2015 UZT. 13 Aizkora Rekondok eta Saralegik azkenera arte sufritu dute Leitzako bikoteak borroka handia izan zuen Donato Larretxearekin eta Ander Erasunekin. Azkenean, 22 segundoko aldea baino ez zen izan bien artean. Jon LEUNDA Jon Rekondok eta Ruben Saralegik irabazi zuten atzo Iruñeko Foruen plazan jokatu zen Nafarroako Binakako Txapelketa. Saio bikaina izan zen, eta emozioa ere soberan izan zuen, amaieran 22 segundoko aldea besterik ez baitzen izan aurreneko bi bikoteen artean. Urtero bezala, hiru bikote lehiatu ziren finalean, eta bakoitzak sei enbor kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Saioa hasieratik izan zen estua, hiru bikoteak parean aritu baitziren. Lanak aurreratuta zeudenean, Nazabal eta Kañamares atzera geratzen hasi ziren, eta txapela lortzeko aukerak ihes egin zien. Beste bi bikoteak berean jarraitu zuten, eta ia azkeneko kolpeetara arte ez zen ezer erabaki, lehia handia izan baitzuten. Behin Jon Rekondok eta Ruben Saralegik euren lana amaitutakoan, Donato Larretxeak eta Ander Erasunek erritmoa moteldu zuten. 22 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Saralegik euren lan guztiak amaitzeko, eta 22 segundo gehiago, berriz, Donato Larretxeak eta Erasunek. 24 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Kañamares III.ak. Nafarroako Txapelketen barruan, gaur Hirugarren Mailako kanporaketa jokatuko da Foruen plazan, 12.00etan. Etxeberria II.a, Kañamares IV.a, Pikabea, Garcia, Gogortza, Uria, Agirre eta Telletxea lehiatuko dira. Kañamares VI.a ere aritzekoa zen, baina min hartu du eta ez da jardungo. Bakoitzak bi kana-erdiko ebaki beharko ditu. Jaialdia osatzeko, Kañamares I.a eta Kañamares II.a arituko dira arpanarekin eta aitzurrarekin. Biharko, berriz, Nafarroako mutilen txinga lehiaketa geratuko da, eta horrekin bukatuko dira aurtengo jaialdiak. Beruezo, Petriarena, Gamio, Urrutia, Fernandez eta Lesaka arituko dira. Kirolari bakoitzak 50 kiloko txingak erabiliko ditu.