GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Punta Galea munduko olatu handien itzulian izango da


Olatu handien munduko itzulian urautsi berriak izango dira datorren sasoian. Iaz jada aldaketa nabarmenak izan ziren urte luzez zirkuitu bera mantendu izan zuen itzulian, izan ere, Hegoafrika, Euskal Herria eta Hawaiiko urautsiak atxiki zituzten zerrendan. Aurtengoan, berriz, protagonista Mexiko izan daiteke, bertako bi urautsi desberdin izan baitira hautatuak olatu handien munduko txapelketak egiteko.

Beraz, Big Wave World Tour 2015-2016 abian da. Urtero bezala, sasoia bi zatitan banatzen da, lehengoa hego hemisferioan egiten da, eta, bigarrena, berriz, ipar hemisferioko uretan. Orain bi urte proba egin zuten Punta Galean eta bi urtez jarraian olatu handiak eskaini ditu Getxoko urautsiak, beraz, aurten ere Euskal Herria munduko olatu handien zerrendan mantentzea erabaki dute antolatzaileek.

Iaz, zirkuitua osatzen zuten zortzi txapelketetatik soilik bi lehiaketa egin ahal izan zituzten azkenean. Bata hego hemisferioan izan zen, Peruko Pico Alto eskuin olatuan, eta Makua Rothman surflari hawaiiarrak irabazi zuen. Bestea, ipar hemisferioan izan zen, Punta Galean, eta irabazlea Nic Lamb estatubatuarra izan zen. 2014-2015 sasoiko irabazlea Makua Rothman izan zen.

Aurtengo zirkuitua osatzen duten urautsien zerrenda ezagutzera eman da jada. Hego hemisferioan, Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru) eta Puerto Escondidon (Mexiko) izango dira txapelketak. Azken hori berrikuntza esanguratsua da, lehen aldia baita urautsi horretan munduko olatu handien txapelketa bat egingo dela. Gainera, hondartza bat da, hau da, hondo aldakorreko urautsia da.

Ipar hemisferioko zerrenda osatzen duten urautsiak, berriz, honako hauek dira: Oregon (AEB), Punta Galea (Euskal Herria), Pea'hi (Hawaii) eta Todos Santos (Mexiko). Beraz, guztira zazpi txapelketa izango dira aurtengo BWWT itzulian.

Honi buruzko guztia: Surfa