2024 MAR. 01 Elkarrizketa Javier Sánchez-Monge «Azkar desagertzen ari diren munduen testigantza ematea da nire eginkizuna» Testua: Roge Blasco. Argazkiak: Javier Sánchez-Monge Filosofian eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Heidelbergen (Alemania) eta hainbat hizkuntza dakizki Javier Sánchez-Mongek. Bere izaera aldatu duten abentura sakonak bizi izan ditu. Orain arteko ibilbide etengabean gure zibilizaziotik kanpoko gizarteen argazkiak atera ditu, Amazoniako oihanean, Errusiako taigan, bai eta Txina eta Myanmarreko etnien artean ere. ‘El arte de la fotografía documental’, ‘Seres solitarios’ eta ‘Hacia los amaneceres rojos’ liburuen egilea da. Madrilen jaioa (1965), Aaiunen hazi zen, Mendebaldeko Saharan. 16 urte zituenean autoz joan zen Madrildik Bamakora amonarekin eta, hilabete batzuk geroago, Oregongo herri txiki batera joan zen UBI ikastera. Handik, gero, zeharkaldiak egin zituen. Depresio existentzialista batetik irteteko, 9 hilabetez (1988-1989) Ekuadorreko Amazoniako oihan sakonean bizi izan izan zen, huaorani natiboekin. Denbora horretan biluzik bizi izan zen, indigenak bezala, eta eguneroko zereginak partekatu zituen, arrantzan eta ehizaldietan lagunduz. Urtebetez Indian ibili zen sadhuen atzetik, eta dalit edo ukiezinen argazkiak atera zituen. Kastarik apalena eta diskriminatuena. Beste urte batean, Txinan sartu zen, Taiwango bere emazte Yalien-ekin batera, tibetar kulturako urruneko monasterioetaraino. 10 urte eman zituen Phnom Penh-en (Kanbodia). Bertan, zabortegi bateko bizitzari buruzko dokumentu-lan zabala egin zuen, eta azido-erasoen biktimak erretratatu zituen. 2013an Haiyan tifoiaren suntsipena islatzera joan zen Filipinetara. Infernura jaistea bezala izan omen zen. Kamera eskuetan eta oinez, hilabete eman zuen Tacloban Hirian, hilotzez eta hondakinez inguratuta. Rohingyen exodoari ere jarraitu dio, Myanmarreko Arakan estatutik ihes egin ondoren. Orain, Madril eta Kanaria uharteen artean dabil, bizi izan dituen urte arriskutsuak kroniketan kontatzen. Bidaiek eta beste kultura eta herrialde batzuekin izandako esperientziek nola bideratu zaituzte fotokazetaritzara? Lehenik, abenturak izan ziren, gero eta biziagoak zirenak. Salaketa-argazkigintza deskubritu nuen, eta horixe bihurtu zen nire eginkizun nagusia, azkar desagertzen ari diren munduen testigantza ematea. Zeintzuk izan ziren muga-mugan bizi izandako urteak? 2009tik 2019ra, nire emaztearekin Phnom Penhen bizi izan nintzenean, nahiz eta, egia esan, bizitza osoan egon naizen “al limite” bizitzen. Garai hartan, Asiako hego-ekialdeko hainbat lekutan zenbait proiektutan sartuta nengoen (azido-erasoak, muturreko pobrezia, drogazaletasuna, etniak, uholdeak...). Eta Tibetera joaten nintzen bon tradizioko zeremoniei argazkiak ateratzera edo Filipinetara hondamendi naturalak ezagutzera ematera. 2020an Madrilera itzuli nintzen arte ez nintzen gelditu. Zeintzuk izan ziren lehen bidaiak? Nire haurtzaroa Mendebaldeko Saharan eman nuen, aitak mediku lanak egiten baitzituen Aaiunen. Hamaia arrazetako jendez inguratuta nengoen. Gaztea nintzenean, pentsatzen nuen azaltzen ez ziguten beste bizimodu mota bat egon behar zuela. Eta nire amonak aurkitu zuen irtenbidea, bere lagunekin Afrikan zehar bidaia bat egitera eramanez. Parisen Peugeot 504 autoak erosten zituzten eta Maroko eta Aljeria zeharkatu ondoren, azkenik, Bamakon (Mali) saltzen zituzten. Horrelako bidaia batzuk egin nituen, begiak mundura zabaldu zizkidatenak. 