2015 API. 20 KIROLA Tom Blake eta Duke Kahanamoku surfaren asmatzaile handiak Duke Kahanamoku, he’enalua egiten zuen azken hawaiiarra izan zen. Tom Blakek, haren lagunak, hawaiiarren antzinako kirola eraldatueta honela, egun surfing bezala ezagutzen duguna sortu zuen. Baina hori bakarrik ez, Tom Blake gauza askotan izan zen aitzindaria. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Donostia He'enalu eta surfaren arteko lotura egin zuen gizona Duke Kahanamoku izan bazen, lekukoa hartu eta surfari forma eman ziona Tom Blake izan zen. Drew Kampion surf kazetariak honela deskribatu zuen: «Aldaketen oinordekoa izan zen, guztia aztoratu zuen. Ia laguntzarik gabe, berak bakarrik, antzina Polinesian olatu gainean nabigatzeko zuten modu bitxi bat, XX. mendean askorentzat bizitzeko modu bilakatu zen zerbait izateraino eraldatu zuen». Blake 1902. urtean jaio zen Wisconsin estatuan (AEB), Milwaukee izeneko herri batean. Klub bateko maiordomoa zuen aita eta ama tuberkulosiarekin hil zen Blake oraindik haur txiki bat zenean. Gauzak horrela, aitak Milwaukeen zituen ahaide batzuen esku utzi zuen haurra, haren heziketaz arduratzeko. Hemezortzi urte zituenean, Detroiten bizi zen Michiganen ikasketak egiten zituen artean. Zinema bateko sala batean Duke Kahanamoku igerilari olinpikoa ezagutzeko aukera izan zuen. Hurrengo urtean Los Angelesera joan zen Blake eta han igeriketa txapelketetan parte hartzen hasi zen. AEBetako igerilari onenetako bat bilakatu zen eta 1922. urtean 10 miliako txapelketa garrantzitsu bat irabazi zuen. Beranduago, 220 yardako esprint batean Kahanamoku garaitzea ere lortu zuen. Tom Blake surf taula batekin itsasoratu zen lehen aldia 1921. urtean izan zen, Santa Monican, baina ez zuen zorte handirik izan eta alde batera utzi zuen kirol hura. Hiru urte beranduago, Santa Monicako igeriketa klubeko sorosle zelarik, berriz ere saiatu zen eta pixkanaka gero eta trebezia handiagoa hartzen hasi zen. Artean, kontrabandista lanetan zebilen Floridan. 1924an, surf egiten hasi eta gutxira Hawaiira joan zen lehenengoz Blake. Bere laguna, Kahanamoku, ez zen uhartean sasoi hartan, baina haren anaiek Waikikiko urautsi ederrenetara eraman zuten surf egitera eta hala, bertako jendea ezagutzeko aukera paregabea izan zuen. Honolulun, Hawaiiko historiaren berri ematen duen “Bishop” museoa ikusi ostean, zurezko “olo” taula luzeak behatu zituen, Hawaiiko erregeek antzina erabili zituzten taula handi haiek, eta ikuspegi aerodinamiko batetik aztertzen hasi zen. Handik bi urtera, museoko arduradunek taula haiek zaharberritzeko lana eskaini zioten Blake gazteari eta honek gustura onartu zuen lan eskaintza. 1925. urte hasieran Santa Monican zen berriz ere Blake eta Kahanamokurekin batera sorosle lanetan zebilen. Aurrerantzean, Hawaii eta Kalifornia artean banatu zituen hurrengo 30 urteak. AEBetan jaio eta Hawaiin bizitzen hasi zen lehen surflaria izan zen, baita Hui Nalu elkarteko lehen kide atzerritarra ere. Waikikiko Hui Nalu elkartea, bertako jendeak osatutako munduko lehen surf elkartea izan zen eta oso gutxi izan ziren elkarteko kide izateko aukera izan zuten kanpotarrak. Tom Blakek egin zituen lorpen garrantzitsuenak 1926. eta 1935. urteen artean egin zituen. 1927ko irailean, Blakek eta Sam Reid New Jerseyko bere lagunak, lehen aldiz Malibuko eskuin olatu famatua hartu zuten. Urte berean, olo taula baten erreplika bat egin zuen, baina askoz arinagoa egin zuen. Horretarako, hamabost oineko (4'5 metro) taulari ehunaka zulotxo egin zizkion gainaldean, eta gero, egurrezko geruza fin batekin estali zituen. 1929an, arraun egiteko ia bost metroko taula bat egin zuen, baina barrualdean gelatxo modukoak zituen taula bat zen, horrela, egur gutxiago erabili zuen eta taula arinagoa egitea lortu zuen, baina oraindik eta taula arinagoa egin nahi zuen. Barrualde osoa hutsa zuen taula egitea ere lortu zuen, orduan ohikoa zen hogeita bost kiloko taula baina askoz ere arinagoa. 