2015 UZT. 11 JO PUNTUA Txuri-gorriz Ortzaizeko zubian Floren Aoiz @elomendia Halaxe zegoen, argazkiak dena esaten digularik. Txuriz eta gorriz, sanferminetarako jantziaz, ukabila gora eta irria ezpainetan zuela. Grazi Etxebehere atxilotua sanferminetan… beste lagun batzuk polizia frantsesen eskuetan; zaila da hau guzia irenstea besta egun hauen pozaren erdian. Are zailagoa, hain bereziak diren aldaketa eta ilusioaren sanfermin hauetan. Grazi hainbesteko gogoaz bizitzen ari zen sanfermin hauetan, hots. Kasik denetarik ezagutu dugu errepresioak hainbeste jo duen herri honetan, baina polizien harresira joan, eta komunikabideen aitzin Grazik egin zuen aldarrikapena egitea, hori –oker ez baldin banago– gauza berria da. Grazi bat behar genuen halakoak ikusteko, eta Grazi bezalakoak egiten dituen herrikoak gara gu! Grazik berak dioenez, katuek ez dute zakurrik egiten. Hainbeste urtetan zehar gure herriaren sua itzali nahian ibili diren horiek ez dute oporrik hartzeko asmorik. Askatasuna, justizia eta bakea herriaren lorpenak izanen dira, edo ez dira inoiz iritsiko. Gauzak horrela, Graziren aldarrikapena bakearen apologia gordin eta hunkigarria bilakatu da. Bai, ziklo armatuaren itxiera herritarron eskuetan dago, kontua ez baita erakunde jakin batek zer egiten duen bere buruarekin, euskal herritarrok gure etorkizunaren giltza eskuratzea baizik. Graziren urratsa berria eta berritzailea da, maila batean bederen, baina, nola jardun, bestela, espainiar eta frantziar estatuek ETAri behin eta berriro ezetz esaten diotelarik, armak emateko eskaintzaren harira. Bagenekien, baina Grazik Ortzaizetik oroitarazi digu noiz eta 2015eko sanfermin berezi hauetan: aldaketak ez dira zerutik eroriko. Arraroa da hitz hauek idaztea Grazirekin partekatu behar genuen hamaiketakora noalarik, baina sumatzen dut gure kantuen oihartzuna iritsiko dela polizia etxeetara ere. Odolaren mintzoa da, Xalbadorrek zioenez, eta askok Graziri esker ezagutu dugu. Aske bizi nahi duen herri baten mintzoa, finean. Gauzak horrela, Graziren aldarrikapena bakearen apologia gordin eta hunkigarria bilakatu da. Bai, ziklo armatuaren itxiera herritarron eskuetan dago