2024 URR. 04 Soila mendia, aberatsa Arabako Mendialdean paraje eta inguru basatiak daude. Korres, Buxanda eta Antoñana zaintzen ditu Soila mendiak. Biluzia, babes gabea, pobrea esan nahiko zuten izena erabaki zutenek, baina kontrako sentsazioa ematen dio bisitariari, aberastasun franko gordetzen baititu. Andoni Urbistondo Izki Natur Parkea ikaragarria da tamainaz, 9.143 hektarea. Gizakia da denetan apalena paraje haietan, eta gizakiak zaindutako aziendak ondoren. Inguru basatian libre, gozo sentitzen diren animali mordoa genuke segidan, eta landaredia aberatsa azkena. Izki errekastoak Izki mendilerroa zatitu du bitan gizaldiz gizaldi, eta errekastoa babesten duen landaretza beste alderdi geografiko eta klimatikoetakoa dirudi, Tropikoa. Bidean ezpel eta pago baso tuneletan barrena ibiliko gara, eta ameztizko haritzaren erresuma oparoa ezagutu; Europa osoan dagoen gune garrantzitsuenetakoa da Izkiko ameztizko haritza. Aukera ugari ematen dituen txangoa da Soila mendia. Erraz egin liteke, bizpahiru orduan Antoñana, Buxanda edo Korres, Arabako Mendialdeko herrietatik abiatu eta bueltatuta; egun erdiko txango erraza da. Artikulu honetan hiru herriak bisitatzea proposatuko dugu, lasai-lasai lauzpabost orduko osteratxoa egiteko. Abiapuntu Buxandan, Korres bide erdian iritsi eta sabeleko orroak apaltzeko, Soila gailurrean hamaiketako ona egin eta handik Antoñana herrian bukatzeko. Txangoa toki ezberdinetan abiatu eta bukatzen denez, bi auto eramatea komeni da, baina halakorik egiteko aukerarik ez bada, Soila gailurra igo ondoren, Buxandara, txango hasierara erraz jaitsi daiteke. Buxanda Antoñanatik lau kilometrora dago, eta herri atarian lur pista batean barrena ekingo diogu Korres aldera. Seinaleztapena bikaina da, ez dago galbiderik, puntu horiak jarraituz gero. Izki errekastoak sortutako arroila ikusgarriaren babesean egingo dugu lehen ordu eta erdia, ekialdetik mendebaldera. Soila gailurra lainoek bereganatuta dute, baina Gaztelu erpinak bista onak eskainiko dizkigu. Ordu erditxoa pasatu ostean, errekastoa zeharkatu eta Aranbaltza urmaelera iritsiko gara. Udan eguraldi trumoitsua, hezea izan da Euskal Herriko txoko askotan, eta urmaela eta ur jauzia urez lepo datoz Ega ibaira bidean. KORRES Azkar ikusiko ditugu Korres herrixkako lehen eraikinak, bidera itzulita. Haitzeko Andra Mariaren baseliza, hain zuzen ere. Izki Natur Parke barruan dagoen herrixka bakarra da Korres, ederra benetan, garbitegi bitxi batekin herriaren sarreran. Zeharkatuko dugu herrixka, eta elizan gora Soila gailur aldera abiatuko gara. Izki errekastoaz bestalde, zaindari, El Santo eta La Muela Izki mendikateko gailur garaienak agertuko zaizkigu. Pista utzi ondoren, mendiko xenda goxo eta bigunean sartuko gara, eta ezpel, arte eta pago tunelean barrena ibili. Bide nagusitik 100 bat metrora dago, bailara aldera. Han jabetuko gara aurrez aurre eta gure bizkar ditugun haitzen handitasunaz. Haietan putreak bakarrik bizi dira! Baso itxia bukatzearekin bat iritsiko gara bidegurutze batera. Soila gailurrera iristeko bidexka ikusiko dugu, gure ezkerrera, ixa erraldoi batekin adierazia. Alegia, bertatik ez joateko gomendioa egiten da, ez delako bide nagusia. Soila gailurra egin ondoren erabiliko dugu bide hori. Zergatia? Sinplea. Soila ezproiaren magaletik bidea