2024 AZA. 01 Caminito del Rey, amildegiari desafioka Gaitanes haitzartean gabiltza, pasabide ikaragarri batean barrena, nolabait paisaia irensten duten malda bertikalen eta hersturen artetik. Caminito del Rey bertigoari desafio egitea da eta bide sinesgaitzen estetikaz gozatzea. Tajo de la Encantada urtegi gaineko hegoaldeko sarbidea. (Xabier BAÑUELOS) Xabier Bañuelos Caminito del Reyren berri 2000ko hamarkada erdialdean izan nuen lehen aldiz. Sare sozialetan zabaldutako bideo bat zen, non muturreko zeharkaldien zale zoro batzuk amildegiari desafio egiten agertzen ziren, ezerezaren gainean zintzilik zegoen erlaitz itxuragabe batean. Haitzarte bat zeharkatzen ari ziren, oso egoera txarrean zegoen pasabide zahar batetik, airean, dozenaka metroko amildegiaren gainaldean. Pasabidea zatika zegoen, apurtuta, erdi erorita, eta bazirudien paretari helduta geratzen zen apurra pisu txikiena jartzean askatzeko arriskuan zegoela. Indiana Jones-en pelikula batean bezala, zoritxarreko pauso bat emanez gero tranpa latza zela zirudien. Ero haiek heriotzarekin jolasean ari ziren. Hori bai, enkoadraketa handitzen zenean bistak bikainak ziren. Arroila mehe eta malkartsu bat ikus zitekeen, sigi-sagaka. Ia antzematen ez zen zeru baten eta oso sakonean zegoen ibai baten artean ia ezinezkoak ziren perspektiba ezohikoak osatzen zituen. Ibaiak higatze lan geldoari tinko eusten zion, milaka urtez paisaia moldatuz. Bideoaren egileek beren ausardia eta trebetasun teknikoak erakutsi nahi zituzten, lekuari buruzko informazioa eman baino, eta, beraz, inguru hark piztu zidan jakin-minari esker lortu nuen non zegoen jakitea. Ardales, Alora, Abdalajis eta Antequera udalerrien artean zegoen labar bat zen. Gran Gaitán haitzartearen gaineko zubi esekia. (Xabier BAÑUELOS) Hiru Gurutzeko labarrerako sarrera. (Xabier BAÑUELOS) Gaur egun, edozein ibiltarik gozatzeko egokituta dago Malagako paisaia zoragarri hau. Hasieratik bukaerara, aho zapore ederra uzten du ibilaldiak, eta, altuerak zorabiatzen ez bazaitu behintzat, egiteko erraza da. Arroila bihurtzen den haran batean barrena egiten du aurrera, eta naturaren kapritxo batez gozatzera eramango gaitu, bide bakarti batetik. Barnealdean dago, Malaga ezezagunago horretan, eguzkia eta hondartzak eskaintzen dituen kostaldearen topikotik ateratzen den xarmaz beteriko Malaga menditsu eta menditarrean. “Caminito”-k Gaitanes haitzartea zeharkatzen du; Sierra de Huma mendilerroko El Chorro izeneko eremuan dago. Bi erreferentzia ezagun jartzearren, Malaga hiritik 58 kilometro ipar-mendebaldera dago, eta Antequeratik 51 kilometro hego-mendebaldera. INGURUNEA ETA HISTORIA Arroila ingurune zoragarri eta sorpresaz beterikoan dago. Kareharrizko malkar eta torkalez osatutako mendigune txiki bat da, non Huma mendia den nagusi; azken honek 1.800 metro baino gehiago ditu, eta probintziako altuenetako bat da. Erliebe basatia, irregularra, zatikatua, kareharrizko eremuetan tipikoa, zeinak lapiazak, simak, malkarrak, harkaiztiak eta torkak dituen. Eta, hain zuzen ere, mendilerro horretan, mendebaldeko aldean, dago haitzartea. El Chorro zubia, non ‘Von Ryan koronela’ filmeko azken eszenak filmatu ziren. (Xabier BAÑUELOS) Panoramikak ikusgarriak dira, benetan. (Xabier BAÑUELOS) Mendiak daukan ebakia ikaragarria da, uraren pazientziak bakarrik egiten dakien moduan arraildua. Kasu honetan, Guadalhorce