2015 MAR. 24 KOLABORAZIOA Zergatik egin diogun uko kros selekzioa ordezkatzeari Ainhoa Sanz, Maite Maiora eta Iraia Garcia * Atletak Estatuko Kros Lehiaketa Euskadiko selekzioa ordezkatzeari egin diogun ukoaren inguruko azken gertaerak ikusita, ondorengoa adierazi nahi dugu: gu guztiontzat ohorea da gure koloreak janztea, eta edonon defendatzea. Jakin badakigu ez garela eliteko atletak, gure lanpostuak atletismotik kanpo daude, baina egunero gogor lan egiten dugu maila altuko helburuekin. Horien artean, goian aipatutako lehiaketara joatea, orain uko egiten diogun horretara. Egoera hau ez da erraza gutako inorentzat. Izan ere, gutako askorentzat lehen aldia izan da maila honetako deialdi bat jaso duguna. Baina konturatzen gara ere hau ez dela haserrealdi bat, gai hau berria ez delako (2010-2011z geroztikoa gutxi gorabehera). Hitz egin da hainbatetan Euskal Federazioarekin, Penelope Baños atletaren Gipuzkoako erroldatzeak zalantza handiak eragiten dituelako. Zergatik dakigu horrek irregulartasunak dituela? Alarma piztu zen, aipatutako kexen ondorioz, Euskal Federaziotik atleta honen erroldatzea eskatu zenean, baita beste atletenak ere, horiengan ere zalantza handiak zeudelarik. Ikusi ahal izan genuen bere erroldatzea Donostian 2013ko maiatzaren 22koa dela, El Escorial-Madriletik etorria. Denboraldia 2012ko azaroan hasi zenez, eta hilabete horretarako fitxa eta paper guztiek araudia bete behar zutenez, zelan da posible bera izatea Euskadiko Kroseko txapelduna Zornotzan, bera gure ordezkaria izatea Espainiako Txapelketan, berari 3.000 metro oztopoetako Euskadiko errekorra ematea, 3.000 metro oztopoetako Euskadiko txapelduna izatea, data horietan Madrilen erroldaturik egonda? Hau esanda, zalantza gutxi geratzen dira gai honen inguruan. Ez da hemengoa, ez da inoiz hemen bizi izan, eta ez da gure artean bizi. Zergatik utzi behar dugu edo zergatik uzten da federaziotik bera hona urtean behin Euskadiko Txapelketara agertzea eta gure selekzioko 6 plazetako bat ematea, eta ondorioz gutako bat etxean geratzea? Zergatik ez zen toke bat eman 2012-2013 denboraldian? Legezko erroldatze batez baliatzen dira, baina erroldatzea epez kanpo aurkeztu zen eta posible egiten ari dira gutako askoren ilusioarekin jolastea. Nola uzten dute pertsona honek Euskadiko 3.000 oztopoen errekorra edukitzea? Hau ez da kasu bakarra. Klub berbera saiatu zen Euskadin bizi ez den atleta asturiar batekin gauza bera egiten. Eta atleten susmoei esker, Federazioak erroldatzea eskatu zion, eta atleta honek ez zuen aurkeztu, Asturiasen bizi zelako eta Asturiasen erroldaturik zegoelako. Beste behin, SS lizentzia nahi zuten Gipuzkoan bizi gabe, baina hauek zentzu handiagoz jokatu zuten eta ez zuten irregulartasunik egin. Hala ere, nabarmendu behar da hautatua izan zela eta Euskadiren ordezkari izan zela Estatuko txapelketa batean, beste atleta bati plaza kenduz. Bidezkoa da atleta asturiar bat Euskadiren ordezkari izatea, federaziotik ez direlako gauzak behar bezala egin? Oso tristea iruditzen zaigu guk, atletok, gezurrei segika ibili behar izatea, horretarako badaudelako erakundeak/federazioak. Gu korrika egiteaz soilik arduratu beharko ginateke, baina ikusten dugu goiko inork ez gaituela zaintzen. Inor ez da arduratzen atletentzat onena denaz. Eta atleta barik, ez dezagun ahaztu atletismorik ez dagoela. Gaur egun lau atletak konfirmatu dute gure selekzioaren ordezkariak izango direla. Laurak jaiotzez kanpokoak dira, baina Penelopez izan ezik, beste atletez ez dugu ezer adierazten, legea betetzen dutelako, hemen bizi direlako, gure artean entrenatzen direlako eta «beste bat» direlako. Horregatik guztiagatik, guk uko egitearen arrazoiak oso agerikoak dira. Beste era batera ahalegindu gara urteetan zehar, gure kezkak eta ezinegonak azalduz, baina ez gaituzte aditu. Azpimarratu nahi dugu, zoritxarrez kaltetuenak gu geu garela, uko egiten ari gatzaizkiola izerdi piloa botarazi digun helburu eder bati. Argi utzi nahi dugu ez dela gai politiko bat, ezta bazterkeria ere. Printzipioei dagokien gai bat da. Honek esan nahi du gure printzipioak ditugula, horiei jarraitzen diegula, bidezkoa denagatik eta egiagatik borrokatzen garela, eta batez ere, bat eginda gaudela gai honetan! Horregatik, erakutsitako frogekin Federazioari eskatzen diogu emandako datuak kontrasta ditzala eta beharrezko neurriak har ditzala. Besteak beste, atleta bat eta klub bat zigortzea baloratu dezala, 2012-2013an datak eta erroldatzeak ez betetzeagatik, hain zuzen, araudiek exijitzen dituztenak lizentziak egin ahal izateko. * Nerea Arregik, Maite Arraizak, Itxaso Escondrillasek, Lurdes Oiarzabalek, Onditz Iturbek, Ibone Sanchezek eta Gurutze Fradesek ere sinatzen dute artikulua Legezko erroldatze batez baliatzen dira, baina erroldatzea epez kanpo aurkeztu zen, eta posible egiten ari dira gutako askoren ilusioarekin jolastea