GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Final-laurdenetako ezustea Ruben Saralegik eman du

Leitzar gaztearekin batera, Azurmendi, Atutxa eta Rekondo ere sartu dira finalerdietara.


Jon Rekondo, Iñaki Azurmendi, Aitzol Atutxa eta Ruben Saralegi sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalerdietara, eta hauei, lehendik sailkatuta zeuden Donato Larretxea eta Ander Erasun gehitu behar zaizkie.

Herenegun eta atzo jokatu ziren final-laurdenetako azken  kanporaketak, eta bietan lan bera egin behar izan zuten. Aurreneko fasean, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren. Jarraian, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta azkenik, bi kana-erdiko. Bigarren proban, aldiz, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako. Herenegun, lehen fasean, Atutxak, Arria V.a mendean hartu zuen hiru probetan garaile atera ostean. Lan guztiak 4 minutu eta 53 segundoan amaitu zituen, eta 6 minutu eta 11 segundo behar izan zituen errezildarrak. Saralegik, berriz, Lopezi gauza bera egin zion, hiru probak irabazita. Lanak, 5 minutu eta 46 segundoan bukatu zituen Saralegik, eta 6 minutu eta 2 segundoan Lopezek.

Bigarren fasean Atutxak oso erraz hartu zuen mendean Lopez. Bere lanak, 9 minutu eta 55 segundoan bukatu zituen, eta 11 minutu eta 2 segundoan nafarrak. Beste neurketan, Saralegik Arriari irabazi egin zion. Leitzarrak bere lanak 8 minutu eta 36 segundoan burutu zituen, eta Arriak, 8 minutu eta 48 segundoan. 

Atzoko saioan, berriz, Rekondo eta Azurmendi neurtu ziren aurreneko fasean, eta azken honek aise lortu zuen garaipena. Arriarangoak, 5 minutu eta 38 segundoan burutu zituen lanak, eta leitzarrak, aldiz, 6 minutu eta 50 segundoan. Beste norgehiagokan, Otaegik ere ez zuen eragozpenik izan Etxeberria menderatzeko. Zizurkilgoak, bere egin beharrekoak 6 minutu eta 22 segundoan bukatu zituen, eta 8 minutu eta 4 segundoan, aldiz, Felix Etxeberria aizkolari beteranoak.

Finaletan, berriz, Azurmendik erraz hartu zuen mendean Etxeberria. Gipuzkoarrak bere lanak, 9 minutu eta 58 segundoan burutu zituen, eta 11 minutu eta 26 segundoan Etxeberriak. Beste finalean, Rekondo gailendu zen Otaegiren aurka. Leitzakoak bere lanak 8 minutu eta 25 segundoan amaitu zituen, eta Zizurkilgoak, aldiz, 9 minutu eta 30 segundoan.

Honekin finalerdiak erabakita daude. Larunbatean, Miribillan, Larretxea eta Saralegi arituko dira aurrez aurre. Igandean, Galdakaon, berriz, Atutxa eta Rekondo izango dira, eta maiatzaren 23an, Azkoitian, Iñaki Azurmendi eta Ander Erasun.

Julen Larrea eta Iker Vicente finalean sartu dira

Larrea eta Vicente sailkatu dira 19 urtez azpikoen Urrezko Aizkorako finalera. Vicenterekin zer gertatuko den ikusgai dago. Otsagabikoak ere aukera asko izango ditu 23 urtez azpikoen finalean izateko, eta hori gertatzen bada, 19 urtez azpikoa utzi egin beharko du.

Iker Vicente, Etxeberria II.aren aurka neurtu zen atzoko finalerdian, eta Otsagabikoak ez zuen izan inongo arazorik. Bere egin beharreko guztiak egiteko, 7 minutu eta 54 segundo behar izan zituen, eta Etxeberriak, aldiz, 11 minutu eta 5 segundo.

Beste finalerdian, Julen Larrea eta Oier Kañamares aritu ziren, eta hor bizkaitarra gailendu zen saio ikaragarri baten ostean. Emozioa nahi izaten da, eta atzokoan ez zen horren faltarik izan, amaierara arte ez baitzen ezer erabaki, eta azkenean Larrea izan zen onena. Berak, bereak egiteko, 8 minutu eta 32 segundo behar izan zituen, eta Oier Kañamaresek, berriz, segundo bat gehiago behar izan zuen. Ondorioz, Larrea eta Vicente II.a finalerako sailkatuta zeuden, baina ikusita Otsagabikoak 23 urtez azpiko finalean egoteko aukerak badituela, Etxeberria II.ak, eta Kañamares IV.ak, hirugarren eta laugarren postua jokatu behar izan zuten, eta garaipena Etxeberriak II.ak lortu zuen. Iker Vicentek mailako finala jokatuko ez balu, bera neurtuko litzateke Larrea III.aren aurka txapela lortzeko asmoarekin. J.L.