2015 EKA. 15 ZIRIKAZAN Presioa giroan Josebe EGIA Gai unibertsala da, munduko txokorik urrunenean ere gertatzen da. Ikuspuntu anitzetik heltzen zaio, beste hainbeste iritzi eragiten ditu; gauzatzeko erak ere ez dira gutxi. Ezberdin ulertzen da han eta hemen, baina badu ezaugarri berdin bat leku guztietan: ez da zalantzan jartzen, eta emakumeak lotzen ditu. Amatasuna da, amatasun biologikoa, zehazkiago. Bestelakoek errazago sorrarazten dituzte susmoak eta sentipen gaitzesgarriak. Biologikoak ez; alderantziz, norberaren hautu baino, gehiago da oraindik ere betebehar, dela legez, dela moralki. Presioa pisutsua da giroan. Harrigarria egiten zait zenbat prentsa-lan eragiten dituen, zenbat berri, erreportaje eta elkarrizketatan topa daitekeen gaia, zuzenean edo zeharka. Txundituta uzten nau nola laurdenkatzen den amatasunaren unibertsoa, ez hala aitatasunarena, ezta hurrik eman ere. Dena dakit, honezkero, erditze-motei buruz, edoskitzearen aldeko eta kontrakoen gainean –premiagabeko eztabaida hori–, obuluak izozteko aukeraz, ama subrogatzaileez edo alokairuko sabelak direlakoez, mundu erdiko jaiotza-tasez, adopzioak dakartzan oztopoez, amatasuna saihesteko edo bultzatzeko borrokez. Askotxo, halaber, ama bakarrez, ama langileez, etxekoez eta soldatapekoez, amen bilakaeraz, erruduntasun-sentimenduaz… Ezagutzen hasten ari naiz, era berean, ama ez izateko arrazoi berriak. Berriak, bai, zaharrak sobera barnerarazi dizkigute-eta betidanik: antzutasuna edo neskazahar geratu izana. Inoiz ez bezala ari dira mahai gainean jartzen azkenaldian kontu horrekin loturiko erreportajeak, testigantzak oinarri. Finean, puri-purian dago emakumeon «ezohiko edo salbuespenezko» erabakia, erabateko gaurkotasuna du, gero eta seme-alaba gutxiago jaiotzen diren garai honetan, emakumeok gure burua –eta gorputza– gero eta burujabeago bilakatzen ari garen honetan, besteen eta geure aurreiritziak gurekiko gainetik astintzeko ariketa zail eta katramilatsuan. Beharrezkoa eta sanoa deritzot emakume ugari eta oso desberdinen ikuskerak plazaratzeari, ama ez izateko nahiak juzgatua eta errudun epaitua izateari utz diezaion, behingoz. Nolabait zuritu beharrak, baina, amorrua eragiten dit. Izan ere, interes bera eragingo lidake jakiteak zerk bultzatzen dituen emakumeak, baita gizonak ere, guraso izatera. Alabaina, ez dut inolako erreportajetan ikusiko, eta nekez entzungo dut kalean, beste barik «dagokiguna» delako.