2024 URR. 04 Bodie, herri mamu bat Ipar Amerikako mendebalde urrunean Bodie Kaliforniako urrearen sukarretik sortutako herrietako bat da. 1859an, William S. Bodiek Koloma herrixkaren inguruko ibaietan urre-pipita batzuk aurkitu zituenean, toki horren inguruan meatze-kokaleku bat garatu zen berehala. Hasieran 20 biztanle baino ez zituen; 1880an, berriz, 10.000 inguru. Gaur egun, herri mamu bat da. Ane IPARRAGIRRE (Argazkiak: Getty Images) Bodie gaur erabat hutsik dago, giro dekadentez inguratua. Alabaina, atmosfera abandonatu horrek ematen dio xarma berezia, eta horrexegatik erakartzen eta liluratzen ditu bereziki Amerikako Mendebalde Urrunarekin gozatzen dutenak. Osperik handieneko urteetan, Mono Laketik eta Yosemiteko parketik gertu zegoen herriak dozenaka etxe, kantina, putetxe, hotel, eskola, banku eta eliza zituen; baita trenbidea eta “Ama Birjinaren kalezulo” izenez ezaguna zen auzo gorri bat ere. Halaber, hogeita hamar bat aztarnategi zituen, zeinetatik meatzariek, gehienak «urrezko ametsa»-rekin obsesionaturik, urre kantitate handiak ateratzen zituzten. Hala ere, oparotasun-egoera erabat aldatu zen 1882an, meatze-konpainien porrotaren ondoren. Ezinbestean eragin zuen Bodieren gainbehera. Gainera, herriak, batez ere merkataritza-guneak, kalte larriak jasan zituen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran gertatuko suteen eraginez. Hala ere, bertako langileek pixkanaka inguruetako leku oparoetara alde egin bazuten ere, urrearen erauzketak aurrera jarraitu zuen 1942an azken meategia itxi zen arte. Harrezkero, kaleak husten eta hautsez betetzen hasi ziren, gelditzen ziren biztanleak hil egin zirelako edo alde egin zutelako. STATE HISTORIC PARK Pixkanaka-pixkanaka, Bodie degradatzen joan zen, herri mamu bihurtu arte. Baina 1962an Monumentu Historiko Nazional izendatu zuten, eta 1962tik State Historic Park bezala ezagutzen da. Gaur egun geratzen dena «gelditutako gainbehera» egoeran dago: eraikin batek konponketa behar duenean, Kaliforniako estatu-parkeen sistemak ez du jatorrizko egoerara itzultzen; horren ordez, bere horretan uzten du. Egun, 170 eraikin inguru kontserbatzen dira, bisitaria beste garai batera eramaten duen zuri-beltzezko postal bat osatzen dutenak. Aspaldidanik erabat hutsik dauden kaleetatik pasieran dabilenak, segur aski, jakin-minak jota, leihoetatik begiratu eta etxebizitzen barrualdeko altzarien artean begiratuko du, baita oraindik biltegi batzuetako apaletan pilatutako merkantzien artean ere. Bodie urte osoan dago zabalik, baina ez da gomendagarria neguan bisitatzea, elurteak izaten baitira; beraz, bisita egiteko unerik egokiena udako hilabeteetan izaten da. Milaka bisitari hartzen ditu, bertara iristea konplikatua izan arren.