GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Hizkuntza da nazioa, kontuz adibideekin


Aldizka errepikatzen den mintzagaia da baieztapen hau. Gurean, euskarak herri izaeraren gune nagusia berarentzat aldarrikatzen duenetan, berehala astintzen ditu identitate aniztasunaren defendatzaileen barrenak. Ezin dute eraman behin eta berriro, gero eta argiago, gero eta ausartago, herri honen hizkuntza nazionala eta berezkoa lingua navarrorum dela hainbeste jenderen ahotan entzutea. Korrika 19az ari naiz.

Irakurri berri dut «egia balitz hizkuntza dela nazioa, nazioen mapa eta hizkuntzen mapa berbera izango litzateke». Hona adibideak: «portugaldarren nazioa Portugal da, eta hizkuntza, portugesa. Baina argentinarren nazioa Argentina da eta hizkuntza espainola. Valentziarren nazioa País Valencià da, baina hizkuntza –eta gauza gehiago– partekatzen dute kataluniar eta mallorcarrekin». Atera kontuak.

Nire aldetik onartzen dut, eta ados nago, nazioaren ezaugarri bakarra ez dela hizkuntza, baina bai nagusia edo nagusietako bat. Hala ere, ziur zaudete Valentzia, Katalunia (Principat) eta Mallorca hiru nazio ezberdin direla? Ez dituzue lotsagabeki nahasten espainiar egitura administratiboko autonomia erkidegoak eta nazioak? Nafarrak, vascoak eta Iparraldekoak hiru nazio ezberdinetakoak gara? Ziur zaudete argentinarren eta quebectarren jatorrizko hizkuntza espainiera eta frantsesa direla? Gaztelania hizkuntza berantiarra bada (IX-X. mende inguruan sortua omen da), zer hitz egiten zuten inperio espainiarrak menderatutako nazioetan?

Euskal Herria euskararen herria da eta bere estatua Nafarroako Errepublika. Ez iraganeko nostalgia, ez etorkizuneko ametsa, herri honen izaera naturala baizik. Adibideak mila jar daitezke; baina, egungo banaketa administratibo artifizialak gorabehera, euskara hizkuntza komuna izateak baieztatzen du nazio bakarreko herritar garela.