2015 MAI. 23 HAUR LITERATURA Txorizoarekin amesten Xabier ETXANIZ ERLE Izenburutik bertatik igar daitekeen moduan lehen pertsonan kontaturiko istorio baten aurrean gaude; Mikeltxok kontatzen diguna hain zuzen. Eta haurrek sarritan egiten duten moduan bat-batean hasten da kontakizuna, irakurlea hasieratik arazoaren muinean sartuz. «Nire sufrikario hasi zenean, aitita Xalbador txorizo puskak jaten ari zen, lasaitasun osoz». Horrela ekiten dio Txani Rodriguezek euskaraz argitaratu duen bigarren lanari. Eta Mikeltxoren sufrikarioa, hain zuzen, aitonak egiten duenaren ondorioz hasi zen. «Bat-batean, aitita niri begira geratu zen, erruki keinu arraro bat aurpegian. Ezer esan barik, txorizo puska bat zatitu, eta eskaini egin zidan: –Ez esan ezer gurasoei, ados?». Izan ere, Mikeltxoren gurasoak –eta ondorioz Mikeltxo bera ere– barazki jaleak dira; ez dute haragirik jaten. Mikeltxoren baitan, aitonak eginikoaren ondorioz, erabateko aldaketa ematen da; gustua, usaimena, dastamena… eraldatzen zaizkio eta debekaturik izan dituen jakien desira pizten zaio. Ametsak, amesgaiztoak ditu janariarekin, supermerkatuan urdaiazpiko bati helduta geratzen da, santomasetan negargura du taloen aurrean… Egoera, nola ez, aitonak hautsiko du berriro, ilobari urtebetetze egunean honek eskaturiko txorizoa ematean. «Etxera joan ginenean txorizo bat eman zidan, zilar-paperean bilduta, disimulu handiz». Gau horretan jandako txorizoak kalte egiten dio Mikeltxori eta gurasoek ezkutuan geratzen den txorizo zatia aurkitzean ikusten da egoerak ezin duela horrela jarraitu. Argumentua, ikusten denez, sinplea da, originala normalean gertatu izan denaren kontrakoa delako (ohikoena ez baita barazki jalea izatea); eta gurasoek beren ideiak seme-alabei ezarri nahi dizkietenean hauen errebeldia eta kontrako iritzia azaldu izan ohi diren kasuetako bat dugu istorio hau. Alde horretatik, eta kontuan izanik zein adineko haurrentzat den, ipuin entretenigarria eta erakargarria da Rodriguezena. Orri gutxitan Mikeltxoren ezin egona, desioa, ametsak eta errealitatearen aurrean hartu beharrekoak kontatu nahi izateak bizitasuna ematen dio istorioari (liburu hauen egitura ere, orri batean testua eta bestean irudia, lagungarria da erritmo bizi horretan) eta hasi eta berehala bukatzen den istorioa dugu; janariaz, ohituraz edo eguneroko jokabideaz gogoeta egiteko aukera ematen digu. Mitxelenak, irudi sinpleen bidez, ederki jakin izan du koloreekin jolasten eta irudien erritmoa ezartzen testua ulertzen laguntzeko eta istorioa kontatu nahi zaion haurrari argumentua jarraitzen lagunduz irudien bidez.