GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Ikuskizunak jarraitzen du Bells Beacheko txapelketan


2015eko munduko lehen mailako zirkuituko bigarren txapelketa hasi da Bells Beachen eta aste honetan bertan amaituko da. Australia hegoaldeko urautsi ospetsuenak ez ditu olatu onak eskaini txapelketako lehen hiru errondetan, baina lehiakideek ikuskizun bikaina eskaintzen dute, eta, datozen egunetan baldintzak hobeak badira, ikusleek oraindik eta gehiago gozatu ahal izango dute.

Mick Fanning, hiru bider munduko txapeldun izandako australiarra da txapelketa honetako faboritoetako bat, izan ere, olatu honek duen izaerak eta Fanningek duen surf egiteko moduak bat egiten dute. Fanningek ez zuen hasiera ona izan aurtengoan, lehen txandan kaleratu egin baitzuten. Bigarren itzulian, ordea, aurrera egitea lortu zuen eta hirugarren errondarako pasea lortu zuen.

Joel Parkisnon eta Taj Burrow australiarrek ere jarraitzaile asko dituzte Bells Beacheko ikusleen artean, izan ere, azken hamarkadan urtero izan dira eskuin olatu luze eta eder honetan lehiatzen, baita euren kabuz bertan surf egiten ere.

Burrowek, Fanningek bezala, bigarren errondan parte hartu behar izan zuen, lehen txandan kaleratua izan ostean, baina bigarren txandan sekulako indarra erakutsi zuen, ia hamarreko olatu bat ere egin baitzuen (9,50 puntu); hala, aurrera egin zuen.

Nesken kasuan ere ez da aparteko sorpresarik izan orain artean. Mutilak bezala hirugarren errondako txandak egiten ari dira eta emaitza erabakigarriak datozen egunetan izango dira.

Kaleratuen artean Pauline Ado dago. Hendaiarrak ez zituen iaz aurten ere lehen mailan lehiatzeko behar adina puntu lortu, baina, hala ere, itzuliko bigarren txapelketa honetan parte hartzeko aukera eskaini diote beste lehiakide batek utzitako hutsunea betetzeko. Ado ongi aritu zen Bells Beachen, baina Tyler Wrightek irabazi zion bigarren txandan 0,11 puntuko alde txikiarekin.

Honi buruzko guztia: Surfa