bidaiari - bidaia aldizkaria
Elkarrizketa
Sergio Anselmino

«Mitre penintsulak naturaren aurrean jarri eta ezereza sentiarazten dizu»


Planetako muturreko leku batean bakarturik iritsi da Sergio Anselmino gizakiaren esentziara, fauna basatiaz inguratuta. Lau urte eta erdiz Puerto Español-en dagoen txabola-babesleku batean egon da, Agirre badian, Mitre penintsulan, Suaren Lurraldeko ekialdeko muturrean. Amerikarik australena da, Andeak itsas labarretan amaitzen diren tokia, Antartika penintsulatik 900 kilometrora. Denbora horretan hegoaldeko lurralde horietako biztanle iraunkor bakarra izan da.

Anselminok (Argentina, 1978) 15 urterekin alde egin zuen etxetik, 19 urte arte Kordoba probintzian bizi izan zen eta, ondoren, Mendozara joan zen. Han, Andeen oinetan, ia-ia bi urtez egon zen. Argazkigintza, txirrindularitza eta naturara zaletu zen.

Suaren Lurraldera iritsi zen, 21 urte zituela, hiru astez autostop eginez. Deigarria egin zitzaizkion itsasoaren ondoko basoa eta klima hotza. Ushuaian zegoela, Tierra de Fuegoko parke nazionalean lan egiteko aukera izan zuen. Aintzira baten ondoan eman zuen denbora, naturaren zikloetara ohitzen, eta, azkenean, Ushuaia inguruko bidexka eta mendiez matemindu zen. Merkantzia-marinelaren ikastaroa egin eta Beagle kanalean nabigatzen hasi zen.

Mitre penintsula oinez esploratzea erabaki zuen 2004ko apirilean. Seinaleztatu gabeko ibilbideek eta bizilagunik gabekoek erabat seduzitu zuten. Argi gutxi, hotz handia, ibaien emariak neurriz kanpokoak... Asko ziren eragozpenak, baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuen. Izan ere, bidaia horrek nortasuna zein bizitza aldatuko zizkion.

Hamaika aldiz egon zen arriskuan baina, zorionez, beti onik atera zen. Hall lurmuturrera bidean, 160 metroko sakonerako haitzulo batzuk aurkitu zituen, oraindik ezezagunak zirenak eta, ondoren, Argentinako Espeleologia Federazioak “Anselmino” izenarekin erregistratzen zituenak.

Ia bi asteko ibilaldia egin ondoren, Puerto Españolera iritsi zen. Eta hiru egunez atseden hartu zuen txabola-babesleku batean. Bertan sorginkeria sentitu omen zuen eta tokiaz maitemindu omen zen.

Ushuaiatik abiatu eta 45 egun geroago, ia 700 kilometro egin ondoren, Río Grande hirian amaitu zuen ibilbidea. 20 kilo galdu zituen bidean.

Bidaiak eta egonaldiak tartekatu zituen berriro Puerto Españolen, harik eta 2014. urtean Suaren Lurraldetik bizikletaz urrundu zen arte. Bi urte igaro zituen pedalei eraginez. Guztira, 20.000 kilometro egin zituen Argentinan, Txilen, Uruguain, Brasilen eta Bolivian. Ondoren bizikleta aparkatu eta Afrikako mendebaldeko kostan zehar ibili zen, Marokotik Hego Afrikara.

2011n, ‘gizarte modernoa’ utzi eta Puerto Españolean erabat bakartzea erabaki zuen. Eta baita lortu ere: 2018ko abenduaren 13an belaontzi batean itsasoratu eta leku horretan lehorreratu zen, zibilizaziotik kanpo.

Inolako komunikaziorik gabe, bakardaderik erabatekoenean, bizimodu zorrotz eta sakrifikatua hasi zuen Sergio Anselminok, naturaren gorabehera eta animalien mende.

Nola deskriba dezakezu Mitre penintsula eta Puerto Españoleko babeslekua?

300.000 hektarea hartzen ditu. Eremu basotsu batzuetan ia ezinezkoa da aurrera egitea; besteetan, berriz, irekiagoak direnetan, hezeguneak, urmaelak eta sakonera handiko ur putzuak daude, saihestu eta lohitu egin behar direnak. Kostaldean, itsaslabar handiak, harrizko eta hareazko hondartzak daude. Andeetako mendikatearen azken zatia da, desnibel handikoa. Gautxo batek, inguruko biztanle ohi batek, zera esan ohi du: «Mitre penintsula bizi egin behar da, inork ezin du kontatu».

Gainera, klima aldaketa etengabearen eraginagehitu behar zaio. Latitudeagatik ez da harritzekoa udan elurra egitea. Maitemintzen duen lekua da, jatorrira itzularazten zaituelako, bakardadean norberak bere burua aurkitzen duelako. Naturaren aurrean jartzen zaitu eta ezereza sentiarazten dizu. Alabaina, gainditzen duzun egun bakoitzak indartsuago sentiarazten zaitu.

Puerto Españoleko babeslekua hondartza handi baten parean dago. Oasi bat da basamortuan, eta beharrezko segurtasuna eskaintzen dio leku estrategikoan ibiltariari edo itsasoz heltzen den nabigatzaileari.

