2015 UZT. 07 Aizkora Arria V.a ate handienetik itzuli da txapelketetara Errezildarrak aise irabazi zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako finala, eta maila nagusira igo da. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Arria V.ak irabazi zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako finala, eta datorren urtean maila nagusian arituko da. Txapelketetara ate handitik itzuli da errezildarra. Sekulako jendetza batu zen Usurbilgo plazara finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Arriak hasieratik hartu zuen aurre, eta ez zuen barkatu. Enborretik enborrera zuloa egiten joan zen, eta lan erdietarako ikusia zegoen txapela zeinek eramango zuen. Faborito garbia zen, eta besteak baino puntutxo bat gorago ikusi zen Usurbilen. Hortik aurrera, eta gainerako postuetarako, borroka handia izan zen. Bigarren posturako ikaragarrizko lehia izan zuten Irazuk eta Mujikak, eta azkeneko kolpera arte ez zen ezer erabaki. Azkenean segundo bateko tartea kendu zion Irazuk Mujikari, eta beretzat izan zen bigarren postua. Laugarren posturako ere sekulako borroka izan zuten gainerako hiru aizkolariek, Eneko Otañok, Aratz Mugertzak eta Luix Txapartegik, alegia. Laugarrena, edo agian azkena ez geratzea, hori zen hiruren helburua, eta lehia ikaragarria izan zuten. Azkenean Beizamakoak, finaleko gazteenak, eskuratu zuen laugarren postua, baina azkena geratu zen Txapartegiri bederatzi segundo bakarrik kendu zizkion. Tartean, hiru segundora sartu zen Mugertza III.a Orokorrean finala oso polita izan zen. Agian lehen posturako emozioa falta izan zen, baina gainerako postu guztietarako lehia handia izan zen. Datu bitxi bat ere izan zen, izan ere, finaleko sei aizkolarietatik hiru Urola Bailarakoak ziren. Arria V.a, Errezilgoa, Eneko Otaño, Beizamakoa eta Luix Txapartegi, Aizarnakoa. Amaieran, 13 minutu eta 45 segundo behar izan zituen Arria V.ak lan guztiak burutzeko. Bigarren postua Jon Irazurentzat izan zen, eta berak 15 minutu eta 8 segundo behar izan zituen. 15 minutu eta 9 segundo izan zen Mujikaren denbora, 16 minutu eta 53 segundo Eneko Otañorena, 16 minutu eta 56 segundo Mugertza III.arena, eta 17 minutu eta 2 segundo Luix Txapartegirena. Giza-proba Itziarko Andutz taldeak irabazi zuen Gipuzkoako giza-proba Ligako hirugarren jardunaldia, eta amaitzeko saio bat besterik falta ez denean, txapela lortzeko urrats garrantzitsua egin zuen. 40 plaza eta 5,86 metro egin zituen talde itziartarrak. Bigarren postuan Mendaroko Tope Natxiok taldea sailkatu zen, eta euren marka 39 plazakoa izan zen. Berrobi sailkatu zen hirugarren postuan, eta 38 plaza, zinta bat eta 0,72 metro egin zituen Tolosaldeko taldeak. Azkena, etxeko taldea, Debako Tarinak geratu zen, eta 38 plaza eta 1,80 metro egin zituen, nahiz eta saio ona egin. Trontzalariek emango diote hasiera Iruñeko jaiak atzo hasi ziren, baina herri-kirol jaialdiak bihar hasiko dira, eta egunero izango dira saioak Foruen Plazan, 12.00etan hasita. Bertan Nafarroako Txapelketa ugari izango dira, eta hasteko, gainera, indartsu abiatuko dira, Nafarroako maila nagusiko trontzalarien bi finalak jokatuko baitira, mutilena eta neskena. Mutiletan, Barberena anaiak, Kañamares III.a eta Eugi, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a, Pikabea anaiak, Urrutia eta Saldias eta Berruezo eta Oteiza izango dira lanean arituko diren bikoteak. Bakoitzak hamalau epai eman beharko dizkio kana-erdiko enbor etzanari, eta beste lau zutik jarritakoari. Barberena anaiak eta Eugi eta Kañamares dira irabazteko faboritoak. Nesketan, berriz, Sorondo eta Garcia, Nuñez eta Lopez, Ontsalo eta Sousa eta Iraizoz ahizpak izango dira lanean arituko diren bikoteak. Bakoitzak, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio. J.L. UROLA Gipuzkoako Bigarren Mailako finalean aritu ziren sei aizkolarietatik hiru, Urola Bailarakoak ziren. Errezilek, Beizamak eta Aizarnak ordezkari bana izan zuten, hangoak baitira Arria, Eneko Otaño eta Txapartegi.