2015 API. 18 Harri-jasotzea Irigoien buru dela jokatuko da Adunako lehiaketa Adunako pilotalekuan jokatuko da bihar 18.00etan, eta errezildarra izango da faborito nagusia. Jon LEUNDA Aimar Irigoien buru dela jokatuko da Adunako pilotalekuan bihar, 18.00etatik aurrera, Gorostidi Harria Txapelketa. Kirolari asko izango dira lehian, baina errezildarra da faborito nagusia. Bera mendean hartzea oso zaila izango dute gainerako harri-jasotzaileek. Berarekin batera, Jokin Eizmendi, Euskal Herriko Harri Handien txapelduna, Imanol Illarramendi, Izeta III.a, Jon Ander Maiza, Sebastien Martikorena, Urtzi Telleria, Iban Ugartemendia, Urpe eta Josetxo Urrutia izango dira lanean arituko diren gainerakoak. Guztiek 155 kiloko errektangular zaharra erabili beharko dute, eta horretarako, bost minutuko txanda bakar bat izango dute. Txapelketa honek beti ikusmin handia pizten du, eta biharko ere horrelaxe izango da, eta are gehiago tartean Irigoien baldin badago; izan ere, jarraitzaile asko ditu, eta asko izaten dira berarekin batera saioz saio joaten direnak. Azkeneko urtean ez dugu ikusi lehiaketetan, eta berriro ere hortxe izango da Adunan. Garbi dago bera gainditzea ia ezinezkoa izango zaiela gainerakoei, baina besteak ere saiatuko dira lan on bat egiten eta errezildarrari estualdiren bat ematen. Urrezko Aizkora Urrezko Aizkoran bigarren jardunaldia jokatuko da gaur eta bihar, Zerainen eta Bilbon, eta saio horietan bina aizkolarik lortuko dute hirugarren kanporaketan aritzeko txartela. Apurka-apurka bidea estutzen hasiko da, eta laster izango dira lehian, amaieran txapelaren bila aritu behar duten aizkolariak. Gaurko saioa Zeraingo pilotalekuan izango da, 19.00etatik aurrera, eta Xabier Dorronsoro, Luix Txapartegi, Mugertza III.a, Kañamares III.a, Oihan Larretxea, Senosiain II.a, Beltza eta Eneko Otaño izango dira lanean arituko diren zortzi aizkolariak. Pasa den astean bezalaxe, lan laburrak egin beharko dituzte, eta bi multzotan banatuta arituko dira, eta hortik, multzo bakoitzeko aurrenekoek egingo dute aurrera. Izen garrantzitsu ugari daude hemen, eta lanak laburrak direla kontuan hartuta, edozeinek lor lezake hurrengo kanporaketarako txartela. Bihar, berriz, Bilboko Areatzan izango da saioa, 12.30ean, eta Ruben Saralegi, Eneko Saralegi, Xabier Mindegia, Mieltxo Mindegia, Juanillo Rodriguez, Jokin Alkizalete, Joxemari Telletxea eta Etxeberria II.a izango dira lanean. Saio honetan ere bi multzotan banatuta arituko dira, eta Zeraingo lan bera izango dute. Hemen ere izen garrantzitsu asko agertzen dira, eta lan labur hauetan ate asko zabaltzen dira. KIROLARIAKKirolari asko izango dira bihar Adunan lanean, eta errezildarra estutzen saiatuko dira. Eizmendi, Illarramendi, Izeta III.a, Maiza, Martikorena, Ugartemendia, Telleria, Urpe eta Urrutia ere han izango dira.