GARA Euskal Herriko egunkaria

Maskilu Kontserbak: elikadura subiranotasunaren aldeko apustu irekia

Maskilu Kontserbak Arratia-Nerbioi eskualdeko ekoizle eta baserritar talde batek abiarazitako egitasmoa da. Zeberioko Udalak sustatuta, sasoiko eta tokiko produktuen kontserbak egiteko azpiegitura sortzen ari dira. Denen eskura eta eskualdeari zabaldua.


Maskilu Kontserbak Arratia-Nerbioi eskualdeko ekoizle eta baserritar talde batek abian jarritako egitasmoa da. Bailarak elikagaien eraldaketarako azpiegitura baten beharra zuela ohartuta, Basortu nekazari taldeak kontserba fabrika egitea pentsatu zuen. 2013ko udazkenean, Zeberioko Udalaren Nekazalgunea programan aurkeztu zuen proposamena. Udal ekimenak nekazaritza eredu berrien bidez herria eta gazteentzako lanpostuak garatu nahi ditu. Proiektua onartu zuten, baina Basortuko lau kideek euren kabuz gauzatu ezin zutenez, inguruko ekoizleei batzeko aukera eman zieten. Hilabeteotan, hamabost kide batu dira eta ideia gorpuzten joan dira.

Hasteko bide errazena zenez, irabazi asmorik gabeko elkartea eratu dute. Hala ere, dena ondo badoa, kooperatiba bilakatuko dute etorkizunean. Betebeharrak asetzeko bide hoberena hori dela uste dute, ez baitute enpresa izan nahi. Horren aurretik, ordea, barne antolakuntzari lotutako erronkei aurre egin behar dietela dio Izaskun Urbaneta ekoizle igorretarrak. Udalak elikagaiak eraldatzeko lurrak, eraikina eta gunea 10 urtez utzi die alokairu merke baten truke. Bazkideek hasierako kapitala jarri dute inbertsioak eta lanak egiteko. Mar Garrote kideak azaldu duenez, ordea, merkeago egitea lortu dute auzolanari eta proiektuan sinesten duten lagunen jardunari esker. «Denbora eta lan guztia kontuan hartuko bagenu, hasierako inbertsioa askoz altuagoa litzateke. Laguntzarik gabe 50.000 eurotik gorakoa litzateke, ezinezkoa ekoiztetxe txiki batentzat». Hala ere, azpiegitura osatzeko behar duten dirua biltzeko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat martxan jarri dute.

Zeberioko Ermitabarri auzoan dagoen kontserba fabrikak ekainaren 6an irekiko ditu ateak. Proiektua ezagutarazteaz gain, hilabetean zehar lehen kontserbak egin nahi dituzte. Artisau eran eta kalitate nahiz osasun bermeekin. Oinarrizkoekin hasiko dira: tomateak, lekak, kremak... baina apurka beste bereziago batzuekin probatzen joango direla aurreratu du Urbanetak. Banaketa eta salmenta bazkide bakoitzak bere kabuz egingo du, kontsumo taldeen eskaintza eta plazetako otzarak osatuz. Gerora, ordea, Maskilu Kontserbak izenarekin marka bateratua egitea pentsatzen ari dira. Horrela, merkatu berrietara zabaldu eta dendetan saltzen hasteko aukera izatea aurreikusten dute. Eskualde osoan salduz proiektuaren helburu nagusia beteko dutela nabarmendu du igorretarrak. «Dena borobiltzen duen asmoa elikadura burujabetza da. Gure eskualdean ziklo osoa ixtea: ekoitzi, eraldatu eta saldu. Guzti-guztia hemen egitea».

Bazkideez gain, eskualdeko ekoizleek, baserritarrek edo ortua duten biztanleek ere beraien elikagaiak poteratzeko aukera izango dute. Betiere, bertakoak eta sasoikoak izatearen baldintzarekin. Bertara joan eta norberak egiteko aukera izango da, baita bertako langileak egitearena ere. Ikuspegi horrek eraman zuen Urbaneta proiektuan parte hartzera. «Gure eskualdearentzako eta ingurukoentzako baliabide gisa ikusten dugu, hauek asetzeko eta hemen zegoen arazo bat konpontzeko. Aukera hori izatea niretzat pasada da». Elikagaiak ekoizteaz harago, elkarteak beste lan ildo batzuk ere baditu. Besteak beste, hazien eta uzten kontserbazioari buruz inguruko baserritarren ezagutza berreskuratzea eta duintasunez ezagutaraztea; edo errezeta zaharrak bildu eta berriak sortzea ere. Halaber, kontserbei buruzko ikastaroak eta lantegiak ere egingo dituzte eraikinean. Garroteren ustez, honek guztiak «gure lanari duintasuna eta balioa ematen dio».

 

kofinantzaketa kanpaina abian, autoklabea erosi ahal izateko

Kontserbak egiteko beharrezkoa den autoklabea –esterilizazio aparatua– erosteko diru beharrak finantzaketa kolektibo kanpaina egitera eraman du Maskilu Kontserbak. Izaskun Urbaneta bazkidearen hitzetan, «muntaketa oso garestia da eta autoklabea funtsezkoa da kontserbetan. Diru laguntza jaso arren, gehiago behar dugu». Jendeak 10 eta 350 euro bitarteko ekarpenak egin ditzake Goteo plataforman, ekainaren 14a arte. Kopuruaren arabera sari bat jasoko dute: eskerrak ematea webgunean, amantala, ikastaroak edo bazkide kuota. Gutxieneko helburua 4.700 eurokoa da eta kopuru egokia 8.150. Gutxienekoa lortu ezean, ekarpenak itzuli egingo dira.