bidaiari - bidaia aldizkaria
Egin planak

Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak, ikusgai


Irailak 14-Azaroak 4

Izua, zientzia fikzioa eta fantasia. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak... “Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak- Aguilar-Haraguchi Bilduma” erakusketa prestatu dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astearen esparruan. Okendo Kultur Etxean izango da ikusgai, azaroaren 4ra arte.

Japoniako animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, munduan zehar abiadura handian hedatzen hasi eta egungo egoerara iritsi arte -eta gaur egun J-Horror izenez ezagutzen denaren agerraldi nabarmenaren aurretik-, Japonian fantasiazko generoko film ugari ekoitzi ziren irudi errealean: kabukitik sortutako mendeku espektralen istorioak, yokai izenez ezagutzen diren tokiko iratxoekin izandako gorabeherak, egun munduko izar bilakatutako Godzilla horrek irudikatutako munstro erraldoiak, edo mendebaldeko zinemako modak egokitzen zituzten filmak, besteak beste, estralurtarren inbasioak edo banpiroak.

Zinema horrek guztiak irudimen handiko kartelak sortu zituen, gaur egun oso preziatuak. Aguilar-Haraguchi Bilduma munduko handienetako bat da. Posterrak, prentsa gidak, argazkiak, pressbook-ak eta orain nekez aurki daitezkeen publizitateko materialak biltzen ditu.