ibaiaren ur-lasterrak egina; arabierako izenak, darija-tik itzulitakoak, “isilen ibaia” esan nahi du. Ezin dugu izen egokiagorik pentsatu; izan ere, bere zokoetan barneratzean denak kontenplazio isilera gonbidatzen gaitu, liluraren eta, une batzuetan, hunkipenaren mututasunera. Haitzartea bera hiru kilometrokoa da, eta badirudi erraldoi batek harkaitzari aizkorakadak emanda sortua dela. Arrakala garbia da, puntu batzuetan ia kirurgikoa, 300 metroko jauzia izatera iristen diren ebakiekin, eta izugarri estua; ibilbidearen zenbait zatitan, ertzen arteko tartea hain da txikia, ezen miraria den pareko harria ez ukitzea. Zenbait unetan harresiek ibiltaria larritzen dute; sorbalda gainean sentitzen ditu eta zaila da zeruaren argitasuna ikustea. Gainera, karst bat da, eta, hortaz, haitzulo eta leize ugari daude, uharraren sakonean harri bihurtutako numenen begi ilunak diruditenak. Ikuspuntu estetikotik aparta da, baina baita ikuspegi historikotik ere. Bere trazadurak ezinezkoa dena gainditzen du, amildegiaren horma zorabiagarrien gainean pasabide estu bat zintzilikatuz. Zenbait unetan harresiek ibiltaria larritzen dute; zaila da zeruaren argitasuna ikustea. Gainera, karst bat denez, haitzulo eta leize ugari daude, uharraren sakonean harri bihurtutako numenen begi ilunak diruditenak Baina ez gara egungo denboraz ari, 1905az baizik, Tajo de la Encantada eta Gaitaneko urtegiak lotzeko beharrak hura eraikitzera derrigortu zituenekoaz. Alfontso XIII.ak 1921ean egindako bisita batek bultzatu zuen jendea bideari “Caminito del Rey” esatera. Urteek aurrera egin ahala, teknologiak bide berriak irekitzea ahalbidetu zuen; hala, bidea ahaztuta geratu zen eta hondatuz joan zen ia desagertu arte. Hegoaldeko sarbidearen irteera. (Xabier BAÑUELOS) Bide zaharra pasabide berritik ikusita. (Xabier BAÑUELOS) Baina batzuek ez zuten ahaztu, hain justu, adrenalina bila hura zeharkatzera ausartzen zirenek. Aurreikustekoa zenez, hain arriskutsua izanik, hainbat istripu hilgarri izan ziren bertan, eta, ondorioz, Andaluziako Juntak sarbideak itxi zituen. Baina alferrik. Jendeak joaten jarraitzen zuen, eta gero eta ezagunagoa zen. Azkenean, norbaitek potentzial turistikoa ikusi zion, etsaiarekin bat egitea erabaki zuen, eta, 2015ean, bidea birgaitu eta publikoari ireki zioten berriro. “CAMINITO”-KO BIDEA Ibilbide osoa zortzi kilometro lineal dira, noranzko bakarrean. Iparraldeko sarbidean hasten da, Bisitarien Zentrotik gertu, eta hegoaldeko sarbidean amaitzen da, RENFEren geltokiaren ondoan. Bi zatitan banatuta dago. Lehenak Guadalhorce ibaiaren eskuinaldetik doan haran txiki eta ireki bat zeharkatzen du. Zuhaiztiak eta eremu soilduak tartekatzen dira hor, eta azpiegitura hidrauliko zaharren aztarnak ikus daitezke. Ibilaldi lasai eta baketsua da, uraren doinuak eta brisaren usainak lagundurikoa, zeinak Alepo pinuen eta pinazi-pinuen adaburu kamutsak astintzen dituen eta ibaiertzetako sahats eta makal hostoak laztantzen dituen. Altuera asaldagarrian, Guadalhorce ibaiaren gainean, tiranteetatik zintzilik dagoen zubia zeharkatu ondoren, haitzartea bat-batean desagertu egiten da, sorginkeria balitz bezala Halako batean harana estilizatu egiten da, ibaia gaztelu baten harresiak diruditen bi harkaitz tenteren artean sartzeraino. Haitzartean sartu gara. Hemen bidea desagertu egiten da -ezinezkoa bihurtzen