoizkoa da eta ordutegira, lan kopurura eta lan dinamikara egokitzen da». Billarrak bizirik dirau German Bernalek 70 urte ditu. Gurasoak Andaluziatik iritsi ziren Argentinara. Merkataria eta diru-zorro eta osagarrien diseinatzailea da, baina gauza guztietatik harago pasio bat du: billarra. «Hobby bat da. 14 urte nituela hasi nintzen jolasten», gogoratu du. "La Academia" Callao etorbideko tabernan jokatzen du, Corrientes etorbideko kantoian, Obeliscotik kilometro batera. Leku magikoa da. «Duela hamar urte arte, "La Academia" leku jendetsuenetako bat zen. Ezagunenetako bat. Denborak aldatu egin zuen, espazioa murriztu egin zen», esan du. German eta bere lagunak han elkartzen dira, edo beste taberna ezagun batean, "Los 36 Billares". Mayo etorbidetik hurbil dago, hiriguneko beste ibilaldi tradizional batean topa daitekeen aretoa. «Bertan nazioarteko txapelketak egiten dira, "La Academian" jada ez», dio Germanek. Corrienteseko historiaren parte da taberna, hango leku enblematikoetako bat. Hiriak ondare historiko izendatu zuen. Makila hartu eta billar mahaian kokatzen den bitartean, herrialdeak gaur egun duen arazo nagusia inflazio handia dela dio, nabarmenduz %100 gainditzen duela eta argentinarrak ito egiten dituela. Tangoaren ikuspegia Buenos Airesko erdigunean XX. mendearen hasieran tangoa taberna ziztrinetan dantzatzen zen, "piringundines" izena hartu zutenak. Gehienak, gaur egun arte, "Bajo" zonan zeuden, Río de la Platatik gertuen dagoen Corrientes etorbidearen sektorea barne hartzen zuena. Dantzari zaharrek etorbide handira iristearekin amets egiten zuten. Horietako batek, Juan Carlos Copesek, amets hori lortu zuen. 2021ean hil zen 89 urte zituela. María Nieves dantza bikotekidearekin batera, "Tango Argentino" ikuskizuna sortu eta mundu osoa zeharkatu zuten. «Nik Corrientesi buruz dudan oroitzapenik handiena Copes ikustera joatea da», dio Federico Cacherok. 29 urte ditu eta soilik urtebete nagusiagoa den Emilia Auron bere lankidearekin batera dantzatik bizi da. Emiliak, bere lagunak, 2x4ko erritmoa dantzatzen du duela hamarkada batetik. 4 urterekin hasi zen ballet eta dantza garaikideko eskolekin. Gero, nahiago izan zuen tangoa: «Lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen, eta hemen nago, hamar urte geroago». Dantzak, biek batera diotenez, liluratu egin zituen. Emiliak barru-barruan darama: «Hasi eta bukatzen ez den zerbait da». Federikok, bere ondoan, berresten du: «Bizitza osorako da». Gaur egun Buenos Airesen tangoaz bizitzea posible da. Dantza areto asko daude, ikuskizun ugari. Hala ere, Federikok agintarien konpromiso handiagoa eskatzen du bere dantza nazionalarekiko. Buenos Airesen dago Arteen Unibertsitate Nazional ospetsua (UNA, estatukoa). Tangoa irakasten da han, baina karrera ikerketara bideratuta dago. Dantzaria trebatzen duten udal eskolak ere badaude. Baina ez da nahikoa. Maisu handiak bilatu behar dituzte, irakats diezaieten. Mugimendu handiko etorbide eroa Buenos Aires kaotikoa da. Zirkulazioak gainezka egiten du. Baina oinezkoek bizirik segitzen dute hango etorbide zabalen artean. Daniel Rodriguez da horietako bat. 61 urte ditu, eta bi seme-alaba. Haren amona Pontevedran jaio zen eta harro darama bere jatorri galiziarra. Garai batean, dioenez, taxista izatea jarduera errentagarria zen. Baina orain bi arazo sortu dira: krisi ekonomikoa eta Uber edo Cabify bezalako aplikazioen agerpena. Duela urte gutxi arte 30.000 taxi inguru zeuden Buenos Airesen. Gaur kopuru hori erdira jaitsi da. Rodriguezek aplikazioei egozten die errua: «Lana kentzen digute. Bokaziozko taxilariak baino ez gara geratzen, benetan zerbitzu ona ematea gustatzen zaigunak, legezkoa, aseguruduna, autoak baldintza onenetan dituena eta lizentzia profesionalarekin». Bizitza osoa taxian daramanez, ondo ezagutzen ditu txoko guztiak. Antzokiak, eskaintza gastronomikoa eta hotelak aipatzen ditu, baina, bereziki, gaueko bizitza. «Lo egiten ez duen etorbidea deitzen zaio, 24 orduz jarduera baitu». Pazientzia handiz, etorkizunarekiko oso eszeptikoa dela dio. Argentinako ekonomia buruko min handia bezalakoa da, eta hiriaren erdiguneak krisi nazionalen joan-etorriak islatzen ditu. Berak politikariei egozten die erantzukizuna: «Zoritxarrez, ustelkeria maila handia dugu. Beren interesean gehiago pentsatzen dute, herritarrenean baino. Gure agintaritza politikoak ez dauka behar duen maila». Jendeak bere bidea jarraitzen du. Buenosairestarren begiradek etorkizunera seinalatzen dute. Eguzkiak eta ilargiak moldaturiko etorbide baten argiak eta itzalak galdu egiten dira bertan bizi direnen urrats presatuen artean. Buenos Airesek ez du lorik egiten. Beti hartzen du arnasa.