1983an beka bat lortu nuen Ameriketako Estatu Batuetan UBIren baliokidea ikasteko. Nire lehentasunei erantzunez, Oregon estatuko behizainen arrantxo batera bidali ninduten. Herria ñimiñoa zen, eta egun batzuetan zaldiz joaten nintzen institutura. Hartu ninduen familiako aita erdi indiarra zen, naturari begirune handia zion ehiztaria, basoa irakurtzen zekiena eta koioteak eta hartzak non zebiltzan sumatzen zuena. Kanoaz joaten ginen Umpqua ibaian zehar. Filmeko bizitza bat zirudien, nahiko basatia. Saltorik handiena huaorani-ekin izan nuen, Ekuadorreko Amazonian. Denbora horretan arropa erantzi eta armiarma tximino bat adoptatu zenuen, Uh izenekoa. ‘Onga’ edo etxola komunal batean bizi zinen. Nola aldatu zen zure eguneroko bizitza? Hilabete haietan ikusi nuen nola hondatzen ari zen huaoranien habitata Yasuniko parke nazionaleko oihanaren barruan. Petrolio-enpresak sartu eta kanporatu egiten zituzten. Egoera hori oso tristea zen niretzat. Une batean, presio psikologikoa oso gogorra izan zen, eta horri malariaren eraso gogorrak gehitu zitzaizkion. Militar batzuek kaputxinoen misiora eraman ninduten. Oso egoera txarrean nengoen, ia hilzorian, erabat deshidratatuta. Ondoren, San Petersburgon bizi izan zinen. Juriren popearen laguntzaz, Errusiako taigan Mikhail Mikhaillovitx bisitatzea lortu zenuen. Arrantzalea zen Ladoga lakuan eta erabateko bakardadean bizi zen. Bere lagun bakarrak bele bat eta inguruan habia zuen hartz bat ziren. ‘Seres solitarios’ liburuko pertsonaietako bat da. Mikhail estalinismo garaitik zetorren. II. Mundu Gerran San Petersburgoko setioan hil zen emaztea, asko gurtzen zuena. Taigara joan zen bakarrik bizitzera, inoiz itzultzeko asmorik gabe. Pertsona lotsatia bihurtu zen, urteak baitzeramatzan inor ikusi gabe. Hartza zuen bizilagun; arrantzatik etortzen zen bakoitzean zerbait uzten zion habia parean. Euren artean, errespetua eta nolabaiteko konplizitatea zegoen, espezie ezberdinak izan arren. Belea udaberrian etortzen zen eta Mikhailek landutako patatak jaten zituen. Aspalditik ezagutzen zuten elkar, baina taigan bizirautea ez da batere erraza. Erriflea kargatuta zeukan eta, zalantza askoren ondoren, tiro egin eta hil egin zuen. Negarrez hasi zen, eta denbora luzez egon zen triste, laguna zuelako, belearen presentziak bakardadea arintzen ziolako. Damututa lurperatu zuen. Istorioa kontatu zigunean, negarrez ari zen. Nola ezagutu zenuen Yalien, zure emazte jatorriz taiwandarra? Bitxia bada ere, kalean ezagutu nuen, Madrilen. Nik txinera ikasi nahi nuen eta etxera gonbidatu nuen, irakaslea delako. Dena utzi eta motxilekin munduan zehar bidaiatzeko ametsa kontatu genion elkarri, eta handik gutxira jarri ginen martxan. 2005ean hasi ginen elkarrekin mugitzen, eta 2009an Kanbodiara joan ginen bizitzera behin betiko. Siem Reap-eko zabortegian, Angkor Wat-etik gertu -munduko tenplu multzo handiena-, zabor-biltzaile batzuen adiskide egin zinen. Zergatik haiekin duzun konpromisoa? Aldiro-aldiro kolonia hau dokumentatzen ibili nintzen, haiekin bizitzen montzoien garaian eta zaborrak erretzean zituztenean. Umeak nola hazten ziren ikusi nuen. Lotura sendoa sortu zen; argazkiak ateratzen nizkien eta donazioak eramaten nituen. Zer dago Kanbodian erretratatu dituzun azido-erasoen biktimen atzean? Khmer Gorriek egindako genozidioaren ondorengo belaunaldia traumatizatuta zegoen, alkoholismoan eta drogetan erorita. Umezurtz asko eta jende nahasia eragin zituen. Kanbodiarren izaera oro har maitagarria den arren, indarkeria-leherketek azido-erasoen epidemia ekarri zuten. Horrelako erasoak jasan zituen jendearen bizitza dokumentatu nuen. Benetan urratzailea zen, ezin zuten elkar ezagutu ere. Zergatik gertatzen ziren? Ehuneko handienak desegindako maitasun-harremanekin lotzen ziren. Emakumeek erasotako gizon gehiago zeuden. Mezua da: nirea ez bazara, ez zara inorena izango. Paziente gisa izan zuten bilakaera jarraitu nuen, kirurgiei, gizartean zuen integrazioari eta prozesu judizialari argazkiak eginez. «Aunque el carácter de los cambodianos es en general entrañable, las explosiones de violencia derivaron en una epidemia de ataques de ácido. Documenté la vida de la gente que había sufrido este tipo de agresiones»