delako- eta porlanezko pasabide bat hasten da, amildegitik zintzilik dagoena, hutsaren gaineko balkoi luze bat bezala. Zati ikusgarriena da; errekaren gainean hegan egitea, haitzartearen azala laztanduz, 100 metroko mailara iritsita. Pasabide zaharraren norabideari jarraituko diogu; haren hondarrak bertan daude oraindik ere, harkaitzari itsatsita. Arrailduak, altxatuak, higatuak, zulatuak eta aldizkakoak… baina denboraren zamapean desagertzeari uko egiten diote. Bere presentzia nostalgiarako deia da, garai bateko harridura begiradak oroitzean hasperenari eusteko deia. Pasabidea kanal baten gainean. (Xabier BAÑUELOS) Haranaren gaineko ikuspegia, Gaitaneko arroilaren inguruan. (Xabier BAÑUELOS) SORPRESAK Garai batean bezala, baina, paretaren profil irregularrera egokituz doan ibilbide sinesgaitza da oraindik ere. Tunelekin, hegalekin eta zubiekin atonduta, sorpresa batzuk ere baditu gaur egun; kristalezko zoruren bat, esaterako; arriskuaren gainean flotatzen sentitzearen morboa eragiteko egindakoa, arriskurik gabeko abentura kontrolatuan. Aitzitik, hegal malkartsua zeharkatzen duen trenbideak, bai, xarma eta edertasuna eransten dio, trenek logikari desafio egiten diotela baitirudi espazio irreal horretan. Fantasiazko kontakizun baten, ipuin baten, eszenatokia dirudi. Trena pasatzen ikustean, badirudi N eskalako trenbide baten maketa ikusten ari garela, modelista bihurturiko Tolkien baten irudimenak sorturikoa. Baina zinemazale amorratuoi irribarrea pizten zaigu Hollywooden estreinatzen ari zen Raffaella Carrà gaztea gogoratzean, Frank Sinatra kide zuela; azken hau Aduana jauregiko kalabozoetara eraman eta azkenik Espainiatik kanporatu zuten, «faxista sasikumeen herrialde zikin honetara» inoiz ez zela itzuliko zin egiten zuen bitartean. Baina hori 1964an gertatu zen eta beste istorio bat da. Orain interesatzen zaiguna da elkarrekin filmatu zutela ‘El coronel Von Ryan’ zine belikoko film klasikoa, Mark Robsonek zuzendua. Suposatzen da Italia eta Suitza arteko muga dela baina, egiaz, filmeko azken eszenak Gaitaneseko haitzarteko bideetan gertatzen dira, eta, horietan, harkaitzaren arrea eta pasabide zaharra ikus ditzakegu, baita El Chorroko Gran Gaitan-eko metalezko zubia ere, Tajo de La Encantada urtegiaren ertzean. Trenbidearen tunela eta biaduktua. (Xabier BAÑUELOS) Filmaren amaiera epikoak badu oihartzuna gure ibilaldiaren amaiera apoteosikoan, argi-ilunen arteko bide itxian goazela. Altuera asaldagarrian, Guadalhorce ibaiaren gainean, tiranteetatik zintzilik dagoen zubia zeharkatu ondoren, haitzartea desagertu egiten da, sorginkeria balitz bezala. Korridorea alde bietatik estutzen zuten pareta naturalak ziklope baten atea dira orain, eta haren atalasea igarota Mediterraneoko argia lehertzen da, ez itsasoz inguratua, mendiz inguratua baizik, haranaren zabaltasunean eta urtegiko ur berdexken gainean. Azkenengo tarte bat geratzen da. Amildegian, zeru-lurren artean, pasabide estu bat dago. Honi esker igaro gara larritasunetik lasaitasunera, berriz zoru gaina zapaldu baitugu. Azkenean, eskerrak, iritsi gara, baina orain pena dugu halako paisaia ahanztezinak laga beharragatik. Ibilbide osoa zortzi kilometro lineal dira, noranzko bakarrean. Iparraldeko sarbidean hasten da, Bisitarien Zentrotik gertu, eta hegoaldeko sarbidean amaitzen da, tren geltokiaren ondoan. Bi zatitan banatuta dago.