askoz politagoa, aberatsagoa delako. Besteak beste, Gaztelu gailurreko behatokia duelako. Bide nagusitik 100 bat metrora dago, bailara aldera. Han jabetuko gara aurrez aurre eta gure bizkar ditugun haitzen handitasunaz. Haietan putreak bakarrik bizi dira! HAGINA ETA EZKIA Soilako ezproi ikusgarria inguratzeak tartetxo bat kenduko digu. Baina bidegurutze batean haitzaren magalerantz hartzen dugunean, bromak eta elkarrizketak bukatuko dira, aldapa handi samarreko tarteak baitaude. Behin haitzaren magala harrapatuta, txangoko bi altxor politenak ezagutu ahal izango ditugu: Soilako Hagina eta Ezkia, ehunka urtetako zuhaitz erraldoiak biak. Bitxia da oso batak zein besteak daukaten forma, egitura, aldapa handian iraun baitute mendez mende. Gizakiak naturan duen txikitasunaz jabetzen da, aitaren batean, pertsona tamainako zuhaitz puska handien magalean. Haginak badu ezaugarri aski interesgarria. Taxus Baccata da bere izena eta konifero bat da. Soilakoak diametro ikaragarria du, eta, bere hazkuntza mantsoa denez, ziurra da milurteko zuhaitza dela. Erne: hagina toxikoa da, pozoitsua. Taxus izena latineko toxicum hitzetik eratorria da; alegia, pozoia. Haginaren atal guztiak dira pozoitsuak, bere fruituaren ariloa izan ezik (bere hazia inguratzen duen estalki haragitsua). Kontuz ibili behar da hagineko atalekin, hilgarriak baitira. Mendez mende aurkariak edo animaliak erailtzeko erabili izan da, zer esanik ez gerra garaietan; norberak bere buruaz beste egiteko ere erabili omen da. Bide beretik ez jaisteko, gailurra baino lehentxeago mendebaldera, Korres aldera egiten duen xenda bat hartuko dugu, ordubete lehenago igaro garen tokira, ixa hizkia dagoen tokiraino agertzeko Haginaren bidetik jarraituta, beste zuhaitz erraldoi bat ikusiko dugu: ezkia. Erraldoia, hau ere. Haitzaren magala gertu dugu, eta soka bat erabiltzeko aukera izango dugu magalera iristeko. Han kilometro erdiko zeharkaldi erraza egingo dugu, begien bistan Antoñana herria dugula, isuriz aldatu eta Soila gailurreko atarira agertzeko. Gailurra baino lehen bada formazio geologiko bitxia, Soilako begia. Kontuz ibili behar da terrenoa irristakorra bada. Soila gaur biluzia da, harriz inguratua, baina mila metroz azpiko gaina izateko ikuspegi ederra dauka. Ioar erregea dauka gertu, eta La Muela senide bikia hegora. Kantabriako ertz zorrotzak eta Toloño ere hatzekin ukitzeko moduan agertzen dira, eta Lizarraldea eta Jurramendi ere nahiko hurbil. Kapilduiko antena ere ondo ikusten da, Gasteizko Mendietan, eta Aizkorri eta Anbotoren siluetak ere nabarmentzen dira urrunean. Errioxako mendi garaienak bezala, San Lorenzo biribila denetan harroen (2.262 metro). Bide beretik ez jaisteko, gailurra baino lehentxeago mendebaldera, Korres aldera egiten duen xenda bat hartuko dugu, ordubete lehenago igaro garen tokira, ixa hizkia dagoen tokiraino agertzeko. Handik beti beherantz, ordu erdi eskasean Antoñana eta Buxanda herrietara daramaten bidegurutzera iritsiko gara. Han, autoa utzi den tokiraino doan bidea hautatu beste lanik ez dugu izango. Eta etxera bueltatu aurretik, azken begiratua Soila mendiari. Soila, biluzia, babes gabea baita, baina ez pobrea, aberatsa baizik. Izki Natur Parke barruan dagoen herrixka bakarra da Korres, ederra benetan, garbitegi bitxi batekin herriaren sarreran