2015 EKA. 20 HAUR LITERATURA Etxeko zooa! Xabier ETXANIZ ERLE Liburu bat eskuetan hartzen dugun aldi oro hainbat informazio, aurreiritzi eta mezu jasotzen ditugu irakurtzen hasi aurretik. Oraingo honetan ere liburu honen izenburutik hasi, eta azalean ageri den animaliez inguratutako neskaren irudiarekin jarraituz, argi eta garbi ikus dezakegu animaliak izateak dakartzan ondorioei buruzko ipuina dugula aurrean. Eta ideia hori liburuko protagonista eta narratzailea den neskatoak, Malenek, esaten duen lehen esaldian baieztatzen da: «Betidanik nahi izan nuen bizi baserri batean, animaliaz eta zuhaitzez inguratuta». Malen, baina, pisu batean bizi da eta «pisu batean bizi garenez gero, ezin eskatu zaldi bat, ezin eduki gereziondo bat». Eta pisuetan ohikoak diren animaliak lortu nahian hasiko da neskato protagonista aitarekin lehenengo eta amarekin ondoren; txakurra, katua, loroa, hamsterra, dortoka edo arraina; aitaren erantzuna, berriz, beti lelo bera: «Hau ez da zoo bat!». Irakurleak suma dezakeen bezala, Malen animaliak eskuratzen joango da, baina prozesu hori ikasgelan hasiko da; gelako animalien ardura eta zaintza hartzetik. Andereñoak, Malenek egiten duen lana ikusita, arrain bi oparituko dizkio; eta hain zuzen, bi arrain horiek, Tximi eta Txuri, izango dira neskatoaren etxean sartuko diren lehen animaliak; baina gero, parkean aurkitutako dortoka, auzokoak oparitutako hamsterrak, amonaren loroa eta kalean abandonatutako katua ere sartuko dira Malenen etxean; kasu guztietan aitaren «hau ez da zoo bat!» gaitzespenezko ateraldiarekin, baina neskatoak erakutsitako ardura eta maitasunaren ondorioz azkenik aitak txakur bat oparituko dio eta liburuari amaiera ematen dion «hau zoo bat da!» esan. Alaine Agirrek oso istorio sinplea eraiki du neskatilaren maitasunetik abiatuta, eta anekdotak, bromak, heriotzak, maitasun kontuak, abandonuak… aurkituko ditugu egunerokotasun sinple horretan, itxuraz sinplea baina landua dena; irakurketa arina bultzatzen duena baina kontu asko aipatzen dituena; amonaren heriotza, esaterako, edo animaliaren batekin oker aritzeagatik izaniko ondorio larriak. Eta agian horregatik guztiagatik, irakurlea harrapatzeko duen gaitasunagatik, istorioaren itxurazko sinpletasunagatik lortu du idazle bermeotarrak Lizardi saria ipuin honekin. Iratxe Lopez de Munain ilustratzaileak, pastel tonuak eta kolore biziak erabiliz, are ederrago egiten duen ipuin gomendagarria.