2024 AZA. 01 Egin planak Ingeniaritza asmakizun miragarriak, Itsasmuseumen Hamabi panelez osatuta dago erakusketa (Mikel Mtz de Trespuentes/FOKU) Irailak 25-Azaroak 24 ‘Leonardo Torres Quevedoren Itsas Ingeniaritza bere garaiko asmatzailerik miragarriaren lanean’. Horixe da Bilboko Itsasmuseum-eko Carol Iglesias aretoan egunotan ikusgai dagoen erakusketa. Ingeniari honen bizitza eta obra biltzen dituzten hamabi panelez osatuta dago erakusketa, testu, irudi, maketa eta beste objektu batzuez. Antolatzaileen esanetan, erakusketaren protagonistari buruzko ezagutza ez da bere asmakizunen eta ikerketen garrantzia bezain handia. Izan ere, ekuazio aljebraiko konplexuak ebazteko kalkulagailu bat eta konplexutasun handiko xake-jokalari automata bat diseinatu zituen, besteak beste. Eta aurrerapen teknologiko horiek baliatuta, nabigazioaren arloko asmakizun handiak ere egin zituen. “Le Figaro” egunkariak «bere garaiko asmatzailerik miragarriena»tzat jo zuen 1930. urtean. Adibidez, Uliako aireko transbordadorearen asmatzailea bera izan zen. 1907an inauguratu zuten. Ordurako Leonardo ospetsua zen. Kantabrian jaio zen 1852an, baina gaztaroa Bilbon igaro zuen. Bertakoa zen aita. Gurasoak lanagatik kanpoan izaten zirenez, familiakoen edo lagunen etxean bizi izan zen denbora askoan. Erakusketa Francisco A. Gonzalez Redondok idatzitako ‘Leonardo Torres Quevedo: su vida, su mundo’ liburuaren argitalpenarekin bat dator. Kalean da irailaren 23tik.