2024 AZA. 01 Monument Valley, navajo herriaren bideetan barna Ameriketako Estatu Batuetako irudirik esanguratsuenetakoa da Monument Valley, zinemari esker. Hor kokatu izan dira western ezagunenetako istorioak, baita gerora egindako beste hainbat film ere. Hala, mendebaldera doazen ibilbide gehienetan dago Arizona eta Utah estatuetako mugako txoko bitxi hau. Argazki eta irudi berezi asko egiteko aukera ematen du, pelikuletako txokoak irudikatzeko ingurua ere bada. Baina, horretaz guztiaz gainera, herri indigena garrantzitsuenetako baten arragoa ere bada. Monument Valley, zineman famatutako harkaitz erraldoien eta ingurune desertikoaren artean. (Getty Images) Urtzi Urrutikoetxea Navajo Herrian gaude, nagusiki Arizonan baina aldameneko hiru estatuetan ere hedatzen den nazio indigena handian. Estatu Batuetan mintzatzen diren ehun hizkuntza indigenetako bi hiztunetako batek navajoeraz egiten du. Horregatik, Arizona iparraldeko gune ezagunenak eta navajo herriaren beste txoko historiko garrantzitsu batzuk tartekatu ditugu, Arizona iparraldetik doan ibilbide honetan. Chicagotik Los Angelesen Pazifikoraino doan 66 ibilbide mitikoa Mexiko Berritik irtetear dela utzi dugu errepide historikoa. Handik gutxira Arizonan sartu eta bertan dugu Window Rock navajo erreserba handiaren hiriburua (navajoeraz Tségháhoodzání). 2.500 biztanleko herri ertaina da, baina aurrerantzean dugun ibilbiderako hornigaiak biltzeko txokoa da. Gainera, baditu bisita justifikatzen duten hiruzpalau leku: hasteko, herriko liburutegian navajo historia eta kultura ulertzeko museo txiki baina ederra dago. XIX. mendean jasandako tratu ankerra eta hondamendiaren ostean zelan biziberritu den ulertzeko lekua paregabea da. Liburutegian bertan navajoei buruzko material interesgarria dago. Hurbiltzen den unetik harrapatzen du bisitaria Monument Valleyren itxura ikusgarriak. (Getty Images) Antelope Canyonen bihurgune estuetan eguzki-izpiek sortzen duten kolore bitxia. (Getty Images) Kanpora irtenda, deigarria da trafiko seinaleetan navajoerazko Áłtsé dakarrela, Stop beharrean. Navajo hizkuntzaren garrantzia herriari izena ematen dion parkean ageri da. Window Rock edo Leiho Harkaitza, izenak adierazten duen legez, navajo kulturan esangura berezia daukan formazio geologikoa da. Erreserbaren Gobernua eta bulegoak ere bertan daude, harkaitzari begira. Behean, atentzioa ematen du monumentu batek, belaunikatutako soldadu batekin. Bigarren Mundu Gerran Pazifikoko frontean aritu ziren navajoen gorazarrez da: japoniarrek kodea ez hausteko, ingelesez ordez, navajoeraz igorri zituzten mezuak. Monument Valleyren irudi ezagunenetakoa, West Mitten Butte harkaitz erraldoia parez pare dagoela. (Getty Images) Navajo emakume bat tapiza ehuntzen. (Mark W. LIPCZYNiSKI | AOT Arizonako Turismo bulegoa) MITOLOGIA HARKAITZETAN Navajo hiriburua utzita, Monument Valleyrantz jo dugu, errepidea iparralderantz hartuta, hain famatua izan ez arren sekulako ikuspegia daukan beste parke nazional batean geratzeko bidean. Canyon de Chelly (Tsegi arroila da navajoeraz, espainieraz Chelly bihurtu zuten, eta gero ingelesak ere hala hartu). Eskualde osoan ageri den legez, harkaitz gogorren erdiak