2015 UZT. 13 Bodyboard APB itzulia 2015:Lavernhe garaile lehen proban Brasilgo Itacoatiara hondartzan izan da APB bodyboard itzuliko lehen proba. Lavernhek irabazi zuen munduko txapelketa, eta junior kategorian, berriz, Tanner Mc Daniel gazteak eskuratu zuen txapela. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Goi mailako bodyboard sasoia Brasilen hasi da, eta sasoi betean hasi da gainera; izan ere, lehen mailako zirkuituko lehen txapelketan sekulako itsaskia eta olatuak izan dira. Olatu bikainak Itacoatiaran Hiru eta lau metroko olatu borobil eta indartsuak izan ziren joan den astean Itacoatiaran (Brasil), lehiakideek menderatzeko zinez zailak, baina munduko bodyboard zale onenak zergatik diren frogatu zuten parte hartzaileek. Lau egunez aritu ostean, pasa den asteartean Brasilen amaitu zen munduko bodyboard txapelketan sekulako olatuak izan ziren beraz, nahiz eta azken egunean, finalak egiteko orduan, olatuen tamainak apur bat behera egin zuen. Hala eta guztiz ere olatu ederrak izan ziren. Finalean ere baldintza onak izan ziren, erreka haizeak olatuak garbi orrazten baitzituen, eta ondorioz, olatuek forma oso polita hartzen zuten. Txapelketak iraun zuen artean maila altua erakutsi zuten lehiakide guztiek. Lehiakideek erakutsitako abilezia eta olatuen izaera bortitza zirela medio, sekulako ikuskizuna izan zen Itacoatiarako hondartzan. Alex Uranga Txandaz txanda lehiakide batzuek aurrera egin eta beste batzuk kanporatuak izan ziren. Alex Uranga zumaiarra, esaterako, indartsu ari zen lehian, baina ezin izan zuen zazpigarren errondara pasa eta seigarren txandara arte bildutako puntuekin geratu zen. Horrela, gaur egun hamazazpigarren postuan dago APBko ranking orokorrean. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da zirkuitua hasi besterik ez dela egin eta, beraz, Urangak oraindik ere emaitza onak lortzeko aukera ugari dauzka. Lavernhe garaile Antonio Cardoso portugaldarra, Kalani Lattanzi eta Uri Valadao brasildarrak eta Amaury Lavernhe Reunion uharteetako bodyboard zalea izan ziren finalerdietara iritsi ziren lehiakideak. Lehen txandan, Lavernhek brasilgo jarraitzaileen lehiakide kuttuna kaleratu eta finalerako pasea eskuratu zuen. Bestalde, Uri Valadao 2008. urteko munduko txapelduna izan zen Cardoso garaitu eta finalera iritsi zena. Finalean, lehia gogorra izan zen, batez ere lehen minutuetan, baina Lavernhek aurre hartzea lortu zuen eta Valadaok ez zuen behar adinako olatua hartzea lortu. Gauzak honela, aurtengo APB itzuliko lehen proba Lavernhek irabazi zuen. Hona hemen Lavernhek txapela jaso ostean oholtza gainean esan zuena: «Harro nago Itacoatiara Pro txapelketa ospetsua irabazi dudalako, noski, oso gustura nago. Mila esker, eman dizkidazuen bibrazio ederrengatik. Lehiakide guztiak zoriondu nahi ditut eta batez ere azken txandetan aritu direnak. Sekulakoa izan da zuekin lehiatu ahal izatea. Maite dut Brasil». Lavernhe munduko txapelduna izan zen 2010. urtean eta 2013an, berriz, bigarren postuan geratu zen rankingean. Reunion uharteetako bodyboard zalea lehen postuan da ranking orokorrean garaipen honen ostean. Junior kategoria Pro Junior kategorian Tanner Mc Daniel eta Matheus Bastos izan ziren finalean. Gaztetxoen kategoria berria da. Lehen ez zen halakorik, eta etorkizunera begira bodyboard zaleen maila indartzeko asmotan jarri dute martxan junior zirkuitua. Tanner Mc Daniel hamasei urteko hawaiiarrak olatu handi eta indartsuetan ez dela kikiltzen erakutsi zuen, eta ez hori bakarrik, ariketa zailak burutzeko gai dela ere frogatu zuen. Matheus Bastos brasildarra ere gogor aritu zen lehian, hondartzan jarraitzaileen babesa ere izan zuen, baina ez zuen hawaiiarra mendean hartzea lortu, eta horrela, Junior kategoriako munduko lehen txapelketa Tanner Mc Daniel gazteak irabazi zuen. Brasildik Txilera APB zirkuituko lehen proba amaituta, Txileko olatuei begira daude munduko bodyboard zale onenak. Izan ere, uztailaren 17 eta 26a bitartean Arica Chilean Chalenge txapelketa izango da Aricako kostaldean. Bigarren proba honetan, mutilen open eta junior kategoriekin batera, neskak ere arituko dira lehian Txileko olatuetan. ITSASKIA APB zirkuituko lehen txapelketan sekulako itsaskia izan zen. Hiru metroko olatu borobil eta indartsuak. Lehiakideek munduko bodyboard zale onenak zergatik diren frogatu behar izan zuten. AMAURY LAVERNHEFinalean, lehia oso gogorra izan zen, baina Amaury Lavernehek aurrea hartzea lortu zuen eta berak irabazi zuen aurtengo APB itzuliko lehen proba.