2024 UZT. 05 Ezra Gojenola Elkarrizketa «Euskal Herrian ni naiz munduko herri guztiak bisitatu dituen bakarra» Ezra, Marco Aurelio arkuan, Tripolin. Roge Blasco Argazkiak: Ezra Gojenola Pertikak utzitakoak NBEko kideak diren herrialdeak –193 gehi bi estatu behatzaile: Palestina eta Vatikanoa– bisitatu dituen lehen euskal herritarra da Ezra Gojenola Pertika (Ondarroa, 1987). Bere berezko jakin-minak mapetan eta bidaiari handien kontakizunen gozamenean murgildu zuen txikitatik. Gurasoek berari eta Aihen anaiari kutsatu zieten inguratzen gaituen mundua ezagutu eta ulertzeko grina. Familiako lehenengo bidaia urruna Egiptora egindakoa izan zen. Ezrak hamar urte zituen eta Aihenek, zortzi. Adin goiztiar horretan, piztu zitzaien biei herrialde albait gehien ezagutzeko gogoa. Eta, harrezkero, oporrak eta egun libre guztiak aprobetxatu zituzten leku berriak bisitatzeko. Ezra Ekonomian lizentziaduna da Mosbacheko Unibertsitatean. Alemanian lan egin ondoren, Bartzelonara joan zen, non ohiko bizitza egiten zuen, harik eta 2020ko hasieran lanerako bidean moto istripu larri bat izan zuen arte. Susperraldi prozesua pandemia garaian jasan zuen eta, jakina, eragina izan zuen bere bizimoduan. Errekuperazio faseko hilabeteetan, bizitzaren hauskortasunaz eta iheskortasunaz hausnartu zuen, eta baita zein garrantzitsua den gure ametsak betetzen saiatzea, aukera dugun bitartean. Orduan erabaki zuen anaiarekin Erdialdeko Amerikara bidaiatzea. Eta, esperientziaren ondoren, argi izan zuen NBEko herrialde ofizial guztiak osatzeko falta zitzaizkion 90 herrialdeak bisitatu behar zituela. Horretan jardun du buru-belarri, erabakia hartu zuenetik. Elkanok (1519-1522) munduari lehen bira eman zioneko 500. urtemuga zen eta, euskaldun bezala, balentria honek inspirazio iturri gisa balio izan zion Ezrari. Non erregistratuta dago Lurreko herrialde guztiak osatzen dituen lehen euskal herritarra zarela? Ba al dago zerrenda hori egiaztatzen duen mundu mailako erakunderik? NomadMania bidaiari komunitate batek osatutako Interneteko orrialdea da, nazioarte mailan aintzatespenik handiena duena. Pasaporteak erakusten dira bisekin edo herrialde horietan egon zarela frogatzen duen dokumentu grafikoren batekin. Egiaztatuta dago orain arte 260 pertsona inguruk lortu dutela munduko herrialde guztiak bisitatzea, eta Euskal Herrian ni naiz hori lortu duen bakarra. Aihen anaiak askotan laguntzen zaitu. Helburu bera lortzeko bidean da bera ere? Bai, orain arte 182 herrialdetan egon da, eta laster guztiak bisitatzea lortuko du, umetatik partekatzen genuen ametsa betez. Ez dut zalantzarik. Bera da nire bidaia lagunik onena; elkarrekin herrialde askotan ibili gara, batez ere Afrikako kontinentean eta gatazka armatuetan murgilduta dauden herrialdeetan. Zoritxarrez, egun herrialde asko daude egoera horretan. Elkarri laguntzen diogu eta animatu bietako bat ahulago dagoenean. Hainbeste une partekatu ditugu elkarrekin, ezen polita izango litzatekeen munduko herrialde guztiak bisitatzen dituzten lehen anaiak izatea. Mapekiko duzun interesagatik hasi al zen dena? Historia eta giza balentria handiei buruzko jakin-mina duen pertsona naiz. Gurasoek txikitatik eramaten gintuzten museoetara. Ernamuin bat sortu zen duela 25 urte, familian Egiptora joan ginenean. Haurtzaroan hainbeste irakurri nituen liburuetako beste pertsonaia bat bezala ikusi nuen neure burua. Gure mundu handia nire begiekin ahalik gehien ikusteko irrika sentitu nuen. Egipton umetan egindako egonaldia eta heldua zinela izandako moto istripua izan al dira zure ametsa betetzera bultzatu zintuzten aldaketa nagusiak? 