2015 UZT. 04 Aizkora Arria V.a izango da Bigarren Mailakoa irabazteko faboritoa J.L. Arria V.a izango da Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien finala irabazteko faboritoa. Saioa gaur jokatuko da, 18.00etan, Usurbilen. Jokatu diren bi kanporaketetako sei aizkolaririk onenak lehiatuko dira txapela jantzi eta datorren urtean onenekin lehiatzeko asmoz. Iazko finalarekin alderatuta, Arria V.a izango da berrikuntza, eta faltako dena, iazko txapelduna, Mugertza II.a, hori Lehen Mailan arituko baita. Beste bostak, Irazu, Eneko Otaño, Txapartegi, Mujika eta Mugertza III.a iaz ere aritu ziren Usurbilen bertan jokatu zen finalean. Lana ere berdina izango da, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako. Errezildarra da faboritoa, eta hori ez du inork zalantzan jartzen. Besteek ere gorako bidean pauso bat eman nahiko dute. Iaz Irazu geratu zen bigarren, baina Eneko Otaño gazteak ere oso gertu izan zuen postu hori. Denen ametsa da maila nagusira igotzea, eta gehienak ere jadanik arituta daude, baina gaurkoan batek lortuko du. Arriak urte asko eman ditu lehiaketatik at, baina aurrena apustuetara itzuli ostean aurten txapelketetan ere hasi da. Aurrena Urrezko Aizkoran, eta orain Gipuzkoako Txapelketan ere ari da, gora igotzeko asmoarekin.