2015 API. 20 Harri-jasotzea Aimar Irigoien jaun eta jabe izan da Adunan J.L. Aimar Irigoienek erabateko nagusitasunarekin irabazi zuen atzo Adunan jokatu zen Gorostidi Harria Txapelketa. Jendeak emandako erantzuna ere aipatu beharrekoa da, pilotalekuko harmailak erabat bete baitziren eta askok kanpoaldetik jarraitu behar izan zuten saioa. Guztira hamaika harri-jasotzaile lehiatu ziren. Hauetako zortzi gipuzkoarrak ziren, eta bana etorri ziren Lapurditik, Nafarroatik eta Bizkaitik. Kirolari bakoitzak 155 kiloko errektangular zaharra erabili behar izan zuen, eta lanean aritzeko bost minutuko txanda bakar bat izan zuten. Aimar Irigoien zen faborito nagusia, eta errezildarra jaun eta jabe izan zen. Hirugarren lekuan plazaratzea egokitu zitzaion, eta saioa erabakita utzi zuen. Erraztasun handiarekin erabili zuen harria, eta azkenean hogei aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Bigarren postua Jokin Eizmendirentzat izan zen. Harri handien Euskal Herriko txapelduna zen Irigoieni aurre egin ziezaiokeen bakarrenetakoa, eta zarauztarrak oso lan ona egin zuen, baina ez zuen lortu Aimar estutzea. Hamabost aldiz jaso zuen harria. Iban Ugartemendiak lortu zuen hirugarren postua eta Hernialdekoak ere oso lan ona egin zuen, harria hamahiru aldiz jasota. Hortik aurrera etorri ziren berdinketak, ugari izan baitziren. Laugarren postua Telleria II.arentzat izan zen, hamaika jasoaldi lortuta, baina bosgarren postuan geratu zen Izeta III.ak ere jasoaldi kopuru bera eman zion harriari. Halakoetan pisurik gutxien duenak aurretik amaitzen du, eta horregatik lortu zuen Telleriak laugarren postua. Seigarren Urpek amaitu zuen bederatzi jasoaldirekin, baina zazpigarren geratu zen Aimar Galarragak ere jasoaldi kopuru bera lortu zuen, baina Urpe arinagoa izateak eman zion aurretik geratzeko aukera. Zortzigarren Urrutia sailkatu zen zortzi jasoaldirekin, eta bederatzigarren Ilarramendi, jasoaldi kopuru berarekin. Hamargarren Maizak bukatu zuen bost jasoaldirekin, eta emaitza bera lortuta Martikorenak itxi zuen sailkapena; kirolari lapurtarra Maiza baino astunagoa denez, berari egokitu zitzaion zerrendan azkena izatea.