Zerk erakarri zintuen Mitre penintsulan 2004an lehen espedizioa egin zenuenean?

Egun askotan beste pertsona bat ikusi gabe egotea, isiltasuna, nahiz eta haizea oso indartsua izan. Biziraupen hutsa da, hiriko bizi-abiaduran blokeatuta egoten diren zentzumenak aktibatzen dira. Zuhaitzen, harrien eta itsasoaren hizkuntza ulertzen hasten zara.

2018an, zure bizitzako txarrena izan den gaua igaro zenuen Puerto Españoleko txabola-babeslekuan. Muturreko esperientzia horren ondorioz erabaki zenuen behin betiko bakartzea, eta hala egon zinen lau urtez baino gehiago. Zer gertatu zen?

2011tik sentitzen nuen beharra Puerto Españoleko txabolan isolamendu bat bizitzeko, hirira itzuli gabe. Plana atzeratu egin behar izan nuen, nahiz eta behin baino gehiagotan bisitak egin nituen, gehienez ere 15 egunekoak. Azkenean, 2014. urtean nire bizimoduari uko egin nion eta erabaki nuen lehentasuna ematea oraindik betetzeko nituen ametsei.

Hego Amerikako zati bat zeharkatu nuen bizikletaz eta, 2018ko apirilean, beste ibilaldi bat egin nuen Puerto Españolako txabolara. Ekaitz bortitza lehertu zen. Haizeak gero eta indartsuago jotzen zuen. Gaueko hamarretan txabola mugitzen hasi zen; haizeak eramango ote zuen beldur nintzen. Erraldoi bat astintzen ariko balitz bezala...

Gaueko hamabiak aldera biziraupen senak ohartari zidan presaka atera behar nuela. Baina nik sentitu nuen ez nuela alde egin behar, txabolak sufritzen zuenarekin saminduta nengoelako. «Joaten banaiz –pentsatu nuen–, haizeak erabat sutsituko du txabola».

Hamabost aldiz egonda nintzen aurretik txabola hartan. Babesa eta beroa eskaini zizkidan, eta une horretan ezin non hutsik egin. Mahai azpian babestu nintzen, nire bizitzako gaurik txarrena bihurtu zenari aurre egiteko. Ia zortzi orduz jasan nituen dardarak; lurrikara moduko bat izan zen eta, noski, ez nuen lorik egin. Egunsentian egoera baretu egin zen, eta lasaitasuna iritsi. Eta orduantxe, kafe bat hartuz, erabaki nuen aterpea konpondu egin behar nuela.

Gizartetik urruntzeko ideia hasi zen bueltaka buruan. Nahikoa heldutasun nuen konforta uzteko eta aurre egiteko bakardadeari, isiltasunari eta natura basatiari. Hiru hilabete egoteko asmoarekin itzuli nintzen, baina, azkenean, lau urte eta erdi izan ziren, harmoniak, naturaren energiak, soinuek, koloreek eta bakeak eraginda. Bitxia bada ere, nire bizitzako gaurik txarrena izan zen, baina nire bizitzako lau urte eta erdi ederrenak izan dira.

2018ko abenduan lehorreratu zinenean, ez zegoen atzera egiterik. Nola ohitu zinen azkenean lagun izan zenituen beste izaki bizidunekin, hala nola, zezenekin, zaldi basatiekin edo azeriekin?

Lehen egunean antzara basatiz inguratuta esnatu nintzen, 200 edo 300 inguru ziren. Zerbait magikoa izan zen. Zaldiak hilero hurbiltzen ziren aterpera. Onartzen ninduten, nitaz fidatzen ziren, familia bat bezalakoa ginen… Moxalak etxetik 5 metrora jaiotzen ziren.

Arauak ezarri zenizkion zure buruari isolamendu latz honetatik bizirik ateratzeko?

Zezen batek jo ninduen hondartzan, baina ez zuen zorigaiztoko amaierarik izan. Orduan ulertu nuen arau batzuk ezarri behar nituela. Segurtasunarekin lotutako edozein ekintzak oso neurtuta egon behar zuen, aizkorarekin egurra moztetik hasi eta papa bat zuritzeraino. Ezin nuen inolako lesiorik jasan. Errepide hurbilenera iristeko bost eguneko ibilaldia nuelako eta ospitalea 250 kilometrora zegoelako.

Oinarrizko beste arau bat higienea zen. Bakarrik zaudenean, erraza da abandonura jotzea, eta psikologikoki horrek kalte handia eragiten du. Hirugarren araua zen zintzoa izatea neure nahaiarekin: gustura eta pozik ez bazaude, hobe da uztea. Eta esan behar dut, lau urte eta erdi igaro ondoren, istripu larririk izan gabe itzuli nintzela.

Urteko lau urtaroak bete zenituenean, gainditutzat jo zenuen proba?

Urteko lau zikloak bizi izan nituen eta indartsu eta osasuntsu nengoen. Ikusmenean eta usaimenean irabazi egin nuen. Harmonian, bakean, zoriontasunean, aske eta bizirik sentitzen nintzen benetan egin nahi nuena egiten. Hiria ez nuen faltan botatzen, eta lan asko nuen egiteko. Denboraren jabe nintzen, inolako loturarik gabe. Asko eskertzen nuen neukana.