2020an moto istripu bat izan nuen Bartzelonan, lanera nindoala. Auto batek abiadura handian harrapatu ninduen, eta hainbat hilabete behar izan nituen osatzeko. Bizitza zein hauskorra den pentsatu nuen; edozein unetan joan gaitezke, konturatu gabe. Une egokia zen nire bizitzan geldialdi bat egiteko, neure buruarentzat denbora bat hartzeko, lana alde batera utzi eta ehuneko ehunean nire pasioan aritzeko: bidaiatzea eta mundua ezagutzea. Istripuari pandemia gehitu zitzaion. Garai arraroak izan ziren pandemiagatik eta istripuaren bizipen traumatikoagatik, zorigaiztokoa izan zitekeena. Beherantz nindoala sentitzen nuen, harik eta gurasoek eta anaiak Erdialdeko Amerikan bidaia bat egitera animatu ninduten arte. Mugitzeko irrika berreskuratu nuen eta hurrengo hiru urteetan abentura hau burutzeko erabakia hartu nuen. Ordura arte 105 herrialde zeneramatzan, 90 herrialde falta zitzaizkizun guztiak osatzeko. Nola lortu duzu epe horretan egitea? Zona geografikoen arabera taldekatzen eta zeharkatzen nituen herrialdeak. Etxera itzultzen nintzen berriro, bisa eta baimenak kudeatzeko. Aldez aurreko lan hori oso neketsua da, eta are nekezagoa pandemia garaian. Herrialde askok mugak itxita zituzten, eta inguruko herrialdeetako enbaxadetara joan behar genuen, zirkulazioa ahalbidetuko zigun dokumentu bat eman ziezaguten. Hori gertatu zitzaigun Liberiatik Sierra Leonara joan ginenean, baina beste kasu batzuk ere izan ziren. Nola planifikatzen duzu logistika Ozeano Bareko uharteak bisitatzeko? Herrialde ñimiño eta oso sakabanatuak daude ozeano zabal honetan... Gure planteamendua izan zen bidaia bakar batean egitea, bakar bat utzi gabe. Batzuetara iristea zaila da, urruti daudelako, hala nola Tuvalu, Kiribati, Nauru, Marshall... Kontuan izan behar da bata bestearekin lotura gutxi duten uharteak direla. Adibidez, Nauruk (Vatikanoaren eta Monakoren ondoren hirugarren herrialderik txikiena) komunikazio oso gutxi ditu. Beraz, hurrengo hegaldia hartu arte astebetez bertan egotera behartuta zaude. Aukerarik onenak konbinatu behar dira, denetara iritsi ahal izateko. Zein estrategia erabili zenuten Libian edo talibanen Afganistanen sartzeko? Mendebaldeak ezarritako gobernua erori eta talibanak itzuli zirenean, Afganistanen sartu ziren lehen bisitariak izan ginen. Islamabadeko Afganistango enbaxadara joan behar izan genuen, Pakistango hiriburura, enbaxadore talibanarekin elkartzeko. Hark, azkenean, oniritzia eman zigun herrialdean sartu ahal izateko. Libiara, berriz, negozio bisarekin bakarrik joan zaitezke. Gure kasuan, petrolio enpresa bateko langileak ginen. Eta halaxe lortu genuen sartzeko baimena. Zein herrialdek markatu zaitu gehien bere gordintasunarengatik? Gerran dauden herrialdeak, benetan behar asko dituztenak edo pobrezia hutsean daudenak… Denetarik ikusi dut. Baina esango nuke Haitin sentitu dudala segurtasun falta gehien. Une honetan banda armatuek agintzen dute, batez ere hiriburuan, Port-au-Princen. Suntsitutako herrialdea da, gobernu egonkorrik gabekoa. Biztanleek ez dute bizitzeko baliabiderik. Zergatik aukeratu duzu Cabo Verde azken helmuga gisa NBEko herrialde kide guztiak osatzeko? Juan Sebastian Elkano miresten dut, gizateriaren historiako bidaiari handienetako bat. 1522an amaitu zuen munduaren inguruko lehen itzulia eta, Sevillara itzuli aurretik, Cabo Verdera joan zen. Bere espedizioa ohoratzea erabaki nuen. Eta ba al dago Afrikako artxipelago hau baino leku aproposagorik bukatzeko? Victoria itsasontzia ere Ondarroako ontzioletan eraiki zen, eta, txikitatik Getxon bizi izan naizen arren, aitaren aldetik eta sentimenduz, ondarroarra naiz. Beraz, 2023ko irailaren 25ean, Elkanoren itzulitik 501 urtera, munduko herrialde guztien zerrendaren amaiera ospatu ahal izan nuen. Gainera, gurasoak eta anaia etorri ziren ospatzera. Beraz, gogoratzeko eguna izan zen. Somalilandia bezalako onartu gabeko herrialdeetan jarraitzeko asmorik baduzu? Bertan geldialdi bakarra egin zenuen... Hiru falta zaizkit. Horietako bat Somalilandia da, non bi orduz egon nintzen, baina honek ez dit balio. Uste dut bi egun eta gutxienez gau bat egon behar dela bisita jasota gera dadin. Abkhazia eta Hego Osetia ere falta zaizkit. Bi lurraldeak Georgian daude, baina independentetzat hartzen dira, Errusiak eskualde horietan duen eraginagatik. Adibidez, Transnistria eta Moldaviaren kasua.