1931n patentatu zuen barrutik hutsa zen taula eta arrakasta izan zuen, izan ere, zenbait hamarkadetan munduko leku desberdinetan erabili zuten sorosleek erreskateak egiteko. Hogei kilo eskas pisatzen zituen, beraz oso arina zen garai hartarako, eta horri esker askoz jende gehiago hasi zen surf egiten. Blake, lehen taulagile komertziala izan zen. 1932an, Thomas Rogers Company sortu zuen Kalifornian, Venice hirian. Bere izena zeukaten arraun egiteko taula hawaiiarrak saltzen hasi zen. Beranduago, Los Angeles Ladder Company eta Catalina Equipment Company bezalako enpresak ere Blaken taulak egiten hasi ziren. 1935. urtean Blakek urrats berri bat eman zuen eta taulen diseinuan eragin izugarria izan zuen. Lehen aldiz lema bat ezarri zuen taula baten atzealdean. Honi esker olatuaren magalean ongi itsatsita joan ahal izan zuen. 30eko hamarkada hasieran berriz, windsurf prototipo berri bat sortu zuen, gerriari lotzeko segurtasun uhala atxikita zuena. 1928an, ordura arte Ipar Amerikan inoiz egin zen surf txapelketa garrantzitsuena izan zen Corona del Mar hondartzan. Pacific Coast Surf Riding izenburua jarri zioten txapelketa ospetsu hura egiteko formatua eta lehiaketa arauak Tom Blakek berak idatzi zituen hein handi batean. Bi txapelketa mota bateratu zituzten, batetik taulekin arraunean egindako lasterketak, eta bestetik olatu gaineko lehiaketa. Tom Blakek ere parte hartu zuen, eta hori bakarrik ez, txapela irabazi zuen. 1932an, lehen aldiz, Los Angeleseko kostaldean den San Pedro eta Santa Catalina uharte artean diren 26 miliak taularekin arraunean egin zituen. 1929. urtean, surfean kamera erabili ahal izateko karkasa bat egin zuen, eta 1931n, Tom Blakek Waikikin ateratako zenbait argazki argitaratu zituzten “Los Angeles Times” aldizkarian. 1935. urtean, “National Geographic” aldizkariak ”Waves and Thrills at Waikiki” (Uhinak eta zirrarak Waikikin) zortzi orriko artikulua argitaratu zuen Tom Blaken argazkiekin. Urte berean, «Hawaiian Surfboard» izeneko lehen surf liburua argitaratu zuen Blakek. Bertan, surf taulak nola egin, lehiaketen nondik norakoak, historia pixka bat eta olatu gainean aritzeko aholkuak agertzen ziren. 1935. urtean, “Manual of Surfboard” eskuliburua egin zuen. Urte bat beranduago, taulen eraikuntzarako zenbait artikulu argitaratu zituen eta 1939. urtean “Popular Science” lana zabaldu zuen. Blake Florida, New York eta Bahametara joan zen bere taulen diseinuen lizentziak egitera. Tarteka sorosle lanak ere egiten jarraitzen zuen eta Hollywoodeko zenbait filmetan parte hartu zuen aktore gisa zein ordezko lanetan. Bigarren mundu gerratean soldadu gisa aritu zen. 1955ean Hawaii eta surfa uztea erabaki zuen. 1961. urtean bere bigarren liburua argitaratu zuen, “Hawaiian Surfriding: The Ancient and Royal Pastime”. 60ko hamarkada hasieran sorosle lanetan jarraitzen du Blakek, batez ere Floridako hondartzetan. 1967an Wisconsinera itzuli zen, bere haurtzaroko etxera, eta han, “Voice of the wave” idatzi zuen, erlijio saiakera bat, surfa eta fedea lotzen zituena. 1969. urtean argitaratu zen artikulu hau, “Surfking” aldizkarian. Horren ostean “Voice of the Atom” aldizkariarentzat lan egin zuen. Blaken filosofia, surfaren historiagileen esanetan, honela laburbildu omen daiteke: «Natura=Jainkoa. Helduaroan barazki-jale bilakatu zen, eta 1994. urtean hil zen 92 urte zituela». HAWAIIRA BIDAIA 1924an, Hawaiira joan zen lehenengoz Blake. Kahanamoku ez zen uhartean sasoi hartan, baina haren anaiek Waikikiko urautsi ederrenetara eraman zuten surf egitera. TAULAGILEA Blake lehen taulagile komertziala izan zen. 1932an, Thomas Rogers Company sortu zuen Kalifornian. Bere izena zeukaten arraun egiteko taula hawaiiarrak saltzen hasi zen. LEHEN LEMA 1935. urtean urrats berri bat eman zuen Blakek, eta taulen diseinuan zein surf egiteko moduan eragin izugarria izan zuen. Lehen aldiz lema bat ezarri zuen taula baten atzealdean.