urak bere bidea eginda sekulako arroilak eratu ditu. Inguru lehorra izanik, gainera, koloreen kontrastea ere badago, behealdeko eta erreka inguruko berdearen eta gainerako hori eta laranja tonuen artean. Iparraldeko aldetik iritsi gara, eta hegoaldetik jarraitu, leku bera txoko desberdinetatik begiratuta ikuspegia zeinen desberdina den ohartzeko. Spider Rock edo Armiarma Haitza da inguruko lekurik ezagunena, 230 metroko harkaitz bi dira. Handienean armiarma-amama bizi da navajoen eta inguruko beste herri batzuen mitologiaren arabera. Navajoentzat Na’ashjé’ii Asdzáá da, hopi herriak Kokyangwuti deitzen dio. Antelope Canyon-eko forma bihurrietan eguerdian sartzen da argia zuzenean. (John VOLK | AOT Arizonako Turismo bulegoa) Monument Valleyko sarreran, navajo etxebizitza tradizional bat. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Arroila utzi eta 191 errepidean iparrerantz egin dugu eta, gutxira, mendebalderantz jotzen duen 59. errepidea hartu dugu lasterbide gisa. Bidaiarien esaera zaharrak dioen legez, bideko erabakiek bidaiaren esperientzia guztia baldintzatzen dute. Hala, zinemak famatu dituen txokoak bezain ezagunak izan gabe, erabat ezezagunak izanda ere itzel ederrak diren txokoak erakuts dizkigu errepideak, Rough Rock edo Chilchinbito (Tsiiłchin Bii’ To) herriko harkaitzak, kasurako. Eta era horretan heldu gara Kayentara, Monument Valleyra iristeko herrira; hotel, motel eta jateko leku ugari ditu. Utah-ra doan errepidea hartuta, Agathla Peak mendia eskuinean utzita, parez pare agertu zaigu hainbat aldiz ikusitako paisaia. Egunsentiko argi-itzaletan landaretza bizia. (AOT Arizonako Turismo bulegoa) Bigarren Mundu Gerrako kode-hizkera navajoa landu zutenen omenezko monumentua, Window Rock navajo hiriburuan. (Urtzi URRUTIKOETXEA) ZINEMAKO PAISAIAK Monument Valley, berez, Arizonan dago nagusiki, baina AEBetako estatuak eratzeko erregela erabili zutenez, marra zuzenez ebakitzeko lurraldea (Four Corners deritzo inguruko lau estatuek bat egiten duten txokoari), Utahko seinaleraino iritsi behar da. Ikurra igaro eta Utah-n sartu berri, eskuinerantz jo, eta Monument Valleyra hartzen du bideak, ekialderantz. Zalantzarik bada, bertan ageri da zenbat turista erakartzen dituen leku honek. Asfaltoa amaituta, hautsezko bideak hasten dira Monument Valleyn. Geratu gabe, ordubetean egin liteke 28 kilometroko ibilbidea, baina nork nahi du geratu gabe bisitatu? Ia egun osoa hartuta ere, txoko beretik birritan igaro arren, ez da lehen ikusitako berdina. Eguzkiak goizean, arratsean, egunsentian edo ilunabarrean tonu bereziak ematen dizkie harkaitzei, hareari, bideei, dunei. Navajo Museoaren sarrera, Tuba Cityn. (AOT Arizonako Turismo bulegoa) Lehen geltokia, bidea hartu eta berehala, The Mittens eta Merrick Butte harkaitzak dira, zalantzarik gabe, Monument Valleyko formaziorik ezagunenak. Aurrez aurre ageri dira bideko lehen bihurguneak hartutakoan. Behera iritsitakoan, gelditu eta lasai gozatzeko aukera dago. Elephant Butte dator hurrena, eseritako elefante baten itxura duelako, eta Three Sisters hiru pinakulu dira. Bidean eskuinerantz eginda, John Ford Point dator, 1939an Monument Valley famatu zuen lekua da, eta