bidaiari - bidaia aldizkaria

Hartz arreen tripa-festa, Brooks Falls-en

Negu gogorraren ondoren, Katmai Parke Nazionalak gainerako sasoietan baino askoz ere bisitari gehiago erakartzen ditu. Ekaina eta urria bitartean hartz arre handiek izokinak ibaian nola harrapatzen eta jaten dituzten ikustera hurbiltzen dira. Egia esan, naturaren ikuskizun liluragarrienetako bat da, zirraragarrienetakoa.

Hartz arre handiek izokinak harrapatzen.

Hartzak, urtero, mendietatik jaisten dira berriro, ibaietan izokinez elikatzeko. Urtze garaia hasi da Alaskan eta Brooks Fallsera itzultzeko aprobetxatzen dute, hibernazio denboraldi luze eta gogorraren ondoren.

Ehunka bisitariren begien aurrean, hartzak estrategikoki kokatzen dira ur-jauzien goialdean, zain, arretaz begira, izokinak ibaian gora igeri doazenean. Izokinak milaka dira eta helburu bakarra dute: errioan gora joatea errutera. Hartzen asmoa, aldiz, beste bat da: ahalik eta izokin gehien harrapatu eta jatea, berriz ere, negua hurbiltzen denean, hibernatu aurretik.

Alaskako hegoaldean kokatuta, Katmai Parke Nazionala munduko lekurik onenetakoa da hartz arreak beren habitat naturalean arrantzan ikusteko. Parkeko Brooks Camp parkea prestatuta dago jendeari arreta egokiena eskaintzeko: bisitariak ur-hegazkinetan sar daitezke zentrora, kanpamentua eta aterpetxea ditu, baita zurezko behaketa-plataforma altuak animaliak arriskurik gabe behatzeko ere. Begiztatze-denboraldian, jakina, pasabide horiek jendez gainezka egoten dira, kamera eskuan dutela aho zabalik.

Urrutitik ikus ditzakete milaka izokin korrontearen kontra igerian, erritmo geldoan, batzuk uretan zintzilik baleude bezala, bidean hartzak zain daudela, egon ezinik, gehienak ur-jauziaren gailurrean eserita, gosez. Denak adi egoten dira, prest, atzaparkada une egokian emateko eta ahoa behar den lekuan zabaltzeko.

Azken urteotan ikusgarritasuna galdu duena, aldiz, “Hartz potoloaren astea” da, bertan urtero egiten den lehiaketa. Katmai Parke Nazionaleko hartz arre sendoenen kurbak eta pisua saritzen dituena. Zehazki, hartzek udaberritik -meheen dauden fasea- udazkenera bitartean izaten duten eraldaketa saritzen du lehiaketak. Izan ere, pisua %50 handitzen dute.

Hartzek 45 kilo izokin baino gehiago jan ditzakete uda eta udazken arteko egun bakarrean, hibernazio-prozesurako prestatzen ari direnean.

Antolatzaileen iritziz, lehiaketak hartzak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dio jendeari. Guztira, 2.000 hartz baino gehiago daude. Boto-emaileek animalien eguneroko bizitzari buruz asko ikas dezakete bertako kamerari esker. «Alaskako eta Katmai Parke Nazionaleko hartz arreen inguruko kontzientzia handitzeko ekimena da», adierazi dute.

Euren esanetan, lehiaketak bigarren helburu bat ere badu: izokinen migrazio-bideetan gizakion esku-hartzeak eragindako arazoaz kontzientziatzea, hori baita hartzen elikagai nagusia.

«Oso gaizki egiten ari gara Kaliforniako, Oregoneko eta Washingtongo zenbait tokitan, habitatak galdu direlako eta hesiak presa bihurtu direlako. Horrez gain, klima-aldaketa kalteak areagotzen ari da lehorteekin eta bero-boladekin», diote.