2015 API. 27 Surfa Ikuskizun itzela Margaret River-enDe Souza eta Conlogue txapeldun Lehen mailako munduko itzuliko hirugarren txapelketa Courtney Conlogue eta Adriano de Souzak irabazi dute. Sekulako ikuskizuna eta olatu bikainak izan ziren nagusi Margaret Riverren. Orain, Australia atzean utzi eta Brasilera begira daude WSL zirkuituko lehiakideak. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Donostia Aurtengoan sekulako ikuskizuna izan da Margaret River-en; izan ere, txapelketa itzelezko itsaski batekin hasi zen. Lau metroko olatu garbiak eta erreka haizea. Hori, eta munduko lehiakide onenak uretan. Ikuskizuna bermatzeko beharrezko osagai guztiak ziren eltzean. Goizetan, itsasgorarekin, The Box urautsian egin zituzten lehen errondetako mutilen txandak, eta aspaldian munduko txapelketa batean ikusi ahal izan den ikuskizun ederrena izan zen. Izan ere, The Box ez da edozein urautsi. Jaitsiera oso zaila eta arriskutsua duen olatua jasotzen da sakonera oso gutxiko uharri baten gainean, eta ondorioz, lehiakideek gorriak ikusi behar izan zituzten minik hartu gabe surf egiteko. Zaurituak izan ziren, Jordy Smith hegoafrikarra kasu, baina olatuen altuera eta izan ziren zenbait erorketa kontuan hartuta, lehiakideek zorte handia izan zutela esan daiteke, halako baldintzetan bizia bera ere arriskuan egon baitaiteke. Zenbait lehiakidek izan zituzten erorketen ostean, esataria bera ere isildu egiten zen surflariak burua ur azalera noiz aterako zain. Beraz, ez ziren txantxetakoak izan The Boxen egindako txandak. Aurtengoa lehen aldia izan da The Boxen munduko txapelketa bat egin dena; izan ere, orain urte gutxi arte ezinezko olatua zela uste zuten surflariek. 90eko hamarkadan hasi zen pixkanaka ezagun egiten, surf filmetan bertako irudi ikusgarriak agertzen hasi baitziren, baina egun oraindik surflari oso gutxik mendera dezaketen olatu mota da. Neskek, esaterako, ez zuten The Boxen txanda bat bera ere egin, baina hori ere etorriko da, zeren egun lehen ezinezkotzat zituzten urautsietan egiten baitituzte txapelketak neskek ere. Florence vs De Souza Txapelketaren hasierako lehen txandak The Box urautsian egiteak eragin handia izan zuen emaitzetan, batez ere brasildarren kasuan; izan ere, Adriano de Souzak bakarrik lortu zuen hirugarren erronda gainditzea. Gabriel Medina iazko munduko txapelduna ere kaleratua izan zen. De Souzak, ordea, aurrera egin zuen eta amaieraraino iritsi zen, berak irabazi baitzuen Margaret Riverreko txapelketa. Finalean, John John Florence hawaiiarraren kontra aritu zen De Souza. Hawaiiar gaztea faboritoetako bat izan zen txapelketak iraun zuen artean, gainontzeko lehiakideekin alderatuta, muturreko baldintzetan ondoen moldatzen den surflarietako bat baita, eta ikusleek Florencek eskaintzen duen ikuskizuna zinez eskertzen dute. Finala, aldiz, ez zen The Boxeko eskuin olatu borobilean izan, Margaret Riverreko urautsian baizik. Olatu oso onak izan ziren; hiru metroko eskuin eta ezker olatu garbiak, bira indartsuak egiteko ezin hobeak, baina lehen egunetako ikuskizunarekin alderatuta, halako egun politak ere motz geratzen dira. Hala ere, aurtengo munduko lehen bi txapelketetan izan ziren baldintza eskasen ondoren, Margareten izan diren olatuek hamarrekoa merezi dute. Beste faboritoetako bat Taj Burrow bertako surflaria zen. Burrow, finalerdietara iritsi zen, baina De Souzak kaleratu zuen 0,41 puntuko aldearekin. Bestalde, Florencek Nat Young lehiakide estatubatuarra kaleratu behar izan zuen finalera iristeko. Finalean eskuin olatuak hartzen aritu ziren lehiakideak. Bi bira eta amaierako ariketa egiteko denbora baino ez zuen ematen olatuak; beraz, hiru bira bortitz egitea zen helburua. Bi olatutan lortu zuen hiru birak osorik egitea Adrianok. Florencek, ostera, asko arriskatzen zuen olatu amaieran eta erori egiten zen. Olatu batean soilik lortu zuen azken ariketa osorik burutzea, eta finaleko puntuazio altuena jaso zuen, 9 puntu. Finala, baina, ez du irabazten ikuskizun handiena ematen duenak, bi olaturekin puntuazio altuena lortzen duenak baizik, eta gauzak horrela, Florencek zazpi puntutik gorako lau olatu egin arren, bi olatu onenen baturarekin ez zuen brasildarra menderatzea lortu. De Souzak 17,53 puntu bildu zituen (8,93+8,60), eta Florencek 16,87 puntu (9,00+7,87). Azken txapelketa honen ostean, gauzak dezente aldatu dira mutilen rankingean. Mick Fanning, lidergoa galduta, bigarren postuan geratu da. Lehen postuan Adriano de Souza dago, eta hirugarren, beste brasildar bat, Filipe Toledo. Beraz, aurten ere brasildarrak nagusitzen ari direla dirudi, baina oraindik goiz da hitz egiteko, urtea amaitu baino lehen beste zortzi txapelketa egin behar baitituzte oraindik. Hurrengoa Brasilen izango da, maiatzaren 11 eta 22a bitartean. Conlogue vs Moore Nesken kasuan, berriz, Courtney Conlogue amerikarrak eskuratu zuen txapela. Azken bi txapelketetan nagusitu den Carissa Moore hawaiiarra menderatu zuen Conloguek, eta bide batez, emaitza bikain honi esker ranking orokorrean bigarren postuan dago egun. Garaipen honekin Carissa Moore eta Stephanie Gilmoren artean zen binomioa hautsi du Conloguek; izan ere, lehen bi txapelketetan Moore eta Gilmore izan ziren finalean, eta bazirudien aurtengo sasoia bi lehiakide hauen artean bakarrik erabakiko zela. Margaret Riverreko txapelketaren ostean, ordea, aldaketak izan dira ranking orokorrean, Carissa Moorek lehen postuan jarraitzen badu ere, Conloguek bigarren postua eskuratu eta Gilmore hirugarren postura jaitsarazi baitu. Mutilen kasuan bezala, neskek ere Brasilen izango dute itzuliko laugarren txapelketa, baina mutilek ez bezala, neskek guztira bederatzi txapelketa izango dituzte aurtengo denboraldian. THE BOXThe Box ez da edonolako urautsia. Jaitsiera oso zaila eta arriskutsua duen olatua da, eta ondorioz, lehiakideek gorriak ikusi behar izan zituzten minik hartu gabe surf egiteko OLATU BIKAINAKOlatu ederrak izan ziren finalean, baina lehen eguneko olatuekin alderatuta, halako egun politak ere motz geratzen dira. Hala ere, Margareteko olatuek hamarrekoa merezi dute.