bisitari gehien erakartzen dituena. Navajoen oroigarriak salgai izaten dira. Lehen geltokia, bidea hartu eta berehala, The Mittens eta Merrick Butte harkaitzak dira, zalantzarik gabe, Monument Valleyko formaziorik ezagunenak Camel Butte harkaitza atzean utzita, The Hub-ek navajoen etxebizitza batzuk ditu oinarrian. Hurrengo harkaitzen inguruan (Totem Pole, Yei Bi Chei) hareazko duna ederrak daude, laranja kolorekoak. Artist’s Point, hurrengo geralekua, Monument Valleyko begiralekuetan onenetakoa da; egunsentian batez ere oso argi berezia hartzen dute harkaitzek. Segidan North Window, lehendik ikusitako harkaitzek oso bestelako perspektiba bat hartzen dute, leiho batetik begiratuta bezala. The Thumb harkaitz erraldoiak ibilbidearen amaiera markatzen du, baina hasierako bidearekin bat eginda. The Mittens eta Merrick Butte hirukoteak beste kolore bat hartu du ordurako. Autoz edo txangoan ezagutzeaz gain, filmetako bideari jarraituz zaldiz ere bisita daiteke. (Mark W. LIPCZYNiSKI | AOT Arizonako Turismo bulegoa) Pista utzi eta asfaltora itzulita, Monument Valleyko ikuspegi paregabeak daude Utahko aldean, errepide nagusian. Aurreraxeago gorantz egiten du errepideak. Edo, atzerantz begiratuz gero, beherantz egiten duela. Bide bazterrean jende asko egon ohi da, baita bide erdian ere autorik ez datorrenean. “Forrest Gump” filmeko txokorik ezagunenetakoa da, eta ez dira gutxi leku horretan bertan argazkia gura dutenak. ARROILA ESTUENA Arizonara eta Kayentara itzuli gara, horratik, estatu horretan mendebalderantz jotzeko, navajo nazioaren errepideetatik. Ordu eta erdira, Page herri turistikoa dugu hurrengo geralekua. Bidean, herri gutxi, baina begiraleku asko, paisaia sinestezin honetan. Tsegi herria utzita, mendian barrena desbideratu gara, Navajo National Monument-eraino. Arroila ikusgarri baterainoko oinezko txango erraza da (beherantz da bidea, itzulera gogorxeagoa da), eta parez pare urrunean, Tsegi arroilaren harkaitzean, Betatatik herri arkeologikoaren etxe abandonatuak ageri zaizkigu). Horseshoe Bend, Colorado ibaiaren bihurgune berezienetakoa. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Pagera iritsiera atzeratu zaigu, ilundu du ailegatzerako. Biharamunerako, bi bisita berezi geratu zaizkigu: Horseshoe Bend bihurgunea egiten, zaldi-ferraren itxura hartuz, Colorado ibaiak, sigi-saga harkaitz gogorraren erditik bide eginez. Kilometro batzuk atzera eginda, Antelope Island laztantzen du Coloradok. Izen bereko ibaia iristen zaio, izan ere, munduan den arroila estu eta ederrenetakoan. Txango ugari daude, oso garestiak dira, eta, hala ere, hainbat egun eta aste lehenago hartu behar dira, eguerdia baino lehentxeago gozatu nahi bada arroilan sartzen den eguzki izpia. Utahko beste muga, Lake Powell igaro eta minutu gutxira dago. Escalante eta Zion parke nazionaletara jarraitzeko bidea da. Arizonan jarraituz gero mendebalderantz, Grand Canyon-era segi liteke ibilbidea. Oraingoz, navajo herrian geratuko gara. Lehen geltokia, bidea hartu eta berehala, The Mittens eta Merrick Butte harkaitzak dira, zalantzarik gabe, Monument Valleyko formaziorik ezagunenak. Aurrez aurre ageri dira bideko lehen bihurguneak hartutakoan.